«Tokiora joateko aukerak oso txikiak dira, baina prest egon behar dut»

Imanol Garcia Landa 2021ko api. 27a, 11:59

Iraitz Arrospide atletak gutxieneko marka du Olinpiar Jokoetara joateko maratoian, baina lesio bat tarteko, ez diote Espainiako federaziotik deitu proba batzuetarako.

Bi hilabete baino gehiago geldirik egon behar izan du Iraitz Arrospidek (Amasa-Villabona, 1988) lesio batengatik, eta horrek Tokioko Olinpiar Jokoetara joateko aukerak gutxitu dizkio.

Lesio batetik atera berri zara. Zer gertatu zitzaizun?

Bi hilabete eta erdi egon behar izan dut korrika egin gabe. Azken maratoiaren prestaketatik dator lesioa. Molestia batzuk izan nituen, baina saiatu nintzen prestaketekin jarraitzen eta horrek ondoren arazoak ekarri zizkidan. Batez ere, ezker hankan, gerrialdean, ziztada batzuk ematen zizkidan, eta okerrera egin zuen. Azken unean korrika egitea ezinezkoa zitzaidan.

Valentziako maratoiaren inguruan, beraz.

Bai, abenduan egin nuen maratoi hori, eta molestia batzuekin banenbilen. Maratoiaren ondorenean okerrago jartzen hasi zitzaidan, eta korrika egitea ere eragotzi zidan.

Ordutik ez duzu beste probarik egin, beraz.

Ez, ez dut probarik egin. Maratoiaren ondoren entrenamenduak-eta egiten hasi nintzen, eta orduan geratu beharra izan nuen. Duela hilabete inguru hasi nintzen berriro ere korrika egiten.

Eta min guztiak joan al dira?

Bai, orain gustura nabil. Momentu batzuetan oso arduratuta egon nintzen. Fisioterapeutarekin ibili naiz, eta ez zuten minaren jatorria aurkitzen. Agian baliteke nerbioren bat zapaldua izatea, eta ez zen oso begi bistakoa bilatu eta tratatzeko. Azkenean atsedenarekin moldatu behar izan dugu. Une batzuetan zalantzak nituen ea mina joango ote zitzaidan, baina badirudi atsedenarekin eta zonalde hori indartzeko lan bereziarekin joan dela mina. Berriz entrenatzen ari naiz, eta gustu handiz, minak joan zaizkidalako behintzat.

Eta nola eraman duzu bi hilabete baino gehiago korrika egin gabe egotea?

Ez da erraza. Horrelako zerbait pasa dudan lehenengo aldia izan da. Azken urteetan molestia batzuk izan ditut, baina hiruzpalau egunez gelditu eta nahikoa izan da. Zortez ez naiz guztiz geldirik egon tarte horretan, eliptikarekin aritu ahal izan dut, korrika egitearen inpaktu hori ez zegoelako. Gauzak ulertzen saiatu naiz, normala dela atleta bati horrelakoak gertatzea, eta nire momentu honetan tokatu zait.

Tokioko Olinpiar Jokoetara joateko, marka hobea lortzeko udaberrian maratoi bat egitea eragotzi dizu lesioak.

Hori da. Betidanik izan da zaila postu bat lortzea. 2019ko abenduan lortu nuen gutxieneko denbora maratoian parte hartzeko, eta gaur egun ere aukerak ematen dizkit. Baina bai orduan, eta baita 2020an zehar ere, banekien oso zaila izango zela. Hala ere, aurreko urtean prestaketa horretan jarraitu nuen, Valentziako maratoian nire marka hobetu eta aukerak areagotzen saiatuz. Hura gaizki atera zen, eta azkeneko aukera orain udaberrian saiatzea zen. Lesio honek hori ere eragotzi dit, baina kontuan hartuta nire aukera oso urria zela. Beraz, onartu eta orain aurrera begira jartzea tokatzen da: lesiotik irtetea, minik gabe korrika egin eta pixkana sasoian jartzea, eta ikusiko dugu zer helburutara begira jartzen garen aurtengo urteari dagokionez.

Tokiora joateko aukeraketa noiz eta nola egingo da?

Hiru plaza daude Espainiako selekzioarekin joateko. Horietatik bi aurreizendatuta daude, baina ez du esan nahi horiek joango direnik. Lehentasun bat dute, baina erakutsi behar dute sasoi puntu onean daudela. Hirugarren plaza hautatzailearen esku dago. Orain proba batzuk antolatu dira aste hauetan, eta horietarako ez naute deitu. Nire aukerak oso txikiak dira, baina prest egon behar dut, aurrera begira nire beharra badute proba horietako baterako.

Epe bat izango da aukeraketa egiteko.

Bai, baina Olinpiar Jokoetatik nahiko gertu izango litzateke. Abuztuan badira, uztaila hasierara arte ez da taldea zehaztuta egongo. Azken hilabeteetan gauza asko gertatzen dira, eta azkenean erabaki hauek ahalik eta beranduen hartzen dira, atleten aukeraketa ahalik eta ondoen egiteko.

Nola sentitzen zara ez zaituztelako deitu proba horietarako?

Alde batetik, penarekin. Gutxieneko hori lortua izateak, aukera hori ematen zidan, behintzat proba horietan parte hartzeko. Bestalde, uste dut bederatzi atleta gaudela gutxieneko denborarekin, eta hiru postu besterik ez daude. Beraz, federaziotik erabaki dute guztiak ez eramatea. Uste dut bi geratu garela kanpoan. Ulertzekoa da, agian gehiegizkoa delako bederatzi atleta eramatea. Nik erakutsi diet, beraiekin hitz eginez, prest nagoela edozein unetan nire beharra baldin badute, eta ahal dudan ondoen prestatuta egongo naizela.

Azkenean Tokiora joateko aukerarik ez baduzu, zer helburu jarriko duzu denboraldi honetarako?

Oraindik guztiz definitzeko dugu, baina urte bukaera aldera 50 kilometroko Munduko Txapelketa dugu; iaz ez zen antolatu, eta 2019an irabaztea lortu nuen. Orain aukera dut bertara joan eta berriro irabazten edo postu on bat lortzen saiatzeko. Baliteke urteko helburu nagusia horretara bideratzea, baina ikusi egin beharko dugu zer gertatzen den hurrengo hilabeteetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!