«Denbora honetan gure arimak batera daude»

Leyre Carrasco 2021ko api. 16a, 07:59
Etxekalteko Unai Irisarri eta Habiko Jon Ander Artola. L. CARRASCO

Villabonako Habi taldeak eta Bermeoko Etxekaltek elkarlanean egindako Arimak denboran proiektua kaleratu berri dute.

Bikote bat izatetik, seikote bat izatera igaro dira Yeray Gascon eta Jon Ander Artola, Habi taldeko kideak. Hain zuzen, Unai Irisarri, Jonan Juarez, Iker Etxebarria eta Iñaki Olondo, Etxekalteko kideak batu zaizkie taldera. Garagardo artean hasi den lana, memorian iltzatuta geratzeko asmoa dute guztiek. Dagoeneko hasi dute bidea, eta lehen geldialdia izango da Villabonako Gurea antzokia, gaur, 19:00etan. Elkarlanean sorturiko proiektu honen nondik norakoak kontatu dituzte Artolak eta Irisarrik.

Noiz eta nola batu ziren Habi eta Etxekalteko bideak?

Jon Ander Artola: Sare sozialen bidez bakoitzak bestearen musika entzun ohi izan du, eta bestearena asko gustatzen zitzaigun. Pasa den urtean, kasualitatez, kontzertua izan genuen Durangoko Azokan; Ahotsenean, hain zuzen. Etxekaltekoak standean zeuden.

Unai Irisarri: Hori da, Durangoko Azokan elkar ezagutu genuen eta hortik aurrera oso erlazio ona izan dugu. Habi taldea Bermeora etortzen hasi zen, Urgatz, Bermeoko beste talde batekin oso erlazio ona zutelako. Orduan, gure arteko erlazioa sendotzen hasi zen kolaborazioen bidez. Hau da, nik Habiren kontzertu batean abestu izan dut eta Yerayk [Gascon] gure kontzertuan.

Egun batean, bi taldeen artean abesti bat egitea pentsatu genuen, eta gure lokalera etorri ziren, Bermeora. Bakoitzak ideia bat ekarri zuen etxetik, eta horiek elkartuz sortu zen Denboran abestia; bai musikalki, baita letra ere.

Garagardo artean sortutako elkarlana dela diozue. Nola gauzatu zenuten proiektua aurrera eramateko ideia?

J.A.A.: Habi bigarren diskoarekin hasi zenean, Elkar diskoetxearekin kontratu moduko bat egin genuen. Victor Sanchez, Elkar argitaletxeko soinu teknikariak Etxekaltekokin batera zerbait ari ginela egiten ikusi zuen, eta Etxekalte entzun zuenean pila bat gustatu zitzaion. Beraz, berak ere proiektu honetan parte hartu nahi zuela adierazi zigun. Hasiera batean gure ideia guretzat izango zen kanta bat grabatzea izan zen, eta aurrerago ikusiko genuke zer egin. Estudioan grabatzeko aukera oso polita izan zitekeela ere aurreikusi genuen, horrek profesionaltasuna ematen baitzigun.

U.I.: Bigarren abestiarena Elkarren ideia izan zen. Denboran grabatu ostean, Jituk, Elkarren musika mundua eramaten duenak, beste kanta bat grabatzeko proposamena egin zigun baina beste formatu batean. Ideia asko gustatu zitzaigun, eta baiezkoa esan genuen. Beraz, bigarren kanta ez zen bestea bezain natural atera.

Jon Ander Artola: «Elkar enpresak gure proiektuaren parte izan nahi duela esatea izugarria da» 

Batzuk bermeotarrak eta beste batzuk billabonatarrak. Distantziari dagokionez, zaila izan da lana aurrera eramatea?

U.I.: Nahiko zaila izan zen guztiok elkartzea.

J.A.A.: Gu Bermeora joan ginenean bazegoen mugitzerik, baina horren ostera ez. Abestia sortu eta grabatu egin nahi genuen, baina ezin genuen elkartu. Orduan, Etxekaltekoek beren kontura sortzen zutena bidali egiten ziguten, eta guk berdin. Eromena izan zen, hori ez baitzen lan egiteko modu aproposa izan. Azkenean, Elkarrek mugikortasun-baimena egitea lortu zuen bi taldeak estudiora etortzeko. Etorri bezain pronto, egun batetik bestera sortu genuen bigarren abestia.

Eta estiloari dagokionez?

U.I.: Konposizio unea apurtxo bat zaila izan zen. Izan ere, bakoitzak ekarri genituen ideiak ez ziren oso argiak izan, eta horrek arazoak sortu zituen. Gainera, abestia sortu eta hori grabatzeko data bat zegoen.

J.A.A.: Hori guztia egiteko egun bat duzula dakizunean, eta arratsaldea izanda, oraindik ezer ere ez duzunean, sortzen da tentsio hori. Oso erlazio ona dugu gure artean, eta oso ondo funtzionatu dugu elkarlanean; baina kontuan izan behar da, sei buru garela eta bakoitzak bere iritzia duela.

Habiren kasuan, agian, gehiago antzeman da aldaketa hori; izan ere, bi izatetik sei izatera pasa zarete. Nola banatu dituzue zereginak?

J.A.A.: Habiko kantak sortzen ditugunean, Yerayk abestia gutxi gorabehera egituratuta ekartzen du; bai gitarraren aldetik, baita melodiaren aldetik ere. Gero, lokalean ematen diogu forma. Kasu honetan antzeko zerbait egin dugu.

U.I.: Etxekalteren kasuan ere berdin. Nik normalean melodia duten ideia batzuk ekartzen ditut, eta hortik hasten da kanta osatzen. Hemen ere berdina izan zen.

J.A.A.: Musika eta letrak modu horretan sortu ziren. Gainera, letra estudioko sofan idatzi genuen. Zati bat eginda zegoen, baina forma hemen eman genion.

U.I.: Hori da, letra Bermeon egiten hasi ginen Iker eta biok. Grabatzera etorri ginenean hemengo sofa hauetan bukatu genuen.

Unai Irisarri: «Bi kanta sortzeko nahikoa iskanbila sortu dugu; baina inork ez daki etorkizunean zer gertatuko den» 

Apirilaren 12an, 'Arimak Denboran' izenarekin kaleratu zenuten lana. Nondik dator izena?

U.I.: Nik kanta bat konposatzen dudan momentuan kantagatik sentitzen dudana botatzen dut. Arimak hitza da, denboraren hitza. Horrela irten zen. Pentsatu genuen ideia ona izan litekeela elkarlanarekin batera lotzea, hau da, lagunen arteko elkarlan bat da eta arimaren beste aldera ordena ere aldatu zaigu. Hau ere bat dator egun bizitzen ari garen egoera honekin. Pentsatu genuen hitz potenteak izango zirela arimak eta denboran. Gero bi taldeen izenak elkartzea ere pentsatu genuen, eta izenburu hori ematea lanari. Abestiekin berdin, baten amaiera abestiaren hasiera izango zen. Horri zentzua emanez, hitz-joko bat egitea pentsatu genuen.

J.A.A.: Hori ere portadako diseinuan erabili dugu. Azkenean, arimak gu izango bagina bezala islatzen du; gure barrukoa izango balitz bezala, alegia. Denboran berriz, gaur hemen gaudela esan nahi du. Denbora honetan gure arimak batera daude, eta hori islatu nahi izan dugu.

Soinu indartsua duten bi musika talde zarete. Lan honetan hori ere azpimarratu duzue?

U.I.: Gitarraren soinu gogorrak eta potenteak beti daude presente; bai Etxekalten, baita Habin ere. Hori mantendu dugu, baita zati lasaiak ere. Bi taldeetan dinamismo asko dago, eta hori bere horretan utzi dugu.

Zer entzungo dugu lan berri honetan?

J.A.A.: Etxekalte eta Habi. Batak bestea errespetatu du. Egia da, kaña asko daukaten abestiak direla. Egurra dago, baino oso melodikoa da baita ere. Bi errepika oso alaiak geratu zaizkigu, dantzatzeko modukoak, alegia.

Lehen bideoklipa ere kaleratu duzue; hain zuzen, 'Arimak' kantuaren bideoklipa. Orain arte ikusitakoarekin alderatuta, oso desberdina.

U.I.: Oso profesionala da. Jende pila bat egon da horren atzean lanean. Iñigo Iriondo Gatom, gure soinu teknikaria izan da guztia burutu duena.

J.A.A.: Gainera, bideoklipak berak istorio bat kontatzen du. Alba Lozano izan da zuzendaria. Berak eraiki du istorioa eta emaitza oso borobila geratu zaio.

Elkar argitaletxea proiektu honen parte izan nahi zuela ere aipatu duzue.

J.A.A.: Guretzat hori izugarria izan da. Guk musika gustatzen zaigulako egiten dugu, inongo presiorik gabe. Gure asmoa ez da honetaz bizitzea, baina Elkar bai bizi dela honetaz. Elkar bezalako enpresa batek gure proiektuaren parte izan nahi duela esatea, izugarria da. Horregatik, proiektu polita eta kalitatezkoa egiten saiatu gara. Hortaz aparte, Victor Elkarren parte izanik ere, laguna da. Hori dela eta, gure proiektuan egotea ezinbestekoa zen, baita Jitu eta Gatom ere.

Villabonan eskainiko duzue birako lehen kontzertua, eta bertan sakonago ezagutu ahalko da lan hau. Zerbait berezia duzue prestatuta?

U.I.: Amaiera epikoa izango da.

J.A.A.: Nik uste dut planteatu dugun bezala, nahiko sorpresa izan dela. Azkenean, bi talde izango gara, baina bat izan nahi dugu. Bakoitzak bere kantak joko ditu, eta bi kanta berri hauek jotzea izango da amaierako asmoa. Nik uste dut oso polita izango dela.

U.I.: Berezia izango da, denak batera egongo garelako agertokian. Hala ere, bakoitzaren funtzioa zertxobait desberdina izango da.

J.A.A.: Hori da, bateriaren kasuan adibidez, Ikerrek Arimak kantan joko du, eta nik berriz, Denboran. Sortzeko garaian ere lehenengo denboran sortu genuen. Modu horretan, ni jotzen nengoen bitartean, Iker zenbait aholku eman zizkidan, zer hobetu nezakeen eta zer ez, eta alderantziz. Batak abesti bat jo eta besteak beste bat jo arren, bata besteari laguntzen eta aholkatzen egon gara.

Nola planteatu duzue bira?

U.I.: Momentuz, bost data dauzkagu, eta seigarrena konfirmatzeko dago oraindik, Bermeokoa.

J.A.: Kontzientek gara egun kontzertuak lortzea oso zaila dala. Bi abestiak grabatu ostean, Elkarrek bi taldeak batera bira bat egin behar genuela planteatu zigun. Oso pozik gaude momentuz lortu dugunagatik: apirilean bi dauzkagu, maiatzean hiru eta ekainean, segur aski, beste bat aterako da.

U.I.: Gauden egoeran egonda, ezin dugu gehiago eskatu.

Momentuz bi kanta soilik dituzue. Etorkizunari begira, proiektua handitzeko asmoa duzue?

U.I.: Bi kanta sortzeko nahikoa iskanbila sortu dugu, baina oraindik inork ez daki zer gertatuko den etorkizunean. Gu eta Habi lagunak gara, eta lasai asko sortu genezake beste proiektu bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!