Ikerketa beka deitu dute bigarrengoz

Ataria 2021eko apirilaren 14a

Kilometroak kultur elkarteak eta Mintzola ahozko lantegiak deitu dute beka, bigarrengo urtez, eta aurten Goierriko ahozko ondarearen inguruko ikerketa lanetarako baliatuko da. Ekainaren 30era arte bidali ahal izango dira proiektuak.

Pello Mari Otaño Ikerketa Bekak abiatu zuen bideari jarraipena emango zaio 2021ean. Kilometroak kultur elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak ikerketa beka deitu dute berriro, "aurreko esperientzia ona errepikatzeko asmoz"; aurtengoan, Kilometroak antolatzeko ardura hartu duten Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito ikastolen babesarekin. Hiru ikastolak Goierriko eskualdean daude kokatuta, eta hango ahozko ondarea ikertzea helburu duten proiektuetarako da beka. Ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak eta uztailean jakinaraziko da nor den sariduna; 3.000 euroko diru saria esleituko dute..

"Kilometroak euskalgintzako eta kulturako, hau da, herrigintzako gainontzeko eragileekin batera egikaritu behar zela" garbi ikusi zutela azaldu zuen Kilometroak kultur elkarteko lehendakari den Nekane Artolak, iazko ikerketa deialdi proiektu sariduna aurkezteko ekitaldian. Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkarguneak prestatutako Aiztondoren zirtotsa proiektuak eskuratu zuen saria orduan. Elkarlan proposamena pozik hartu zuten Mintzolan, eta hala adierazi zuen agerraldi hartan Mintzolako ahotsa izan zen Miren Artetxek: "Gure aldetik, eskerrik asko erakunde guztioi eta, batez ere, ikertzaileoi egitasmo interesgarri eta iradokitzaile honengatik. Kilometroekin abiatutako lankidetza honek aurrerantzean ere bide-orri gehiago marraztea nahiko genuke".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!