Egoera zaurgarrienean dauden sektoreak lagunduko ditu udalak

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 7a, 07:59

Amasa-Villabonako Udalak urtarrileko osoko bilkuran onartu zuen 6,8 milioi euroko aurrekontua; Kopuru horren %9,4a inbertsio berrietara bideratuko dute

Urtarrileko osoko bilkuran onartu zuen Amasa-Villabonako Udalak 2021. urterako aurrekontua. «Ezohiko» aurrekontua dela esan du Beatriz Unzue alkateak, «COVID-19aren osasun krisiak berekin dakartzan krisi ekonomiko eta sozialari herriko erakunde publiko gisa behar bezala erantzuteko tresna gisa ulertzen dugu». Politika «aktibo eta eraginkorrak» garatzeko, 6.859.326 euroko aurrekontua izango dute aurten.

Gipuzkoako Foru Aldundiko foru funtsaren beherakadak aurrekontuan eraginik izan ez dezan, udalak 575.000 euroko mailegu eskatzea aurreikusi du aurten. «Udalaren zor publikoaren egoera osasuntsua da eta mailegu honek ez du etorkizuneko aurrekontuen egonkortasuna baldintzatuko. Gainera, momentu honetan, gastu maila mantendu eta murrizketak egin beharra saihesteko balioko digu maileguak», esan du alkateak.

Amasa-Villabonako Udalak bere baliabide eta tresna guztiak bideratu nahi ditu herritarren ongizatea bermatzera eta herriko jarduera ekonomikoa laguntzera. «Testuinguru honetan inoiz baino gehiago pertsonak erdigunean jarri nahi ditugu, krisi honek ez ditzan areagotu egoera zaurgarrienean daudenen pobrezia egoera eta bazterketa arriskua». Alkateak nabarmendu du, Gizarte Zerbitzuen sailaren aurrekontua %7,6 igoko dutela aurten eta laguntza lerro bereziak sortuko dituztela COVID-19ak eragindako krisi ekonomiko eta soziala arintzeko: «Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako dirua %32 igo dugu eta ezohiko laguntza lerro berri bat sortu dugu merkatari, ostalari eta herritarren beharrizanak bermatu ahal izateko».

Unzueren iritzian, osasun krisiak gogorren kolpatu duen sektoreetako bat da kulturarena eta horregatik erabaki dute aurten arlo horretan gehiago inbertitzea. Sailaren aurrekontua %7,4 igo da eta ohiko kultur jardueretara bideratutako aurrekontuak %10eko igoera izango du. «Iaz udako hilabeteetako asteburuetan kultur ekitaldiak antolatu genituen eta herritarrek ondo erantzun zuten. Aurten, bide horretan sakondu nahi genuke. Bestalde, festa batzordeak Santio jairik ez dela izango iragarri duenez, uztaileko azken aste horretarako ohikoa baino ekitaldi gehiago antolatzeko aukera aztertuko dugu», aurreratu du alkateak.

Ingurumen sailean aurten izango den hazkundea «azpimarragarria» izango dela esan du Unzuek. %15,5eko igoera izango du atal honek, eta besteak beste, errekak garbitzeko eta Amasamendiko basoetan zuhaitz aldaketak egiteko baliatuko dute dirua. Dena den, Ingurumen sailean izan den aurrekontu igoerak, hondakinen kudeaketaren garestitzeari erantzuten diola nabarmen du du alkateak: «Asko garestitu da hondakinen bilketa eta tratamenduarengatik udalak ordaindu beharrekoa. Azkeneko hilabeteetan birziklapen tasan beherapena ikusten da eta kezkatuta gaudenez neurriak hartzen hasiak gara. Sentsibilizatzeaz gainera, hondakinen kontrol zorrotzagoa egiten ari gara».

EGITASMO BERRIAK

Udalak 646.588 euro erabiliko ditu aurten inbertsioak egiteko eta ahalegin berezia egingo du Hirigintza Plan Orokorra desblokeatu eta martxan jartzeko. 50.000 euro bideratuko ditu horretara: «2009. urtekoa da plana eta etxebizitzak egiteko aurreikusitako zenbait gunek ez dute Konfederazio Hidrografikoaren baimena. Ordutik hona, ordea, egoera aldatu egin da eta egokitzapenak eginda argi berdea eman nahi genieke gune horiei. Dozena bat partzela dira, gutxi gora behera, geldirik daudenak».

Hirigintzan bestelako inbertsioak ere egingo ditu udalak 2021ean. Une honetan Larrea auzoko asfaltatze lanak egiten ari dira eta Amasako oinezko bidea egokitzeko 10.000 euro aurreikusi dituzte. Komun publiko berria ere erosiko dute eta horretarako 40.000 euroko inbertsioa egingo du udalak. Berez garbitzen den komuna udaletxe aldamenean jarriko dute.

Energia plana martxan du Amasa-Villabonako Udalak eta aurtengo aurrekontuan 50.000 euro erabiliko dituzte, besteak beste, herriko argiteria LED sistemara egokitzen jarraitzeko. Etxeondo, Larrea eta Aldapetako bidean jarriko dituzte farola berriak. Horrekin batera, udal eraikinen eraginkortasun energetikoa aztertzeko auditoria bat jarriko da martxan. «Eraikin horietako batzuetan eguzki plakak jartzeko aukera aztertuko dugu, burujabetza energetikoaren bidean aurrera pausoak emateko».

Olaederra kiroldegiko teilatua izan daiteke horretarako toki aproposa alkatearen hitzetan, baina horretarako aurrez egokitu egin beharko da sabaia. 164.000 euroko atal bat zabaldu dute aurrekontuan lan horiek egiteko: «Ia 20 urte ditu kiroldegiak eta teilatua konpondu beharra dago. Ura sartzen da eraikin barrura eta kantxa ere hondatuta dago. Inbertsio handia eskatzen digu eta Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza eskatuko diogu, lehenbailehen egoerari konponbidea ematea baita gure nahia».

Inbertsio hauekin batera, iaz pandemiagatik etenda geratu zen prozesu parte hartzailea berreskuratuko du udalak. Herritarrek erabakitako proiektuak gauzatzeko konpromisoa hartuko dute udal ordezkariek: «Iazko aurrekontuaren likidazioa egin ondoren, gerakinean dagoen diruaren zati bat, 400.000 euro, herritarren eskura jarriko ditugu. Espero dugu laster prozesua martxan jarri eta herritarrei hitza eman ahal izatea».

GAKOAK

Gizarte zerbitzuak. 2019tik sail honetako aurrekontua %39a igo da. Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako dirua, adibidez, %32 igoko dute aurten.

Kultura. Aurten %7,4an igo da kultura sailaren aurrekontua. Ohiko kultura ekintzetara bideratutako aurrekontuak %10eko igoera izango du.

Ingurumena. %15,5 igo dute sail honetako aurrekontua. Partida berriak sortu dituzte errekak garbitzeko, Amasamendiko mantenu lanak egiteko eta baso landaketetarako. Hondakinen kudeaketaren garestitzeak eragina izan du igoeran.

Energia plana. Argiteria aldaketarekin jarraituko dute eta eraikin publikoetan eraginkortasun energetikoa aztertuko dute, 50.000 euro erabilita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!