89 udalerri izango ditu laster Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Amasa-Villabonako Udalak ere mankomunitatean sartzea erabaki baitu. Maiatzaren 29an izango da Uemaren batzarra, eta orduan gauzatuko da izendapena. Euskara zinegotzia da Xabat Laborde EH Bildukoa (Villabona-Amasa, 1984), eta, haren ustez, herria berreuskalduntzen jarraitzeko politika “eraginkorragoak” egiten lagunduko die Uemako kide izateak.
Asteartean egindako osoko bilkuran onartu zenuten Ueman sartzeko eskaera egitea. Nondik nora etorri da erabaki hori?
Herri euskaldunagoei bideratutako politikak eta planak martxan jartzeko helburua dugu, eta iruditzen zitzaigun tokatzen zaigula Uemako kide izatea. Kide izateko, Uemak jartzen duen baldintza da herritarren %70etik gora euskaldunak izatea, eta hori ere betetzen dugu. Berez, iazko azaroan ginen sartzekoak, baina hilabete batzuk atzeratzea erabaki genuen, COVID-19agatik beste lehentasun batzuk zeudelako orduan, eta gai honi duen garrantzia eman nahi geniolako.
EAJko bost zinegotziak abstenitu egin ziren astearteko bozketan, eta PSE-EEkoak aurka bozkatu zuen. Zer iruditu zaizue?
Saiatu gara kontsentsua lortzen. Benetan adostasun zabala behar lukeen urratsa da, eta tristea da, baina ezin izan dugu lortu. Egoera ez da guk nahiko genukeena. Aurreko agintaldian ere [EAJk izan zuen alkatetza], oposiziotik, eskatu genuen Ueman sartzea, baina ez zegoen haren lehentasunen artean. 2015eko udal hauteskundeetan jada aipatu genuen gure helburua hori zela, eta 2019ko hauteskunde programan ere jaso genuen puntu hori.
Elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitzaren webugnean.