Kronika

Nola epaitu erasotzailea?

Jon Miranda Labaien 2021ko mar. 26a, 18:50

Lurgatz talde feministak ‘Espetxeak apurtu! Eta bortxatzaileak...’ izenburupean mahai ingurua antolatu zuen joan den astean Villabonako Gurea aretoan.

Espetxe sistemaren kontrako jarrera nagusitu zen Lurgatz talde feministak urrian antolatutako lehen mahai inguruan. Aurreko asteazkenean, Villabonako Gurea zineman antolatutako solasaldian iritzi hori berretsi zuten hizlariek. Horietako batek, Garbiñe Biurrun magistratu eta Demokraziarako Epaileak taldeko kideak esan zuen Espainiako Konstituzioak espetxe sistemari ezartzen dizkion egitekoak, heztea eta birgizarteratzea, ez direla bermatzen; errealitatea eta legediaren arteko «haustura» aipatu eta galdera sorta planteatu zuen: «Estatua bada nor presoa hezteko? Zein oinarri behar du heziketa horrek? Birgizarteratu daiteke pertsona bat askatasunik gabe?».

Antzeko iritzia plazaratu zuen Salhaketa Nafarroa elkarteko kide Libertad Francesek. Antipunitibistatzat jo zuen bere burua eta kartzelen abolizioa eskatu zuen: «Eskubideak bortxatzen diren toki bat da, pertsonen duintasuna erasotzen da. Nola gizarteratu nahi dituzte presoak, gizartetik aparteko leku batean utzita?». Francesek nabarmendu zuen egungo zigor kodea urteetan gogortzen joan dela eta kartzela zigorra dela «izarra» ezarritako kondenen artean.

«Prozesu judiziala mingarria egiten zaio erasoa jasan duenari, haren eskubideak ez dira bermatzen» LARRAITZ UGARTE ZUBIZARRETA

Gertutik ezagutzen du Larraitz Ugarte EH Bilduko kideak sistema judiziala eta espetxe sistema, ofizioz abokatua baita. «Desastre hutsa» dira bai bata eta bai bestea Ugarteren hitzetan. «Justizia administrazioa arkaikoa da. Formalismo handia dago, prozedurak konplikatuak dira, eta prozesua mingarria egiten zaio erasoa jasan duenari, haren eskubideak ez baitira bermatzen». Bereziki, indarkeria matxista sufritu duten emakumeen kasua aipatu zuen abokatuak eta aurreko asteko adibide bat ekarri zuen mahai gainera: «Lau aldiz kontatu behar izan du neska batek nola bortxatu duten. Badirudi, erasoa jasan duenak frogatu egin behar duela egin diotena, bere errelatoa sinesgarria egin behar duela».

Horregatik Ugartek uste du indarkeri matxista jasan duen emakumeari aurrez gainera datorkionaren inguruko informazioa eman behar zaiola bide judiziala abiatu aurretik, «birbiktimizaziorako arrisku handia baitago». Arrazoi horregatik eta egoera oso zaurgarrietan daudelako erabakitzen dute emakume askok epaitegietara ez jotzea. Francesen esanetan, genero indarkeria kasuen %8tan baino ez dira jartzen salaketak. «Uste dut justizia sistematik kanpora espazio zabala dagoela, zigorra erdigunean jarri gabe, gatazka sozial hauek konpontzeko eta eragindako minak, nolabait, sendatzeko».

«Estatua bada nor presoa hezteko? Birgizarteratu daiteke pertsona bat askatasunik gabe?» GARBIÑE BIURRUN MANZISIDOR

Kudeaketa komunitarioa

Zeregin horretan jarduten dute Joxemi Zumalabe fundazioko Ainhoa Narbaizak eta Marta Luxanek. Eraso matxistak gertatu izan direnean prozesu horiek kudeatzen lagundu izan diete herri mugimenduei. «Komunitatea inplikatu egin behar da eta konpromisoak hartu behar ditu. Prozesu hauek luzeak dira eta desgaste handia ekartzen dute. Kaka bat da baina kudeatzen asmatuz gero, agian eraikitzailea izan daiteke prozesua», esan zuen Narbaizak.

Prozesu horiek ez «erromantizatzeko» eskaera egin zuen Luxanek: «Edozein dela aukeratzen dugun bidea mina sortuko da, askotan erasoak berak sortu duena baina handiagoa, baina komunitatearen emantzipazioaz ari gara. Bortxatzaile/bortxatu dikotomiaz harago, egiturazko arazo batez ari gara, eta energia handia eskatzen du hori aldatzeak».

«Edozein dela hartzen dugun bidea, mina sortuko da, askotan erasoak sortu duena baino handiagoa» MARTA LUXAN SERRANO

Prozesu horien balioa azpimarratu zuen Ugartek, baina «kontuz»â€ˆibiltzeko eskaera ere egin zuen, «justizia sistemaren eskema bertsuak errepikatzen daitezkeelako eta askotan berme gutxiagorekin». Biurrunek, bere aldetik, justizia sistemaz haragoko bide horiek delitu guztietarako balio ote duen galdetu zuen: «Gaur egun gaizki egindako hori zigorraren bitartez ordaintzeko irizpidea gailentzen da justizian, baina zenbait kasutan egindako kaltea leuntzeko helburuarekin justizia errestauratiboa martxan jarri izan da. Biktimaren eta biktimarioen arteko elkarrizketak hainbat kasutan lagungarri izan dira minak arintzeko. Baina delitu guztietarako erabili daiteke bide hori?».

Salhaketa Nafarroako kideak gatazka sozialak konpontzeko paradigma aldaketa eskatu zuen. «Delitua ez da Zigor Kodean agertzen den zerrenda, gizartean ematen diren gatazkak baizik, oinarrian desberdintasunak daudelako sortzen diren gatazkak. Estatuari, ordea, ez zaio horiek konpontzeko kudeaketa komunitarioaren bidea esploratzea interesatzen, nahiago du kartzelak betetzen jarraitu eta sistema elikatzen segi». Sistema heteropatriarkala, besteak beste. «Justizia berez egitura patriarkala da, eta adibide bezala aipatu daiteke, Espainiako Espetxe Erakundeen menpe zeuden 69 kartzeletatik 29tan soilik zeudela erasotzaile sexualei bideratutako programak 2017an. Nik justizia feministaz hitz egitea baino nahiago dut feminismo antipunitibistaz hitz egin».

«Justizia feministaz baino nahiago dut feminismo antipunitibistaz hitz egin»  LIBERTAD FRANCES LEKUNBERRI

Bere burua antipunitibistatzat izanagatik, Ugartek uste du indarkeria matxista kasuetan parte hartzen duten aktore ezberdinengan eragin daitekeela eta mugimendu feministak emakumea laguntzeaz gainera, presioa egin behar duela erakundeetan biktima erdigunean jarri dezaten, «hasi Udaltzaingotik, Ertzaintzara pasa eta epaitegietara bitarte». Espetxeen eskuduntza eskualdatzeak aukera batzuk zabaltzen dituela uste du EH Bilduko kideak eta horregatik osatu du koalizioak eskumena kudeatzeko 100 neurriko txostena. «Euskal Herrian eredu ez zigortzaileetan sakontzeko tarte handia dagoela uste dut. Azpiegitura zaharkituak daude eta jo dezakegu beste eredu batzuetara, non espetxealdien iraupena murriztu daitekeen, erregimen irekiagoak bultzatu eta presoentzat baldintzak hobetu daitezkeen. Kontsentsu zabala lortu daiteke horretan».

Mahai ingurua amaitzeko Sastrakako Emakumeak taldearen Aurre egingo dizueten emakumeak kantuaren bertsioa eskaini zuten, "eraildako emakumeei eta biziraun dutenei".  Olaia eta Maider igo ziren oholtza gainera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!