Herriko eraikin publikoak eskaini dizkio udalak Osasun sailari

Ataria 2021eko martxoaren 25a

Besteak beste, COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainarako Olaederra kiroldegia, Amasa eta Villabonako pilotalekuak eta Gurea antzokia erabiltzeko aukera eskaini dio udalak Osasun Sailari. 

Pasa den martxoaren 13an Amasa-Villabonako udalak, gutun bat igorri zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera, COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainarako Amasa-Villabonan dauden eraikin eta espazio publikoak eskaintzeko. Horrela, udalak, bere eskuetan dituen bitarteko guztiak txertaketa kanpaina honen mesedetara jartzeko prestutasuna adierazi dio Jaurlaritzari.

Jakina denez, oraingoz sektore konkretu batzuetako profesionalak (osasun zerbitzuetakoak, irakasleak, poliziak...) eta adineko pertsonek jaso dituzte COVID-19aren kontrako txertoak, baina txertaketa kanpaina beste herritarrei zabaltzen zaienean, jende askok joan beharko du txertoa jartzera. "Pentsatzekoa da ziurrenik Osasun Etxeak txiki geratuko direla txertaketa behar bezala eta segurtasun neurri guztiekin bertan egin ahal izateko eta horregatik udalak beste eraikin batzuk eskuragarri jarri nahi izan ditu", aipatu dute udal ordezkariek..

Besteak beste, Olaederra kiroldegia, Amasa eta Villabonako pilotalekuak eta Gurea antzokia erabiltzeko aukera eskaini dio udalak Osasun Sailari. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!