Ikurrinak herritarren eskura jarriko ditu udalak, doan

Ataria 2021eko martxoaren 25a

Amasa-Villabonako Udalak dei egiten die herritarrei, Aberri egunean ikurrina etxeetako balkoietan edota leku ikusgarrietan jarri dezaten.

Amasa-Villabonako Udalak ikurrinak jarriko ditu herritarren eskura apirilaren 4an ospatuko den Aberri Egunaren harira. Nahi duenak ikurrina bat doan eskuratu ahal izango du. Horretarako Herritarren Arreta Zerbitzura gerturatu ahal izango dira 09:00etatik 14:00etara, eta bertan jaso ikurrina; Edo bestela, e-mail bidali dezakete zuretzat@villabona.eus helbidera, izen-abizenak eta helbidea zehaztuz. Egun gutxira postontzian jasoko dute ikurrina, eskaera egin duten herritarrek.

Amasa-Villabonako Udalak, pertsona guztien oinarrizko eskubideen bermean, askatasun indibidual eta kolektiboetan, berdintasunean eta elkarrenganako errespetuan oinarritzen den euskal komunitatea aldarrikatu nahi du 2021ko Aberri Egunean. "Euskal Herriak, munduko beste nazio guztiek bezala, aitortza merezi duela aldarrikatzeko eguna da. Euskal nazioa ez dugu inondik inora ikuspuntu itxi eta baztertzaile batetik aldarrikatzen. Gure herrian nazio nortasun edo identitate ezberdin ugari dituzten pertsonak bizi gara, eta guztiak dira neurri berean errespetagarriak", esan du Amasa-Villabonako Udalak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!