Amasa-Villabona Uemako kide izango da

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 24a, 07:58

Martxoaren 30eko udalbatzaren osoko bilkuran hartuko du erabakia Amasa-Villabonako Udalak.

Amasa-Villabona Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izango da. Martxoaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu eta hartuko dute erabakia hautetsiek. Batzar horretan Uemako estatutuak onartuko dira, eta mankomunitateari Amasa-Villabona mankomunitateko kide gisa onartzeko eskaera formala luzatuko zaio. "Honek guztiak, euskararen normalizazio lanean udalaren lana indartzea ekarriko du", esan dute udal ordezkariek.

Udalak erabaki garrantzitsu honen berri emateko, AMAVI udal aldizkariaren ale berezi bat argitaratu du, eta aste honetan bertan herriko etxe guztietara banatuko du. Era berean, bideo bat ere kaleratu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen nondik norakoak azalduz eta Amasa-Villabonan euskararen egoera zein den azpimarratuz.

Uemaren Batzar Nagusia Amasa-Villabonan

Batzar Nagusia da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko erabakigune nagusia, eta aurten Amasa-Villabonan izango da maiatzaren 29an, Gurea Antzokian. Besteak beste, egun horretan bertan ofizialki onartuko du Uemak Amasa-Villabona mankomunitateko 89. udalerri gisa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!