Edukiontzi egokituak jartzeko eskatu du Amasa-Villabonako PSE-EEk

Ataria 2021eko martxoaren 24a

Hurrengo osoko bilkuran egingo du eskaera PSE-EEko zinegotziak.

Hurrengo osoko bilkuran aztertzeko mozioa aurkeztu du Maria Luisa Arija PSE-EEko zinegotziak. Mugikortasun mugatua duten pertsonentzat egokitutako edukiontziak jartzea eskatzen du bertan.

Zinegotzi sozialistak aipatu duenez bizilagun guztien irisgarritasunaren alde egin behar du lan udalak eta mugikortasun mugatua duten pertsonei edo adinekoei "bizitza errazagoa" egiteko neurria izango da edukiontziak egokitzea. "Hauetako askok zailtasunak dituzte hondakinak edukiontzietan uzteko ez baitira bertara iristen, baina berdina gertatzen zaie baita ere umeei".

Mozioa onartuko balitz udalak Tolosaldeko Mankomunitateari "lehenbailehen" eskatu beharko lioke edukiontzi egokituak jartzea, Arijak aipatu duenez. Aldi berean, zinegotzi sozialistak udaleko Gizarte Zerbitzuei eskatu die azterketa egiteko, mugikortasun mugatua duten pertsonak non bizitzen diren jakiteko, "lehentasunez edukiontzi egokituak non jarri daitezkeen kontuan hartzeko".

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!