Gatazken ebazpenerako alternatiba bila ariko dira

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 23a, 15:00

Martxoaren 24ean Lurgatz talde feministak 'Espetxeak apurtu! Eta bortxatzaileak...' mahai-ingurua antolatu du. Gurea zinema aretoan izango da, 18:00etan hasita.

Lurgatz talde feministak urrian gauzatu zen Emakumea*, espetxea, zaintza mahai inguruaren jarraipen gisa solasaldia antolatu du gaur Villabonako Gurea aretoan, orduan ateratako ondorioak hausnartzen jarraitzeko helburuz.

Amasa-Villabonako talde feministaren ustez, aurreko solasaldian argi geratu zen espetxeak pertsonon eskubideak urratu egiten dituela eta duintasuna kentzen duela. «Kalean bizi dugunaren isla dira kartzelak eta matxismo hegemoniko eta erasokorra bultzatzen dute. Urrian azaleratu zen birgizarteratzea inondik inora ez dutela bideratzen  eta espetxeak irauli ezean, ez garela libre izango».

Beraz, behin espetxeak mugimendu feministan tokirik ez duela ondorioztatuta, egungo justizia sistemaren alternatibak hausnartzeko asmoa dute gaurko saioan. Gai honetan sakontzeko duten formakuntza beharretik sortu da ekimena Lurgatzeko kideek esan dutenez eta gaur Villabonan izango diren hizlariekin, egungo errealitatea aztertzetik harago, topa daitezkeen beste hainbat eredu jorratu nahi dituzte, beste hainbat txokotako esperientzien berri emanaz.

Justizia sistemaren alternatibetatik harago, mugimendu feministari indarkeria matxisten kasuetan nola erantzuten den sakontzea oso garrantzitsua iruditzen zaio talde feministari. «Kontutan hartu behar da delinkuentzia despolitizatu ohi dela eta bizi dugun sistemak erantzukizun indibidualeko ekintza gisa definitzen duela indarkeria matxista. Gure nahia ordea, komunitate mailan lan egitea da eta kolektiboki arituaz ahalduntzea», aipatu dute Lurgatzetik.

Villabonako talde feministak dio Emakumeen Mundu Martxak 2017an kaleratutako Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa duela eskuartean eta bertan erasoen aurrean erantzuteko hainbat puntu ageri direla: «Erasoen aurrean puntu gehiago hausnartzeko beharra ikusten dugu eta jasoko dugun formakuntzari ezinbestekoa deritzogu. Azken finean, aitortzari eta erreparazioari heldu ahal izateko, izan ditzakegun baliabideez informatzearen beharra ikusten dugu. Biktimari babesa zein elkartasuna emanaz berriro ez gertatzeko bermera iristea da gure nahia».

Justizia feminista baten eta errealitatearen artean alde handia dagoela uste du Lurgatzek: «Sistema heteropatriarkal, arrazista, kapitalista eta kolonial honetan sentitzen den amorruaren edo mendeku gogoaren aurrean, espetxe zigorra ezartzea da burura etorri ohi zaigu lehenengo irtenbidea. Beraz, hezurretaraino sartua dugun diskurtsoa deseraiki eta gatazken ebazpenerako beste bideak eraiki ahal izateko, ezinbestekoa zaigu hausnartzea», esan dute talde feministatik.

Gaurko solasaldian parte hartuko dute Nafarroako Salhaketa elkarteko Libertad Frances Lekunberrik; Demokraziarako Epaileak taldeko Garbiñe Biurrun Manzisidorrek; Joxemi Zumalabe fundazioko Ainhoa Narbaiza Irizarrek eta Marta Luxan Serranok; eta EH Bildu koalizioko komunikazio zuzendari Larraitz Ugarte Zubizarretak. 18:00etan izango da, Villabonako Gurea zinema aretoan. Mahai inguruan 145 pertsonentzako tokia egongo da eta gaztelaniazko itzulpen zerbitzua eskainiko da. Amasa-Villabonako Udalak Lurgatz talde feministak antolatutako solasaldia babestu du. Mahai inguruan 145 pertsonentzako tokia izango da eta gaztelaniazko itzulpen zerbitzua egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!