Amasa-Villabonako Udalak asfaltatze lanak egingo ditu Larrea auzoan

Leyre Carrasco 2021ko mar. 20a, 12:07

Obrak hiru fase ezberdin izango ditu, eta hiru aste inguruko iraupena. Guztira, 54.306,32 euroko aurrekontua izango du.

Villabonako Larrea auzoaren barrualdetik doan errepideak duen egoera “tamalgarria” dela adierazi du Amasa-Villabonako udalak: errepide bazterrak puskatuak, asfaltoan zulo handiak, marrak gaizki margotuta, espaloiak egoera txarrean, besteak beste. Ondorioz, 2020ko abenduan errepide hori konpondu, txukundu eta asfaltatzeko erabakia hartu zuen udalak eta lanak hasi aurreko prozesua (azterketa teknikoak, kontratazio espedientea...) amaituta, datorren martxoaren 22an hasiko dira obrak.

Lan hauek hiru aste inguruko iraupena izango dutela aurreikusten du udalak. Baina, eguraldiaren arabera iraupena aldatu daitekeela ere jakinarazi du. Lanen ordutegiak goizeko 8:00tatik hasita, arratsaldeko 18:00ak arte iraungo du.

Hiru fase

Lan hauek hiru fase ezberdin izango dituzte: Lehen egunetan errepide bazterreko kunetak konponduko dira, ondoren asfaltatze lanak egingo dira, eta azkenik, errepideko marra berriak margotuko dira.

Errepidea ez dela bere osotasunean asfaltatuko adierazi du udalak: “hainbat zati egoera onean daudelako eta horiek ez dutelako konponketarik behar”. Hala ere, auzoa zeharkatzen duen errepidearen bi heren konponduko dira, eremu horiek baitira egoera txarrean daudenak.

Kudeatzeko zaila den eremua

Udalak Bando berezi bat argitaratu eta itsatsiko du auzoko atari guztietan. Horrez gain, Udaltzaingoak plan berezi bat garatuko du, lanak aurrera doazen heinean, abisu eta jakinarazpen berriak egingo direlarik.

Udalak “pazientzia” eskatu nahi die auzotarrei eta momentu bakoitzean obra egingo duen enpresak eta Udaltzaingoak emango dituzten argibideak “errespetatzeko” deia egiten du: “Obra guztiek bezalaxe, honek ere eragozpenak sortuko ditu, baina amaitutakoan auzoko errepidea askoz txukunagoa geratuko da eta hori onuragarria izango da guztientzat. Udaletik obra honen bueltan sortu daitezkeen traba edo eragozpenak barkatzea eta ulerkorra izatea eskatzen dugu”.

Enpresak eta aurrekontuak

Larrea 18 eta 11B zenbakien arteko errepidearen konponketa Excavaciones EKIN S.L enpresak burutuko du, eta aurrekontua 34.669,65 eurokoa da BEZ-a barne. Oriamendi eta Larrea auzoen artean dagoen errepidearen konponketa eta Larrea 10 eta 11 zenbakien inguruan dagoen espaloi baten konponketa Asfaltos Urretxu S.A enpresak gauzatuko du, eta aurrekontua 17.087,26 eurokoa izango da BEZ-a barne. Obrak amaitu ondoren egin behar diren margoketei dagokionez, Paskin seinalizazioak S.L enpresak egingo ditu, eta honen aurrekontua 2.549,41 eurokoa izango da BEZ-a barne. Obra osoak guztira 54.306,32 euroko aurrekontua izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!