Baliabideen gida atera dute zerbitzu guztien informazioa herritarrei iristeko

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 18a, 17:00

Amasa-Villabonako Udalak gizarte zerbitzuen saileko baliabideen gida berria aurkeztu du. Amasa-Villabonan bizi diren pertsonen ongizatea "lehentasun" dutela azaldu dute, eta ahalik eta, "gizarte babes zabalena" eta "onena" eskaintzeko konpromisoa dutela: "Lehentasunezkoena pertsona guztien oinarrizko behar eta eskubideak bermatzea da".

Gizarte zerbitzuen saileko baliabideen gida berria aurkeztu du, gaur, Amasa-Villabonako Udalak. Beatriz Unzue alkateak, Xabat Laborde alkateordeak, Arantxa Lopez Gizarte Politiketako zinegotziak eta Itziar Garcia gizarte langileak 2021erako osatu duten baliabideen gidaren berri eman dute. Garrantzitsutzat dute herritarrei zerbitzu guztien berri behar bezala ematea, eta horretarako osatu dute gida. Erabilgarria izatea nahi dute, eta astelehenetik aurrera etxe guztietan banatzen hasiko dira.

COVID-19ak sortutako osasun krisiak ezarritako alarma-egoerak eta birusaren hedapena geldiarazteko indarrean jarri ziren ez ohiko neurriek eragin handia izan dutela Amasa-Villabonako herritarrengan adierazi dute: "Pertsona eta familia asko egoera zailean aurkitzen dira. Asko dira etorkizuna kolokan duten pertsonak, ABEEetan daudenak, lanean jarraituko ote duten zalantza dutenak, langabezian geratu direnak, diru sarrerarik gabe edo oso gutxirekin bizirauten ari diren autonomoak, ...".

Villabonako Udalak egoera hori kontuan hartuta, ahalik eta "gizarte babes zabalena" eta "onena" eskaintzeko konpromiso irmoa duela esan du: "Amasa-Villabonan bizi diren pertsonen ongizateaz ari gara, eta udal honentzat lehentasunen artean lehentasunezkoena, pertsona guztien oinarrizko behar eta eskubideak bermatzea da". Pertsonak erdigunean jartzen direla esatea ez dela eslogan huts bat azpimarratu dute, eta gizarte zerbitzuen saila indartzeko neurri zehatzak hartu dituztela: "Azken bi urteetan sailaren aurrekontua ia %40an igo dugu, COVID-19ak eragindako larrialdi egoerei erantzuteko laguntza lerro berriak jarri ditugu martxan, pertsonal aldetik ere saila indartu dugu eta gaur beste urrats garrantzitsu bat aurkeztera goaz".

"Argia eta ulertzeko erraza"

Udalarentzat ez da nahikoa laguntza lerroak martxan jartzea, baizik eta, ezinbestekoa da herritarrek informazioa izatea, argia izatea, ulertzeko erraza eta benetan erabilgarria izatea. "Gizarte zerbitzuetan neurri berriak hartzeak ez du ezertarako balio, herritarrak ez badira jabetzen edo horri buruzko informazioa eskuratzeko aukerarik ez bazaie eskaintzen".

Herritarren interesekoak izan daitezkeen zerbitzu, baliabide edo laguntzei buruzko informazioa bildu dute gidan; udalak eta beste erakunde publikoek kudeatzen dituzten zerbitzu edota laguntza guztiak. "Informazio hori guztia sakabanatuta egoten da, kasu askotan nahasmena sortzen da eta egoera hori hobetu nahi dugu argitaratutako gida berriarekin". Informazio baliagarria jaso dute eta erabilgarria suertatzea nahi dute: ezagutu beharreko zifrak; bete beharreko baldintza zehatzak; zerbitzu ezberdinekin harremanetan jartzeko bideak, hau da, telefono zenbakiak, bulegoen ordutegiak,...; eta azalpen labur eta argiak.

"Herritar bakoitzak duen egoeraren arabera laguntza edo zerbitzu motaren bat jasotzeko baldintzak betetzen dituen egiaztatzen laguntzeko tresna gisa ere ikusten dugu", esan dute. Pertsonek edo familia unitateek aitorturik dituzten eskubideei buruzko informazioa ere eman nahi izan dute gida berriarekin, "Kasu askotan ez baitira eskubide horiek ezagutu ere egiten".

Konplexu eta beldurrak, alde batera

Beharra duten guztiei "kalitatezko arreta" eskaini nahi diete. Eta diru sarrera eskasagatik pobrezia arrisku egoeran edo beharrizan ezberdinak izan ditzaketen herritarrei "inolako konplexurik edo beldurrik gabe", udaletxeko gizarte zerbitzuetara jotzeko eskatu diete, eta "egoeraren kudeaketa beste erakunde publiko bati badagokio ere, udaleko gizarte zerbitzuek bertara jotzeko bideak azalduko dizkiote", nabarmendu dute. 

Mezu garbia utzi nahi izan dute udal ordezkariek: "Ez geratu zalantzarekin, begiratu gauzak eta bestela etorri udaletxera eta aholkua eskatu". Laguntzeko daudela esan dute. "Ezin dugu onartu herritarrak oinarrizko beharrak ezin ase ibiltzea".

Gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri nahi duenak 943 69 21 00 telefono zenbakira deitu dezake 08:00etatik 14:00etarako ordutegian, edo mezu elektroniko bidez gizarte@villabona.eus helbidera idatzita. Nola ez, aurrez aurreko arreta ere eskaintzen dute, baina hori bai, beharrezkoa izango da aurrez ordua hartzea.

Gida webgunean ere kontsultatzeko aukera izango da. Momentuz, gida euskaraz eta gaztelaniaz zabalduko dute herri osoan, baina beste hizkuntza batzuetara itzultzeko asmoa azaldu du udalak, eta eskuragarri jarriko lituzkete villabona.eus webgunean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!