Zuhaitz landaketa auzolanean egin dute Amasamendin

Ataria 2021eko martxoaren 11

Larunbatean 65 herritar bildu ziren landaketan parte hartzera; 1.000 haritz eta 1.200 pago aldatu zituzten Onddo inguruan

Amasa-Villabonako Udaleko Ingurumen sailak auzolana antolatu zuen larunbatean, pinudia zegoen lekuan pagoak eta haritzak landatzeko. 65 herritarrek erantzun zioten deiari eta udal ordezkariek esker ona adierazi diete ekimen honetan parte hartu zuten lagunei.

Landaketa lan hauek Onddoko borda ondoko lursailetan egin ziren, bertan zegoen pinudia matarrasa bidez moztu eta orain bertako zuhaitz espezieak landatu nahi izan dituzte. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, guztira 1.000 haritz eta 1.200 pago landatu dituzte. «Modu horretan zonalde horretako berezko naturaren berreskurapena lortu nahi dugu», esan dute.

Udalak baliabide guztiak jarri ditu auzolana garatzeko, besteak beste, Onddo ingurura igotzeko autoa, tresneria eta landareak. Bertaratutakoek hamaiketako batekin amaitu zuten larunbateko auzolana.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!