M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

Emakume merkatari eta ostalariak omendu ditu Amasa-Villabonako Udalak

Ataria 2021eko martxoaren 8a

Herrian komertzio, taberna edota jatetxeren bat duten emakumeei opari bana egin die udalak; egunero egiten duten lana balioan jarri eta eskerrak eman dizkiete.

Amasa-Villabonako Udalak herriko saltoki, taberna edota jatetxeak aurrera ateratzeko egiten duten emakumeen lana balioan jarri nahi izan du. Horretarako, eguerdian omenaldi bat egin diete herriko plazan emakume merkatari eta ostalari guztiei. Oihana Iguaran bertsolariak eta Oinkari dantzat taldeko bi kidek hartu dute parte ekitaldian.

Beatriz Unzue alkateak eskerrak eman dizkie egunerokoan egiten duten lanagatik eta herriari egiten dioten ekarpenagatik: "Emakume ahaldundu, ekintzaile, ausart eta borrokalari ugari ditugu gure artean, egunero beren izerdiarekin negozioak aurrera ateratzen ari direnak. Krisi garai honetan goraipatu eta txalotzekoa da egiten ari zareten lana". Besteak beste, enplegua sortzen dutela, herriko kaleei bizitasuna ematen dietela eta bezeroei gertuko eta kalitatezko arreta eskaintzen dietela ere esan du.

Udalak haien alboan egon nahi duela gaineratu du Unzuek, "ahal duten guztietan laguntzeko". Koadro bana oparitu die emakume bakoitzari: "Koadro hauekin irudikatu nahi duguna da ez dugula onartzen emakumeak langile prekario izatera kondenatuak egon behar dugunik, eta gure kabuz negozioak aurrera ateratzeko aberastasuna sortzeko gai garela". Etorkizuneko belaunaldientzat eta herriko neska gazteentzat eredu "bikaina" direla esan die.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!