Ataria Irratiko (H)ari Naizela irratsaioaren 200. saioa modu berezi batean ospatu da. Imanol Artola Felix da saioa gidatzen duena, eta Atariako irrati estudioan grabatu beharrean, Amasa-Villabonako Gurea antzokia bilakatu zuen irratiko estudio atzo arratsaldean. Bertso saio berezi bat antolatu zuten Atariak eta Harituz Bertsozale Taldeak, eta horrela grabatu dute 200. saioa. 2016ko urtarrilaren 17an lehen emisioa egin zenetik, asteazkenero entzuteko aukera izaten da 107.6 FM frekuentzian, eta martxoaren 3an, hurrengo asteazkenean, atzoko ospakizuna entzuteko aukera izango da.
Oholtzan mahai borobil bat zegoen ertz batean, Felixentzat, eta bere parean, mahai errenka bat, bertsolarientzat. Hurrenez hurren, Oihana Iguaran, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus eseri ziren mahaiaren atzean, publikoari begira. Izan zitekeen bertso afari bateko eszena, baina ez, irrati estudioa zen. Bakoitzak bere mikrofonoa zuen aurrean, eta abestu behar zuten aldiro, argitxo gorri bat pizten zitzaien parean, online zeudela ez ahazteko.
Irratia eta, bereziki, uhinak izan ziren protagonista atzoko saioan. Gai horien bueltakoa izan zen saioa bera ere, Felix gidari zela. 200. saioari ekiteko, azken boladan galduta zuen sekzio bat berreskuratu nahi izan zuen Felixek: Sutondoko bertsoen sekzioa, hain zuzen. Eskualdeko bertsolari edo bertso zale bati bertso sorta bat egiteko eskatzen dio atal horretan, eta atzokoan Naiara Arreseigor Harituzeko kideak izan zuen sekzio hori betetzeko papera. Berez, telefono bidez egin ohi duen tartea izaten da, baina, atzo, oholtzan bertan izan zuen gonbidatua, aurrez aurre.
Arreseigorrena ez zen izan, bertsolariez gain, saioan zehar entzun zen eskualdeko ahots bakarra. Uhinen bidez hartu zuten parte, bertan izan gabe, Ataria Irratian Eleak eta Beleak antzerki irratsaioa egiten duen Idoia Gereñuk, Gaztea irratiko Dida saioko eta Atariako kolaboratzaile den Julen Telleriak eta Naiz irratiko Bigarren Kafea irratsaioko Iñigo Asensiok.
Besteren artean, saioan zehar, Julio Sotok Jakoba Errekondoren papera bete behar izan zuen, eta aldamenekoen galdera eta kezkei erantzuten aritu behar izan zuen. Arzallusek uztailean porru bat landatu zuen, eta ez du oraindik jasotzerik izan; Lujanbiok osinaren formularen inguruan galdegin zion, ilbeheran moztuz gero ez omen dela gehiago ateratzen eta depilazioarekin ere ea gauza bera gertatzen ote den jakin nahi izan zuen. Iguarani berriz, kaktusa ito, dutxan goroldioa atera eta orkidea zimeldu zaio, plastikozkoa izanda ere.
Bertso saioak telebistaz eman ahal izateko kamerariek egiten duten lanaren inguruan aritu ziren, berriz, Arzallus eta Soto. Gaia kokatzeko, (H)ari naizela irratsaioan Luis Gurrutxaga Hitzetik Hortzerako kameralari irurarrari egindako elkarrizketa zati bat entzun ahal izan zen, bera ere kamera atzean oholtzan zela. Publikoari begira izaten da gehienetan kamera bat, eta bertsoaldiek jendartean sortzen dituzten erreakzioak grabatzen dituzte. Horrela aritu zen atzo ere Gurrutxaga.
Irratsaioko gidari paperean ere joan ziren bertsoaldi bat baino gehiago. Batetik, Arzallus irratiko esatari zela, bere irratsaioko lehiaketetara, saria edozer zela ere, behin baino gehiagotan deitzen zuen beti pertsona berak: Lujanbiok. Eta bestetik, Iguaran kultur programa baten gidaria izan zen, eta Arzallus, berriz, futbol esataria. Ostiraleroko Iguaranen irratsaioa geroz eta lehenago amaitzera behartzen dute futbolari lekua egiteko. Hika-mika horretan murgildu ziren.
Umoretik joan zen saioa, giro apalean. Felixen gidaritzapean, punta-puntako bertsolariek (H)ari naizela saioari ere utzi diote bere aletxoa. Gidaritza horrekin jarrai dezala Felixek ere beste denbora askoan uhinetan, Ataria irratian.
Esker onak
(H)ari naizela irratsaioa, Ataria Irratiaren, Harituz Tolosaldeko bertsozaleen topagunearen eta Xenpelar dokumentazio zentroaren hitzarmen baten fruitu da eta bertso saio berezia ere elkarlan horretatik sortutako ekimena izan da. Atariatik eskerrak eman nahi zaizkio Amasa-Villabonako udalari ere saio hau antolatzeko emandako laguntzagatik.