(Besteren) beharrak

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2021ko ots. 27a, 07:58

Beharrak irakasten omen du. Arazoa da, besteen beharrekiko entzungor bizi garela. Besteren zapatetan jartzea eskatzen zaigu, baina nahiago izaten dugu oin-hutsik geratu; batez ere, beste horren zapatak ezerosoak badira. Badira, ordea, erantzi ezin diren ezerosotasunak.

Atariako saioan kantatu zigun Labakak «Zein den hiritar eta zein ez den / esaten du hirigintzak». Ba ni, hirigintza bazenik ere ahaztuta nenbilen, gurpildun orgatxoari bultzaka hasi arte. Pentsa ze pribilegio den, koskarik badenik ere ez ohartzea. Bat-batean, gainditu beharreko oztopoz betea ageri zaizu egunero oinez ohartu ere egin gabe pasatzen zenuen kalea: han espaloia zuhaitz sustraiek lehertua dago, hemen aldapatxo leungarririk gabe ageri da koska, edo espaloiaren gainean utzitako kotxeak errepidetik joatera behartzen nau. Bat-batean, gurpildun aulkian dabiltzanez edo bizi direnez gogoratzen zara. Sekulako enpatia sentitzen duzu. Eta zer egiten duzu horren aurrean? Dagokion udalera joan eta espaloia konpontzeko eskaera erregistratu? Koskak aldapa bilakatzeko kanpaina bat abiatu? Espaloiaren erdian kotxea utzi duenari kargu hartu? Ez. Hasten zara orgatxoa etxean utzi eta haurra motxilan eramaten, oztopoak saltoz pasa ahal izateko.

Ba ni, hirigintza bazenik ere ahaztuta nenbilen, gurpildun orgatxoari bultzaka hasi arte. Pentsa ze pribilegio den, koskarik badenik ere ez ohartzea.

Beharrak erakusten digunean ere, ihes egiten diogu sarri. Eta alternatiba hautatu ahal izatea ere bada pribilegio. Askori gertatu zaigu, beharra dugun unean bizitzako gauza sinpleek batzuentzat dakarten zailtasunaz ohartzea: dela hanka hautsi dugulako, edo ebakuntza batengatik ordu gutxi batzuk begiak estalita igaro behar ditugulako. Eta pentsatzen dugu nola arraio moldatzen den gidatu ezin duen jendea, eta garraio publikoa ze gaizki prestatua dagoen itsuentzat, esate baterako. Tarte horretan ikasia erraz ahazten zaigu ordea, beharra desagertzen zaigun unean. Gu ez garelako besteak.

Azken asteotan bedaiotarrek eskatu digute enpatia ariketa: bizi mugikor, internet eta telefonorik gabe. Ulertzen dugu zer esan nahi duten, atzo etxera bidean bateria gabe geratu eta gaizki pasatu zenuen azken mezuak erantzun ezinik; eta wifi sarea erori zen azken aldian zure onetik atera zinen. Baina Whatsapp-ez bideoa zabaldu duzu, zer gehiago egin behar duzu?

Beharrak irakasten omen digu. Arazoa da, besteen beharrak ezbehar bezala ikusten ditugula; edo okerrago, halabeharrez direla sinesten dugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!