Oposizioarekiko "errespetu falta" egotzi dio PSE-EEk udal gobernuari

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 22a, 16:04

Bilkuren deialdiak adostutako antolaketa irizpideen arabera egiteko exijitu dio EH Bilduren udal gobernuari, Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak.

Amasa-Villabonako Udaleko talde sozialistaren bozeramale Maria Luisa Arijak  oposizioarekiko "errespetu falta" egotzi dio EH Bilduren udal gobernuari, "ez dituelako tokiko gobernu batzorde, osoko bilkura eta batzordeen deialdiak 2019an egindako antolaketari buruzko osoko bilkuran erabakitako irizpideen arabera egiten". Arijak baieztatu du jarrera hau ez dela "kasualitatea", eta jokabide horrekin ez zaiola oposizioari bere lana egin eta udal gobernuaren jarduna fiskalizatzen uzten.

PSE-EEko zinegotziaren ohar batean esan duenez, "Beatriz Unzue alkateak organo horien deialdia ez egitea erabaki du jorratzeko gairik ez dagoenaren aitzakia jarrita, baina arautegiak argi adierazten du nahitaezkoa dela bilkura hauek deitzea, nahiz eta ez egon gairik aurreikusita". Arijak gaineratu du, oposizioaren jarduna "mugatuta" geratzen dela, "gainerako alderdiok ezin diogulako udal gobernuari informazioa eskatu edo ezin diogulako galderarik egin". Herritarrek deialdi irekietara gerturatzeko aukera ere mugatzen duela uste du bozeramale sozialistak, "parte hartzeko edo informatzeko duten aukera murriztuz".

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz iazko urtean aurrez-aurreko parte hartzea eta parte hartze telematikoa txandakatu dira osoko bilkuretan. "Ulertzen dugu jarduteko era hori eta baita momentu batean deialdiak mugatu izana arriskuak gutxitzeko, baina horrek ezin du aitzakia izan EH Bilduk bilkurak dei ez ditzan eta udalean egiten den jardueraren berri eman ez dezan".

Arautegia errespetatu eta udalbatzak modu eraginkorrean funtzionatzeko talde politiko guztiek adostutako arautegia betetzeko eskatu dio Arijak EH Bilduren udal gobernuari. "Ezin da demokrata izan soilik aldi baterako", esan du PSE-EEko zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!