ELKARRIZKETA

«Jendea dantzarako prest egotea asko eskertzen da»

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2021ko ots. 21a, 07:58

Leturia etxe aurrean liburuarekin eta panderoarekin. J. SAIZAR

Xabier Berasaluze (Villabona, 1954) bigarren abizenagatik, amarena, da ezagunagoa kultur munduan: Leturia. Musikaria da, batez ere panderoa jotzen aritu da azken berrogeitaka urtetan. Duela gutxi Tarrapatan liburua idatzi du, panderoa astebetean ikasteko metodoa, bizipen ugarirekin zipriztindua. Bere musika ibilbide luzeari errepasoa egiteko elkarrizketatu du Atariak. Irribarrea ezpainetan duela, noski.

Astebetean ikasi al du inork panderoa jotzen? 

Bai, batzuk bai, behintzat minimo bat ikasi dute. Lehen zerbait bazekien jendeak batez ere. Ez dauka misterio handirik. Atabalaren teknika erabili dut metodoan: behatz lodia baketa bat da eta beste behatzak beste baketa. Kolpe horiek ondo ikasiz gero, nahikoa da. Ematen du erraza dela, baina berea dauka, beste guztiak bezala. Jakin behar da non sartu eta nola, trikitilari taldean instrumentu bakoitzak bere protagonismoa dauka une batean. Eta irrintziak eta ahotsak ere berdin, neurtuta joan behar dute. Atseden tarteak ere eskertzen dira, gero indar handiagoarekin sartzeko. 

Ikasteko metodoa baino gusturago irakurri ditut zure ibileretako pasadizoak.

Bai, horrela pentsatuta sartu nituen, irakurlea ere ingurukoa izango zela jakinda. Pasarte barregarri ugari daude. Gainera hizkera arrunta da eta hikaz kontatuta. Horretarako bi panderori izena jarri diet, Kattun eta Xarpa, nesken eta mutilen hitanoa erabili ahal izateko. 

Zergatik hasi zinen panderoa jotzen? 

Hiru urterekin hasi nintzen musika ikasten Villabonan. Oso gogorra zen. Aitak bonbardinoa jotzen zuen Villabonako bandan eta Tolosako Veleta txarangan ere jo zuen inauterietan. Gaztetan lehendabizi trikitiarekin hasi nintzen, Eleuterio Tapiarekin ikasten. Atabala, gitarra eta pianoa ere jo nuen. Soldaduska bukatu nuenean denboraldi baterako atzerrira alde egitea pentsatu nuen, artzain edo abentura bila. Bilboko kontsulatura joan ginen informatzera eta handik ateratakoan El Corte inglesen sartu, panderoa ikusi eta erosi egin nuen. Nire kasa hasi nintzen ikasten, inork ez zuelako erakusten. Eleuterio desesperatua zegoen pandero jotzailerik ez zegoelako, itxuraz jo eta kantatzen zuena. Ikasten hasita nengoela esan nion eta berarekin jotzeko esan zidan. Gainera Kutxan oposizioa atera nuen eta hemen gelditu nintzen, lanean eta panderoa jotzen. Eta ahal nuenean mendira edo kanpora bidaiatzera joaten. 

Klaserik eman al duzu inoiz?

Ez, klaserik ez dut eman, ez dut pazientziarik. Dakien jendearekin aritu naiz bakarrik, pixka bat hobetzen laguntzeko. Orain Euskal Herrian 3.000 lagun baino gehiago ari dira trikitia eta panderoa ikasten. Denentzat ez dago lanik, beraientzat ari direla ikasten esaten diet. Ez pentsatzeko hortik biziko direnik. Guk zortea izan genuen, oso gutxi zirelako gure garaian: 1978-80 inguruan Gipuzkoa inguruan hamalau trikitilari bakarrik izango ginen. Eleuteriok atera zituen horiek eta gero Martinek bere eskola jarri zuenean gehiago, jende pila. 

120 panderoko bilduma du, hemengoak eta atzerrikoak (Galiza, Egipto, Japonia, Maroko…). J. S.

Zein ziren Tolosaldean?

Eleuterio Tapia Asteasukoa, Martin Larraulgoa… Behin omenaldia egin genien gure aurretik ibilitako Tolosaldeko bosti: Tolosako Antxon de Pedro, Hernialdeko Praskixio Odriozola, Villabonako Felix Amenabar, Luis Erauskin eta Segundo Etxeberria. Aurreko urtean Alegiako Juan Orbegozori ere bai. Akordeoilariak bai, mordoa zegoen (Jose Tarragona, Isidro Larrañaga, Kaxiano)… baina gero hauen beherakada izan zen, trikitia igoz. Soinu handia orkestina edo jazpana bezala aritzen zen. Kaxiano eta Axariak bere taldea izango zen azkenetakoa. Orduan hasi ziren Egan eta horrelako berbena taldeak. Horiek ere lan handia egin zuten. Lehengoan esan zuen Xabier Saldiasek telebistan beraiena ez zela afizioa, lanbidea baizik.

«Euskal Herrian 3.000 lagun ari dira trikitia eta  panderoa ikasten. Denentzat ez dago lanik»

Nola izan zen trikitiaren igoera?

Trikitia menditik herrietara jaistea lortu genuen. Eta hori hainbat faktorek eragin zuten: trikitilari onak egin ziren, txapelketak hasi ziren 1975etik aurrera, komunikabideek zabaltzen lagundu zuten... Lehendabizi herriz herri eta baserrietan ibiliz hasi nintzen, baina 80tik aurrera Tapiarekin kalean gehiago ibiltzen ginen. Beste modu batera. Gutxi ginen gainera. Leku guztietan trikitilari berdinak ginen: Laja, Martin, Kepa Junkera eta gu. Herri askotan segidan edo txandaka aritzen ginen. Denak harrapatzen genituen eta urte osoan zehar gainera: erromeriak, ezkontzak, Santa Ageda, inauteriak, despedidak... 

Nola iritsi zen panderoa Euskal Herrira?

Trenbidea eraiki zuten langileek ekarri zuten eta itsasotik ere iritsi zen. Trikitia eta akordeoia bezala. Eta batez ere herri txikietan eta baserri giroan zabaldu zen, gutxiago herri handietan. Trikitiari laguntzen hasi zen eta kantua garrantzia hartzen joan zen. Hasieran emakumean ziren pandero jotzaileak: Bizkaian Maurizia Aldeiturriaga, Araotzeko Primi Erostarbe… Trikitiari infernuko hauspoa deitzen bazioten apaizek, panderoari deabruaren koroia esaten zioten. Hurrengo pausoa perkusio mundura sartzea izan behar du, talde desberdin askorekin batera erabiltzen delako. 

Garai batean elkarri piezak kopiatzen ibiltzen zinetela kontatzen duzu liburuan.

Bai, partiturarik ez zen izaten eta lehendabizi nonbaiten entzundakoa buruan gogoratzen saiatzen ginen, gero etxean paperean jartzeko. Grabagailuak sortu zirenean, erraztu egin zen. Erromerietara joan eta ezkutuan grabatzen genituen abestiak. Musika klasikotik ere atera izan ditugu. Eta atzerrian asko ibili garenez, handik ere ekarri izan ditugu. Zer egin zuen bada Iparragirrek bere garaian? Orain beste modu batera zabaltzen dira doinuak. 

Dena den, liburu honetan Joseba Tapiarekin hasi artekoak kontatzen dituzu. Eta berarekin ibili zara gehien musika munduan.

Bai, lehendik ezagutzen nuen Eleuterioren iloba zelako, baina behin Belauntzan pandero jotzailerik gabe gelditu zen Eganen berbena tarte batean jotzeko eta laguntzeko eskatu zidan. 1984an izan zen. Ondo moldatu ginen hasieratik, bi ahotsetara kantatuz, eta horrela ibili gara urte askotan. Mila eta bostehun emanaldi ditut apuntatuta: non, norekin, anekdotak, zenbat kobratu genuen… Urte batzuetan 120 emanaldi izatera iritsi ginen, batez ere udan. Badaukat materiala beste liburu baterako. 

Tapiarekin batera musika estilo desberdin asko landu dituzue.

Bakarka, erromeria, tex-mex, rock, atzera berriz trikitia klasikoa… Estilo asko probatu ditugu eta jendeak ez du ulertu beti. Tapia eta Leturia band eta Ero diskoak adibidez, oso zirikatzaileak ziren, olerkari batzuei letrak enkargatuta apaizak, komunikabideak, politikariak kritikatzeko. Jendea harritu egin zen, kritika ugari izan genuen, baina emanaldietan ez genuen sekula hainbeste jende izan. Giroa baretzeko, 1998an bi disko bikoitz egin genituen, betiko ehun doinu baino gehiagorekin. Gero kanpoko eraginak jasotzen hasi ginen, Quebec-ekoak adibidez. Eta ikuslegoari dantzan erakusten zien dantzari batekin hasi ginen. Aurrerago Josebak bere kasa beste disko batzuk atera zituen. Ondoren talde handiagoa osatzea pentsatu zuen eta aukera izan nuen, baina hor ez sartzea erabaki nuen.  

«Batez ere herri  txikietan eta  baserri giroan  zabaldu zen  panderoa,  gutxiago herri handietan»

Azkenaldian bata eta bestearekin zabiltza.

Korrontzi taldeak jakin zuenean libre nengoela deitu egin zidan eta haiekin nabil dezente. Enrike Solinis gitarra jotzaileak musika barrokoa egiten du, musikari herrikoi bat behar zuen eta harekin ere banabil. Et Incarnatus orkestrarekin ere bai, besteak beste. Jostailuak izan ditut bi horiek, beste bidea ireki zidatelako. 

Zenbat disko dituzu argitaratuak?

Denera disko mordoa. Tapiarekin hamahiru bat, tartean Amerikan pare bat. Baina parte hartu dut 130 bat diskotan. Joxe Mari Goikoetxea zena Elkarren buru zebilen eta pandero bat behar zuenean niri deitzen zidan. Horrela aritu naiz grabatzen batekin eta bestekin, azken hogei urte hauetako euskal abeslari eta talde gehienekin. 

Gutxik izango dute disko kopuru hori. 

Joseba Tapiak bakarrik izango ditu gehiago. 

Zer moduz dago orain diskogintza?

80tik hona gauza asko egin dira, baina gutxiena orain ari dira egiten. Sortzailerik ez dago eta kaskarkeria nagusitu da azken urteotan. Talde gehiegi dago, baina kalitate kontrolik ez, etxean grabatzen direlako diskoak. Eta gaur egungo aurkezpen txartel bezala balio dute bakarrik. Ez dira saltzen.

«Musika eta  festa behar da,  premiazkoa da. Ez dakigu  zer ondorio  ekarriko duen egoera honek»

Euskal Herrian zehar hainbeste ibilita, soziologorik onenak zuek zarete.

Bai, bertsolari eta herri kirolariekin batera. Askotan gainera elkarrekin ibiltzen ginen, hemen eta atzerrian. Oso aberasgarria da jende horrekin ibiltzea. 

Zein da erosoen ibili zareten ingurunea?

Euskal giroko tokietan, batez ere Gipuzkoan, Bizkaian gutxiago, Nafarroako leku batzuetan, Iparraldean... 

Erromeria bera egiten al zenuten leku guztietan? 

Ez, leku bakoitzak bere kultura dauka, eta asko daude euskal kulturaren barnean, hizkerak bezalaxe. Deskubritzen joan behar da. Segituan ikusten dugu aurrean zein jende dagoen. Oso errepertorio zabala behar da. Dantzari trebeak baldin badaude, dantzarako piezak jotzen ditugu, Hernion edo Aristerrazun adibidez. Hori da guretzat errazena. Leku horietan jendea trikitiaren atzetik ibili da betidanik. Bizkaian fandangoa mantsoago jo behar da eta balsak eta pasodobleak gustuko dituzte, Zeanuri edo Bolibarren, adibidez. Nafarroako zenbait lekutan, Leitzan, Elizondon edo Irurtzunen adibidez, etxean bezala geunden. Iparraldean zerbait aldatzen da, kontrapasak eta gehiago sartu behar dira. 

Joseba Tapiarekin aritu da urte luzez. ATARIA

Lana eta parranda nola uztartu behar dira? 

Jendea nekatu edo mozkorrarazi behar da, baina zu ez. Janarekin batera zerbait edan dezakezu, baina hortik aparte ura edaten genuen. Hurrengo egunean beste saio bat genuelako. Eta goizean lanera joan behar nuen. Eskola zaharrekoek ere gutxi edaten zuten. Arrisku handia dago bestela. 

Zein duzu jotzeko lekurik gustukoena? 

Erromeria gehienak galdu dira, urtean hiru edo lau bakarrik egiten ditugu. Horietako bat Iturriozeko bentan izaten da San Joan egunean. Egun osokoa da: goizean prozesioa (lehen trikitilaria joaten zen aurretik), eguerdian txanda egin bertsolariei, bazkaria, arratsaldean berriz eta gauean berandu arte trikitiarekin. 80 urtetik aurrera egiten dugu Tapia eta biok. Jendez beteta egoten da, batez ere ingurukoak, baina urrutiko folk adituak ere aurkitu izan ditugu. Duela 40 urte bezala aritzen gara: Egurrean! Aranon ere egun-pasa polita egiten genuen. Jendea dantzarako prest egoten zen eta hori asko eskertzen da. 

Orain Korrontzirekin ibiltzen da asko. ATARIA

Nola izan da erromerien galera?

Egoera oso desberdina. Modaren gorabeherak izango dira. 1988tik aurrera kotxeak ugaritu egin ziren eta asko aldatu zen dena. Lehen baino gauza gehiago entzuten ditu jendeak, baita musikari amerikanoak, ingelesak… Gazte jendea ez dugu engantxatu. Orain ligoteoa tabernan egiten da, edo interneten. 

Pandemia egoera ez da musikarako onena.

Edukierak murriztuta daude antzokietan eta jai guztiak bertan behera gelditu dira. Talde batzuek utzi egin beharko dute. Hala ere Korrontzi taldearekin dezente ari gara ibiltzen. Musika eta festa behar da, premiazkoa da. Jendeak ateratzeko ohitura galduta, eutsiko al dio gero? Ez dakigu zer ondorio ekarriko duen honek. 

Bukatzeko, zer eman dizu panderoak? 

Nire bizitzako gauza politenak, hoberenak, tartean nire emaztea, panderoaren bidez ezagutu bainuen. Zenbait mundu ezagutzea, musikari onak, jende jatorrarekin ibiltzea. Beti aukeratu izan dugu jende jatorra taldeetan, musikari ona izateari baino garrantzi handiagoa eman diogu. Mundu bat irekita izan dut beti panderoaren bidez. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!