Oroituz birbizi eta hausnartuz ikasi

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Sorondo 2021ko ots. 21a, 19:58

Neguko egun motz eta hotzak hausnarketa egiteko aproposak suertatzen dira presaren eta produkzioaren barruan bizi ez garenontzat, batik bat.

Bestalde, ezarri dizkiguten mugikortasun neurriek, gure gogoa eta ametsak ere mugatzen dituztenak, oroitzapenen saskian eskua sartzera bultzatu naute eta bertatik hainbat altxor eta oroimen zein bizipen grafiko ateraz, nostalgia alboratu eta birbizitzeko aukera topatu dut. Muga hertsietatik, mugarik gabeko naturaren eta mendiaren gune zabaletan nire itolarria lehuntzeko modua aurkitu dut. Oroitzapen saskian topatu ditut urteetan zehar nire mendi jardueran sentitutako emozio estetikoak, mugarik gabeko eremuetan gora eta beherako ibilian dastatutako espazio irekien gozamena eta bertan inurri moduan sentitutako sentsazioa. Hango eta hemengo bideak eta paisaiak irakurtzeko gaitasunaren balioa (milaka argazki barne). Zentzumenen bitartez ere, mendia ezagutu, ulertu, sentitu, maitatu eta zaindu izana sentitu dut. Lagunartearen une gozoak, konpartitzearen balioa (ez soilik kantinplora edota jana); nekea, beldurra, esperientzia…

Hau guztia, gertuko eta urrutiko parajeetan, mendian gora, bailaran behera, oinez eta presarik gabe egindako jarduerak utzitako altxorra da.

Inoiz mendiaren ahotsa entzun duenak ezin izango du sekula ahaztu», dio tibetar atsotitz batek. Baina mendiaren ahotsak «Ez!» esaten duenean ere, entzuten jakin behar da.

Hausnartzen hasita berriz, iruditzen zait presan, abiadan eta indibidualismoan (sistema kapitalistaren ezaugarriak) oinarritzen dela mendi jarduera berria. Presa, abiadura, desafioa, norgehiagoka… dira gaurko balore nagusiak. Mendia ere kapitalismoak bere baloreak transmititzeko uhala bihurtu du. Emozioak kontsumitutako kaloriei, bihotz taupaden erritmoari, pausoen neurriari, mugimenduan igarotako segundoen kronometratzeari begira jarrita, errekorra helburu eta ezaguna izateko nahiarekin. Ez al da itogarria? Izango da noski! Besteak beste, gainditze pertsonala lantzen duten kirolarien gozamena, ahalduntzearen desafioa, natura sentitu, gozatu eta besteekin konpartitzeko aukera bilatzen dutenen saiakera, balore kontsumistatik at behar duelako.

Nire hausnarketa beste eremura eramanez, Himalaiara hain zuzen, negu bizian lehiatzen ari den erronka gogorra, beldurgarria, mediatikoa eta eztabaidagarrian, lorpenak eta heriotzak barne kontutan hartuta, esango nuke baloreak eta kontra-baloreak eta bizi filosofia agerian geratu direla. Mendiak erakarri, deitu egiten du bai. «Inoiz mendiaren ahotsa entzun duenak ezin izango du sekula ahaztu», dio tibetar atsotitz batek. Baina mendiaren ahotsak «Ez!» esaten duenean ere, entzuten jakin behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!