GOGO ETA GORPUTZAK

Hautua

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Apalantza 2021ko ots. 15a, 09:58

NAIARA SARASKETA

Hitz egiten dugu aukerez, bizitza ez dela zuri edo beltz. Badirela bai gris ugari eta baikorrago jarrita kolore eder eta askotarikoak. Baina bizitza etengabeko bidegurutze bat da, ezker edo eskuin, aurrera edo atzera, arre edo so.

Hitz egiten dugu enpatiaz, tolerantziaz, errespetuaz eta epaigabetasunaz. Baina bizitza etengabe da apatia, tolerantzia eza, errespetu falta eta epaia, etengabeko epaia.

Nire aurrean 30 urteren langa pasa berri duen emakume gaztea, goi-mailako ikasketekin, burujabe, aske. Hasi gara historiala betetzen, osasun-arloko datuak idazten ari naiz hitz egiten ari den bitartean eta iritsi gara hilerokoaz hitz egitera, iritsi gara haurdunaldiaz hitz egitera. «Haur bat dut, beno baina, ez da lehen haurdunaldia. Galdu nuen bat, beno, nire erabakiz eten nuen haurdunaldi hura, ez zen guretzat momentu egokia, eske…».

Eten diot hitz jarioa, ez dit azalpenik zor. Bere begiak erreparatu ditut, maskararekin oraindik deigarriago nabari zaio justifikatu beharra duela esaten duen begirada sakona. Eta hitz egiteko gogoa duela sumatu dut, agian beharra, eta eman diot bide. Bigarren haurdunaldia baino hilabete batzuk lehenago izan zen, harreman egonkor bat du, gustura sentitzen ziren elkarrekin, ama izateko gogoa piztua zuen dagoeneko eta jolasaldi goxo batean, neurririk hartu ez eta hara! Egun batzuetako atzerapena, haurdunaldi-testa eta bi marratxoak. «Eta orain zer? Ondo gaude, lana dugu, etxe bat eta bizi-proiektu horretara bideratu ditugu gure nahiak, baina prest ote gaude? Biok hau nahi ote dugu?». Bien jolasa, bien positiboa, bien erabakia, batek zuri, besteak beltz eta hemen ezin gris edo kolorerik aukeratu. Haurdunaldia etetea erabaki zuten, gaur arte inori kontatu ez bazion ere.

Bien jolasa, bien positiboa, bien erabakia, batek zuri, besteak beltz eta hemen ezin gris edo kolorerik aukeratu. Haurdunaldia etetea erabaki zuten [...].

Doluaz hitz egiten hasiak gara zorionez. Bidean galdu ditugun seme-alabez hitz egitean ordea gehienetan halabeharrez jazotako galerez aritzen gara eta gutxitan gure erabaki propioz edo egoerak halaxe baldintzatuta etendako haurdunaldiez. Bada halako lotsa puntu bat, nola aitortuko dut nik, «dena» eskura izanda, modu heldu, burujabe eta aske batean haurdunaldi hau etetea erabakitzea? Epaiaren beldurra, hain mingarria (edo ez) izandako erabaki hori epaitua izatearen beldurra.

Inkontzienteki zaila egiten zaigu maila ertain-altuko emakume zuri heterosexualak abortatzea erabaki duela ulertzea

Erabaki propioz etendako haurdunaldi hauek ere badute gehienetan dolua, baina nola josi zauri hori nire barrenean gordetzea besterik gelditzen ez bazait, aurrean dudanak zer esango ote didan beldur banaiz? Kuttun batek esan zidan behin, azken haurdunaldia etetea erabaki zuela, bazekiela hotzean erabaki onena zela baina oso gogorra egin zitzaiola. Inori ez zion kontatu. Beste kuttun batek zioen, ia egunero pentsatzen duela nolakoa izango ote litzatekeen gaur bere bizitza aurrera egitea erabaki izan balu. Inori ez zion kontatu. Bakarrik ez zegoela esatean, jende normalari ere hau gertatzen zaiola jakiteak lasaitzen zuela erantzun zidan. Inkontzienteki zaila egiten zaigu maila ertain-altuko emakume zuri heterosexualak abortatzea erabaki duela ulertzea. Eta agian, geure barruan dugun uste oker horrek sortzen digu beldurra, aske egindako hautua gure kontra bihurtzeko beldurra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!