«Oso zaila da frogatzea, etxe barruan norbait legez kanpo ari ote den lanean»

Jon Miranda Labaien 2021ko ots. 3a, 19:59

Leire Berasaluze kriminologoak gizakien salerosketa eta ustiapena aztergai izan ditu bere tesian eta arreta jarri du bereziki, etxeko lanetan esplotatua aritzen diren emakumeen kasuan; haien kontura dirua irabazten duten sareak daude eratuta

Lau urte eman ditu Leire Berasaluze kriminologoak (Amasa-Villabona, 1992) tesia prestatzen. Gaur egun Euskal Kriminologia Institutuan dihardu ikertzaile, pertsonen lanerako esplotazioak Gipuzkoan zein pisu duen aztertzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak agindutako proiektuan.

Giza salerosketa prostituzioarekin lotu izan dugu gehienbat, baina beti da horrela?

Ez. Giza salerosketan ustiapen ezagunena da sexu esplotazioa, baino horrek ez du esan nahi beste ustiapen klase batzuk existitzen ez direnik. Horretaz are kontzienteagoa izan nintzen nire amonaren kasua ikusita. 94 urte beteko ditu aurten, baina duela urte batzuetatik emakume batek laguntzen du etxean. Zaintzaile hori nikaraguarra da eta gaur arte jarraitu du amonarekin lanean. Bere ahotik jakin dut badirela emakume asko oso bestelako egoeran daudenak eta pixkana joan nintzen jabetzen etxeko lanetarako hartzen diren pertsonen artean ere eman daitekeela esplotazioa.

Lan esparruko beste zein arlotan eman daiteke pertsonen esplotazioa?

Lan arloko ustiapena eman daiteke oihalgintzako enpresetan eta fruta eta berdurak jasotzen ibiltzen diren sasoikako langileen artean, adibidez. Baina etxeko lanetarako hartzen dituzten pertsonen kasua atzematen zailagoa da.

Zergatik?

Esparru pribatuan ematen delako eta zaila delako lan inspektore bat etxean agertzea. Lan arloko ikuskari batekin hitz egiteko aukera izan nuen tesiaren harira eta aipatu zidan etxeetako ikuskatzeak ia ez direla egiten. Bizilagunen batek salaketa jartzen ez badu eta ikuskatzaileak berak delitu baten zantzu argiak ikusten ez baditu, oso zaila da frogatzen etxe barruan norbait legez kanpo ari ote den lanean, eta are zailagoa, zein baldintzatan ari den jakitea.

Sare antolatuek ustiatzen dituzte etxeko lanetan esplotatuta aritzen diren pertsona hauek?

Bai, sare antolatuak izaten dira. Dena den euskarazko salerosketa hitzak, nik uste, ez duela osoki adierazten sare hauen atzean ematen den negozioa. Ingelesez human trafficking edo gaztelaniaz trata hitzak erabiltzen dira eta ez dute esanahi berbera. Nik trata kontzeptu hori hobesten dut tesian. Guk hemen Euskal Herrian tratulariak ezagutu izan ditugu, ganadua leku batetik bestera mugitu eta saltzen zutenak. Bada gizakiekin antzeko jarduera egiten duten sareak dabiltza munduan.

Zergatik gertatzen da fenomeno hori?

Tesian landu dut kapitalismoaren globalizazioaren fenomenoa eta konturatu naiz trata deritzon delitua, ia beti inmigrazioarekin lotuta datorrela. Askotan ez da salerosketa kontziente bat egoten, baizik eta hobeto bizitzeko nahia. Jatorrizko herrialdeetan pertsona batekin kontaktatzen dute, zeinak Espainiara eramango dituen. Aldi berean hona etorritakoan lan bat izango dutela hitz ematen diete, nahiz eta hona iristerakoan dena faltsua izaten den, edo behintzat, ez diren inoiz betetzen aurrez zehaztutako lan baldintzak.

Gizakien trafiko hori nondik norakoa izaten da?

Leku askotatik etortzen dira. Nigeriatik, adibidez, ustez ile apaintzaile gisa aritzera etortzen dira. Emakume asko buduarekin engainatzen eta mehatxatzen dituzte. Etxeko lanetarako, nagusiki, Latinoamerikatik ekartzen dituzte emakumeak. Tesia abiatu aurretik nik banuen ustea migrazio tradiziorik gabeko herrialdeetatik ekarriko zituztela emakumeak, gero behin hemen egonda, elkarren artean laguntza sarerik izan ez dezaten eta ustiatzen dituzten mafia horietatik ihes egiteko aukerarik izan ez dezaten. Gainera pentsatzen nuen migrazio bide hori egiteko dagoeneko hemen ezagunen bat edukitzeak ekidin zezakeela esplotazio sare horietan erortzea. Nire usteak erdia ustel, ordea. Gehientzat, Nikaragua, Paraguay eta Dominikar Errepublikatik ekartzen dituzte emakumeak etxeko lanetan esplotatzeko. Txinatarrak oihalgintzan lan egitera datoz eta askok prostituzioan bukatzen dute.

Esplotazioak gurutzatu egin daitezke, beraz.

Bai. Negozioa non, trata han. Eta mundu honetan etengabe sortzen ari dira negozio forma berriak: amatasun subrogatua diru iturri bihurtzen ari da munduko zenbait tokitan edo giza organoen trafikoa helburu duen tratua ere egon badago. Araudia ez da gai borondatea non bukatzen den eta esplotazioa non hasten den bereizteko.

Kasu hauek detektatzeko ahalmena du legeak?

Espainiako Zigor Kodeko deskribapena aztertu dut eta giza salerosketaren inguruko artikuluan jarri dut arreta. Izugarri luzea da, eta neurri batean ulertezina, ez da argi adierazten delitu zehatza zein den. Pertsona bat atzematea, lekualdatzea eta beste norabait eramatea da, baina baldintza batzuk bete behar dira horretarako: engainuz egin behar da, edo bortxaz egin behar da, edo larderiaz, edo beharrizan egoeraz aprobetxatuta, edo bestela, dirua ordainduta. Legegileari kritika handi xamarra egin diot tesian, hori guztia burutu behar baita gero pertsona hori ustiatzeko intentzioa frogatuta. Hor dago legearen hutsune nabarmenena, pertsona hauek ez baitute aurrez jakiten esplotatuko dituztenik; sinistuta datoz, lanera eta bizimodu hobeago baten bila.

Gerta liteke etxean daukazun pertsona esplotatzen ari direnaz ez jabetzea?

Bai. Askotan tratulari hauek enpresa faltsuak sortzen dituzte. Familia batek ustez legezkoa den enpresa baten bitartez kontratatzen du etxeko lanetarako pertsona eta diru trukea enpesa horrekin egiten du. Langileak ez du inolako ordainik jasotzen, erabat esplotatua egon daiteke eta askotan ez du ezer esango, mehatxatuta eta beldurtuta dagoelako. Hizkuntza, zenbait garaitan, muga izan daiteke.

Gizakiekin tratua eginez aberasten diren sare hauetakoren bat atzeman al da Euskal Herrian?

Ez, oraingoz ez da horrelako berririk agertu, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik. Biktima babesteko medioak aztertu ditudanean, ahalegin politiko, instituzional eta poliziala sexu esplotazioaren delituan zentratu dela konturatu naiz. Itzalpean geratu dira gainerako ustiapen laboralak. Sexu esplotazioaz gain, bortxazko ezkontzak, derrigorrezko eskaletasuna eta delituak eginarazteko ustiatzen dituzten pertsonena bereizten dira Zigor Kodean.

Nola lagundu dezake jendeak emakume hauek sare hauetatik askatzen?

Zaila da, aipatu bezala emakume hauek ez dutelako beren burua esplotatuta sentitzen. Horregatik delitu klase hauek gizarteratzea inportantea da. Tratulariek askotan esplotatutako emakume hauen artean ere kastak sortzen dituzte, urte gehiago daramatzan edo hobeto erantzuten duen biktimari maila bat ematen diote beste emakumeak kontrola ditzan. Geroz eta zailagoa da hortik ateratzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!