Villabonako Udalak 6,8 milioi euroko aurrekontua onartu du

Jon Miranda Labaien 2021ko urt. 27a, 19:59

Gizarte zerbitzuetako aurrekontua %7,4 igoko dute eta kultura, hezkuntza eta ingurumen sailetan ere gehikuntzak egingo dira; kiroldegiko teilatua konponduko dute aurten

Amasa-Villabonako Udalak onartu du 2021. urterako aurrekontua eta iazkoaren oso antzekoa izango da kopuruari dagokionez. Diru sarrerak urrituta, udalak mailegu bat eskatuko du iazko kopurua berdintzeko: 6.859.326 eurokoa izango da aurrekontua. Beatriz Unzue alkatearen hitzetan, horrek ez dio udalari zama handiegirik eragingo, ekarriko dituen mesedeekin alderatuta: «COVID-19ak eragindako krisia 2021ean areagotu egingo dela aurreikusten dugu eta horregatik uste dugu ez dela hau murrizketak egiteko garaia. Ez da geldirik egoteko momentua, ahalegin handiagoa egitekoa baizik, pertsonak erdigunean jarri eta amasar eta billabonatar guztien oinarrizko eskubide guztiak bermatu nahi ditugu, inor bazterrean utzi gabe».

Osasun krisiaren kalteak pairatu dituzten herritarrak eta ondorioak jasan dituzten sektore ekonomikoei lehentasuna emango die udalak 2021eko aurrekontuan. Iazkoarekin alderatuta, gizarte zerbitzuen alorreko aurrekontua %7,4 igoko da eta %32 igoko dituzte gizarte larrialdietarako laguntzak. Orotara, 100.000 euro bideratuko dira laguntza horietara. Alkateak nabarmendu du 2019tik %38,4 handitu dela sail honen aurrekontua: «Herritarrekin dugun konpromiso irmoa erakusten du horrek».

Kolpatutako sektoreekiko konpromisoa agertu nahi dute Amasa-Villabonako udal ordezkariek eta horregatik, besteak beste, %10 igo dute kultura sailaren aurrekontua. Ingurumen eta hezkuntza sailetako diru partidak handitu egingo dituzte, eta mantendu, berriz, hirigintza, euskara eta kirol alorretan. Zerbitzu orokorrei dagokionez, %10eko igoera aurreikusten dute 2021erako, eta atal honi dagokionez, administrazioa digitalizatzeko proiektuarekin lotu du igoera alkateak.

Udaltzaingoaren aurrekontuan, bertako langileek horrela proposatuta, doikuntza bat izango da aurten eta udal gobernuaren gastuak ere gutxitu egingo dira. «Soldatak kontuan hartu gabe, 2019tik hona udal gobernuaren gastua ia 100.00 eurotan murriztu da», esan du Unzuek.

2021ean egingo diren hiru inbertsio nagusi nabarmendu ditu alkateak. Kiroldegiko teilatua birmoldatzen 165.000 euro eta eskola publikoko eraikinetan egokitzapenak egiten 70.000 euro gastatuko dituzte. 50.000 euro ere aurreikusi dituzte energia planerako. Ander Goikoetxea Ingurumen arloko zinegotziak iragarri duenez, martxorako izango dute eskutan energia plana eta orduan ikusiko dute zein inbertsio mota egin daitekeen udal eraikinetan, kontsumoa gutxitu eta energia aurrezteko.


OPOSIZIOAREN BOZKA

Udal gobernuak PSE-EEko udal taldeak egindako proposamen batzuk txertatu ditu aurrekontuan, baina ez dira nahikoa izan taldeko zinegotzi Maria Luisa Arijak aurrekontuari baietza emateko. Harrera elkarteari, Udalbiltzari eta Gaindegiari emandako diru laguntzekin ez dator bat zinegotzi sozialista eta horrela argudiatu du kontrako bozka. Xabat Laborde EH Bilduko zinegotziak «harriduraz» hartu du Arijaren ezezkoa: «Ogasun batzordean aurrekontuari baietza eman, ondoren bertan txertatzeko ekarpenak egin eta ekarpen horietako batzuk aintzakotzat hartu ondoren, ezezko botoa eman duzu. Ez dugu ulertzen».

EAJk, bere aldetik, «erantzukizunez» aurrekontu proposamenaren bozketan abstenitzea erabaki du. Patxi Agirre jeltzaleak negoziatzeko «borondate falta» egotzi dio udal gobernuari eta iaz aurkeztutako 27 zuzenketetatik aurtengo aurrekontuan ia bat bera ere jaso ez izana leporatu dio koalizioari. Jeltzaleek emandako abstentzioaren «koherentzia» nabarmendu du Labordek: «Epe nahikoa eman zaio oposizioari ekarpenak egiteko eta ez zarete gai izan proposamen bat aurkezteko. Horren erantzukizuna soilik zuena da»,

Azkeneko osoko bilkuran, 2021ean izango duen plantilla organikoari eta lanpostuen zerrendari hasierako onarpena eman dio Amasa-Villabonako Udalak. EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren kontrakoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu da proposamena.

Alderdi jeltzalearen taldea udaleko komunikazio teknikariaren lanaldia handitzearen kontra agertu da. Agirrek aipatutakoaren arabera, alkatetzatik bideratutako txostenean, teknikariaren lanaldia %75etik %100era igotzeko arrazoia ez dago behar bezala argudiatuta. Gainera, erabakia Ogasun batzordean hartu izana gaitzetsi dute zinegotzi jeltzaleek, «langileen negoziazio mahaitik pasa gabe».

EH Bilduko Labordek, gai honetan aurretik ere bi taldeen artean izandako ereduen arteko talka azpimarratu du: «EAJkoek nahiago duzue kanpo enpresa bat kontratatu lan horiek egiteko eta guk berriz, udal zerbitzuak indartzearen alde egiten dugu. Oso harro esan dezakegu, komunikazioan aurrerapauso izugarria eman duela udalak hilabete hauetan. Lanari behar bezala heltzeko, lanaldia handitu beharra dagoela uste dugu».

OSTALARIEI BABESA

Gipuzkoako Ostalaritza Aurrera plataformak aurkeztutako mozioa ere onartu du Amasa-Villabonako Udalak. Honenbestez, Eudeli, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari honakoa eskatzen dio: «Martxoaren 14az geroztik, atzera eraginarekin, Gipuzkoako ostalaritzako autonomoei hileroko gutxieneko soldata bat aitor diezaietela eta hori bideratzeko beharrezkoak diren izapideak burutu ditzatela».

EH Bilduren aldeko, EAJren kontrako eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu da mozioa. EAJren udal taldeak «elkartasuna» eskaini die ostalariei eta haientzat diru laguntza zuzenak eskatu ditu. «Errealistak izanda ostalarientzat oinarrizko errenta bat egikaritzea oso lan zaila izango litzateke. Ostalariek orain behar dute soluzioa».

ZENBAKITAN

Sarrerak

Zuzeneko zergak 1.471.0000

Zeharkako zergak 50.000

Tasa eta bestelako zergak 545.950

Transferentzia arruntak 4.173.176

Ondare sarrerak 24.200

Finantza aktiboak 20.000

Finantza pasiboak 575.000

Sarreren zenbatekoa: 6.859.326

Gastuak

Pertsonal gastuak 2.425.039

Ondasun eta zerbitzuak 2.653.001

Finantza gastuak 8.200

Transferentzia arruntak 919.126

Inbertsio errealak 659.458

Finantza aktiboak 20.000

Finantza pasiboak 174.500

Gastuen zenbatekoa: 6.859.326

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!