Koronabirusa

Villabonako Udalak neurriak zuzen betetzeko deia egin du

Ataria 2021ko urt. 15a, 08:01

Amasa-Villabona eremu gorrian izanik, alderdi politiko guztien artean adostutako bandoa kaleratu du udalak, bete beharreko neurriez informatzeko.

Eremu gorrian da Amasa-Villabona astelehenaz geroztik, eta ondorioz, ostalaritza itxita du, eta mugikortasuna mugatuta dute bertako herritarrek. Atzoko datuei erreparatuta, 2 positibo izan ziren, eta 659ko intzidentzia tasa du azken hamabost egunetan.

Bada, Amasa-Villabonako Udalak alderdi politiko guztien artean adostutako bandoa zabaldu du, herritar guztiei jakinarazteko eremu gorrian egoteak "egoera epidemiologiko larrian dagoela herria" esan nahi duela.

Hala, Eusko Jaurlaritzak prebentzio eta kontrol neurri bereziak ezari dituela eremu gorrian dauden herrientzat gogorarazi dute udaletik. Neurri horien arabera, ostalaritza itxita egongo da, eta udalerrirako joan-etorriak mugatuta egongo dira, hau da, debekatuta egongo da herritik irtetea, osasun, zaintza, lan edo helburu horietako garraio arrazoiak direla medio irten ahalko da soilik. Udaletik esan dutenez, udaltzainek zainduko dituzte herrietako mugak, sartu-irtenak egiten ez direla bermatzeko.

Era berean, taldean egiten diren kirol jarduerak debekatuta egongo direla ere jakinarazi dute udaletik. Amasa-Villabonara sartu eta irteteko debekua aintzat hartuta, billabonatarrak ez direnek ezingo dutela bertako kiroldegira joan azaldu dute.

Amasa-Villabonako Udalak esan du Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloa zorrotz beteko duela, eta herritar guztiei neurriak zuzen betetzeko deia egin die. "Egoera larria bizi dugu, eta arduraz jokatzeko unea da, bai indibidualki eta baita kolektiboki ere. Horixe izango da birusaren zabalpena gelditzeko eta pertsonen biziak salbatzeko modu bakarra", esan dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!