Koronabirusa

Koronabirusari aurre egiteko proposamenak luzatu ditu EAJk

Ataria 2021ko urt. 14a, 17:59

Alderdi jeltzalearen esanetan Villabonan gertatzen ari dena, "porrot kolektiboa da". EAJk COVID-19aren inguruko udal taldean proposamen zehatzak aurkeztuko ditu hurrengo bileran.

Joan den astelehenetik eremu gorrian da Amasa-Villabona, 100.000 biztanleko 500 positibotik gorako tasa gainditu ondoren. Bihartik aurrera udalerriko mugak itxi egingo dira. Egoera honen aurrean, EAJk proposamen zehatzak aurkeztuko ditu COVID-19ari aurre egiteko sortutako udal lan taldearen hurrengo bileran. Bi helburu azpimarratu ditu alderdi jeltzaleak: "Batetik, eremu gorritik irtetea, eta bestetik, udalerri mugakideak ez kaltetzea".

 

EAJko ordezkarien esanetan Villabonan gertatzen ari dena "porrot kolektibo" baten adibidea da. "Gizartearen porrota, herritarrok erakusten ari garelako ez garela gai gutxieneko jokabide-arauak betetzeko eta erakunde porrota, udal bezala ez dugulako sendotasunez jokatzen koronabirusaren aurkako araudia aplikatzerakoan”.

 

Egoera honetatik ateratzeko proposamen sorta jarriko du mahai gainean EAJk, "Eusko Jaurlaritzaren araudia behar bezala aplikatzen lagunduko dutenak". Besteak beste, neurri murriztaile berriei buruzko informazioa emango duen udal bandoa argitaratzea proposatuko dute bileran, "bereziki justifikaziorik gabe mugakide diren udalerrietara lekualdatzeko debekua azpimarratuz". Proposatutako neurri sorten artean alderdi jeltzaleak kontenplatzen du udaltzainei ahalmena ematea, "disuasio moduan", beste udalerri batzuetarako oinezkoen sarbidea kontrolatzeko (Aduna alderako zubia edota Anoetako bidea, adibidez). Aldi berean, Zizurkilgo eta Anoetako udalekin lankidetzan mekanismoak ezartzeko aukera aztertzeko eskatuko du EAJk, udalerrien arteko pertsona mugimenduen jarraipena egiteko. Kontzientziazio helburuarekin, sare sozialetan, webgunean eta beste hedabideetan, astean bizpahiru aldiz, herriko eragin tasaren datuak zabaltzearen beharra azpimarratu dute jeltzaleek.

 

EAJren ustez funtsezkoa da borondate soiletik konpromiso irmora pasatzea: “Borondateak laguntzen du, baina ez da nahikoa. Ezin dugu pandemiaren aurka borrokatu norberaren ongizatea guztion ongizatearen aurretik jarriz”.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!