Gazteei bideratutako drogen prebentzio kanpaina egingo dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 17a, 11:59

Amasa-Villabonako Berdura plazan gauzatuko dute etzi programa, 10 eta 14 urte arteko gaztetxoei bideratuta; Droga legalen eraginen inguruan sentsibilizatu nahi dute gazteria

Amasa-Villabonako udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak GazteTopaLaket prebentzio programa antolatu du abenduaren 19an. Berdura plazan izango da 16:00etatik 19:00etara eta parte hartu nahi duten gazteek ez dute aurrez izena eman beharko, bertara gerturatzearekin nahikoa izango baita. 10 eta 14 urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago programa eta ekintza honen bitartez, alkohola, tabakoa eta kafeina bezalako droga legalen eraginaren inguruan sentsibilizatu nahi dituzte parte hartzaileak. Arrisku murrizketaren eta drogen erabilera arduratsuaren alde diharduen Ai Laket elkarteak dinamizatuko du larunbateko saioa. 

Hiru orduko iraupena

GazteTopaLaket programak hiruzpalau dinamika eskaintzen dizkie parte hartzen duten gazteei, eta orotara, hiru bat orduko iraupena izaten du. Lehen saioan, adibidez, gazteen artean droga kontzeptua argitzea da helburua, jokoaren eta marrazkiaren bitartez. «Gazteei materialak luzatuko dizkiegu eta hausnarketarako galderak bota, droga kontzeptuaren inguruko hausnarketa egin dezaten. Besteak beste, parte hartzaileei galdetuko zaie zer diren drogak, zein droga mota ikusten dituzten inguruan, nola irudikatzen dituzten edota zein gauza on eta txar dituzten», esan dute espazioa dinamizatuko duten Ai Laket-eko kideek. Esku hartze horretan gazteek horma-irudi bat izango dute eskura eta euren adierazpenak egin ahal izango dituzte bertan.

Bigarren espazio batean, alkohola eta gaitasun motorrak aztertuko dituzte eta gazteek hirunaka parte hartu ahal izango dute. Helburua alkoholaren erabilerak eguneroko ekintzetan sortu ditzaketen zailtasun eta arriskuak bistaratzea da. «Partaide batek graduazio altuko betaurrekoak izango ditu, beste batek graduazio ertainekoak eta azkenak betaurreko gabe burutuko du prestatuko dugun zirkuitua. Betaurreko hauek alkoholaren eraginpeko ikusmena imitatzen dute, eta adibidez, konoen bidez markatutako ibilbide bat egin beharko dute, giltza bat sarrailan sartu, lokarriak lotu edota WhatsApp mezu bat bidali». Prestatutako zirkuituak 10 minutuko iraupena izango du.

Tabakoaren kontsumoak dakartzan ondorioen inguruan ere sentsibilizatu nahi dute gazteria. Egingo duten esperimentuaz aritu dira Ai Laket elkarteko hezitzaileak: «Urez beteta dagoen botilaren ahoan kotoia jarriko dugu eta tapoian zigarroa. Botilari zuloa egin eta urez hustutzen doan heinean zigarroa kontsumitzen joango da. Bukaeran botila kez beteta geratu da eta kotoia, berriz, breaz blai. Bertatik bertara hori ikusita galderak luzatuko dizkiegu gazteei».

Amaitzeko termometroaren jokoa proposatuko diete parte hartzaileei. Drogen inguruko sinesmen faltsuak argitzea eta drogen inguruko bakarkako eta taldeko hausnarketa bultzatzea dira dinamika honen helburuak. «Lurrean bi marra marraztuko dira adostasuna edo desadostasuna irudikatzen dutenak. Galderak botako ditugu eta gazte bakoitzak marraren alde baten edo bestean jarri beharko du bere arrazoiak adieraziz. Kafeina droga ote den, tabakoak bihotzean kalteak eragin ditzakeen, alkohola nagusien kontua ote den galdetuko zaie, besteak beste. Asmoa drogen inguruko informazioa jasotzea da eta gazteak ohartaraztea zeinen garrantzitsua den gaiaren inguruko eztabaida lasai bat edukitzea», esan dute Ai Laket elkarteko arduradunek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!