Hareazko ekaitza

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2020ko abe. 19a, 07:58

Artxiboko irudia Anoetan eskualdeko haur sahararrei harrera egiteko apar festa, 'Oporrak Bakean' programaren barruan. J. M.

Azken aldian denok gabiltza bereziki adi prentsaurrekoei, ondoren buletinean argitaratutako arauari zirrikitu bila, gure mugimendu marjina neurtzen etengabe. Gabonetarako hala-moduzko irekiera bat izan dela, eta hor ari gara lehena dirudien tabernako azken tragoan, gabon gaueko edo urte zaharreko planak doitzen seinakako zirkulutan. Ez dut ukatuko garrantzitsua denik, denon osasun emozionalari eragiten dio eta ahaztu xamar izan dugu goxotasun horren inportantzia azken aldian. Ados.

Denoi eragin digun pandemiak, ordea, lehen ere ahaztua genuen gure zilborretik haragokoa desagertzea ekarri digu. Ez dago COVID-a ez den larrialdirik, antza. Ez albisteetan, ez gure elkarrizketetan. Martxotik hona ez da inor ito Mediterraneo itsasoan, ez da negurik edo suterik izan errefuxiatu kanpamenduetan, ez da gosez inor hiltzen, ez polorik urtzen, ez langilerik hiltzen lan-istriputan, ez auzi zaharrik zabaltzen auzitegien atzeragunetan… airean dagoen birusak gainerako guztia ikusezin egin balu bezala. Oraindik ere, errazago kutsatzen dela indiferentzia. Horrek izen bat du komunikazioan: kezko gortina.

Utziko didazue kearen tokian harea jartzen. Izan ere, errefuxiatu kanpamenduak Morian agertu aurretik ere, ondo ezagun genituen Saharako kanpamenduak. COVID aurreko garaian ere ahanzturan genituen, 45 urtez iritsiko ez den erreferendumaren zain (basamortu metaforiko eta literalean). Hareazko erlojuak ez dauka biratzeko alde gehiagorik. Aspaldi ari ziren gerra saihesteko aukerak agortzen, txinpartari puzka. Ufada horrek hareazko ekaitza altxa du, azkenean. Medioetan astebetez edo aipatu zen, berriz ere gortina zabaldu arte.

Gure eskualdeko parke eta plazetan urezko pistolekin jolasean ikusi ditugun neska-mutikoak frontera doaz

Eskualdeko hainbat herri daude kanpamenduetako herriekin senidetuta; lehenago ere senidetzen gaituen urratu bana daramagu mapetan. Duela urte batzuk izan nuen euren erresistentzia aurrez aurre ezagutzeko aukera; gaur oraindik hunkitzen nauen itxaropena zerion etsipenari. Gogoan dut itzuleran nola nioen: «Gerrara doaz». Gertatzear sumatzen nuen, galtzeko ezer ez zeukan belaunaldi gazte haren azken bulkadan. Inork ez du gerrarik nahi, ezta eurek ere; gerra azkena da. Eta azken-aurrekoak agortuta zeuden ordurako. Beste bost urtez luzatu dute pazientzia, geroztik. Azkenean, iritsi da mina eta grina nahasten dituen oihua: Sahara hurra!

Gure eskualdeko parke eta plazetan urezko pistolekin jolasean ikusi ditugun neska-mutikoak frontera doaz. Aurreko gerra bizi izan zutenek ez diete beste bat opa euren lurra ezagutu ez duten belaunaldiei. Baina 45 urte dira. Egungo kanpamenduetako gehienek ez dute deserria baino ezagutu. Ezin zaie euren seme-alabei eta bilobei berdin bizitzeko (edo irauteko) eskatu. Eta gu, oin berak zapaltzen gaituenok, ezin gara isilik geratu. Ezin dugu odolusten den herri bati ukendua emanez jarraitu. Sintomak goxa ditzakegu oporrak bakean pasaz, baina urtea gerran pasatzen dute gero. Eta badakigu. Hondar arrea, indar harroa, herrien herra. Gogorra, ederra. Hareazko ekaitza itsasoaren bila doa. Eta nik, duna bat aurkitzen dut gortinak zabaltzen ditudan aldiro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!