Elkarlanak eta sormenak bat egin dute Taupacka ekimenean

Jon Miranda Labaien 2020ko abe. 16a, 19:59
Argazkia: Jon Ander Artola

Artisautza eta kulturaren arloan lan egiten duten Villabonako hiru saltokik eskaintza bateratua sortu dute, elkarren indarrak batuz

Villabonako Kale Nagusian kokatuta dauden hiru proiektuk bat egin dute Taupacka izeneko ekimenean. Kaori faktoriako, Amlu studioko eta Basajaun liburu dendako produktuak sorta batean eskaintzen zaizkio bezeroari. Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez kutxa hauetan euren produktuak baino zerbait gehiago topatu daiteke, «elkarlana eta sormenaren arteko besarkada».

Momentu hauetan, inoiz baino gehiago, kontzientziaz oparitzeko beharraz hitz egin du Aitziber Cenzano Basajaun liburu dendako arduradunak: «Egia da gu saltzeko gaudela, baina iruditzen zaigu azken boladan jendea burugabe ari dela erosten. Kontsumo arduratsuaren aldeko deia egin nahi diegu bezeroei». Izan ere, merkatari txikiek kezka dute azken aldian plataforma handiek izan duten gorakadarekin. «Badakigu zeinen erosoa den erosketak horrelako plataforma handietan egitea baina bezeroak banaketa enpresa handi horietan ez du topatuko dendari txikiok eskaintzen duguna. Guk bezero bakoitzarekin denbora pasatzen dugu, aholkularitza ematen diegu eta momentuko arreta da eskaintzen dieguna, aurrez aurre. Jendeak gauza horiek baloratu egin behar dituela uste dut», esan du Cenzanok.

Bat dator Kaori faktoriako Lurgi Zalakain eta baikor begiratu nahi dio etorkizunari: «Nik uste bizi dugun egoera honetan jendea hasi dela gauzak beste leku batetik begiratzen. Bezeroak ikusten du produktu baten atzean pertsona bat edo lan talde bat dagoela eta balore batzuk ezkutatzen direla». Euren txikitik, egiten duten lanari «balorea emateaz» aritu da Amets Zalakain Amlu studio bitxitegiko arduraduna. «Ezin gara munstro handi horiei begira egon. Ahal den ondoen aritu behar dugu, egiten dugun horretan sinetsi eta gurean jarri behar dugu energia guztia».

SORMEN LANAK SORTA BATEAN

«Txikiak gara eta elkarren beharra dugu», gehitu du Cenzanok: «Taupacka izeneko sorta hauen bitartez, elkarren taupadak indartu nahi ditugu, elkarri lagundu nahi diogu, pentsatzen dugulako elkarrekin indartsuagoak garela».

Sorta bakoitzean saltoki bakoitzak bere ekarpena egiten du. Basajaun liburu dendak, adibidez, liburuez gain, diskoak eta jokoak jartzen ditu. «Saiatzen gara euskarazko sorkuntzari tokia egiten. Liburu dendan beti ahalegintzen gara aisia eta entretenimendua ulertzeko beste ereduei lekua egiten eta horrek izango du isla Taupackan». Duela hilabete batzuk abiatu zuen Amets Zalakainek Amlu studio proiektua eta bere sorkuntzak salgai izaten ditu Kaori faktorian, Lasarteko Kool studioan eta Tolosako Zuzeun. «Oraingoz belarritakoak sortu ditugu eta horiek jarriko ditugu sorta hauetarako ere». Kaorik, bere aldetik, osagarriak ekarri ditu Taupackara.

Hiru proiektuen webguneetan eskuratu daitezke sortak eta baita Kaori faktorian edo Basajaun liburu dendan ere, hurrenez hurren, Villabonako Kale Nagusiko 26. eta 29. zenbakietan. Orain arte jendeak erakutsi duen harrerarekin «oso pozik» daude. «Eskulana eta kultura eskutik heldu eta etxeetaraino eramateko prest gaude. Elkarlana eta sormenaren arteko besarkada da Taupacka, pausu bat mundu hobe baterantz».

AZOKA IZAN ZEN, ETA ORAIN ESKUALDEAN DA!

Durangoko Azoka amaitu ondoren ere euskal kultura kontsumitzen jarraitzeko deia egin die herritarrei Gerediaga elkarteak. Hain zuzen, jarraipen hori irudikatzeko atxikimendu kanpaina antolatu dute Euskal Herriko 141 liburu dendarekin.

Urtarrilaren 8ra bitartean Durangoko Azokaren produktuek salgai jarraitzen dute denda horietan. Araban 13 liburu denda bildu ditu kanpainak, Bizkaian 59, Gipuzkoan 49, Lapurdin bat, eta Nafarroan 19. Tolosaldeari dagokionez, Villabonako Basajaun, Asteasuko Mattin, Tolosako Babel eta Tolosako Elkar liburu dendek bat egin dute ekimenarekin eta bertan erosi ahal izango dira azokako produktuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!