'Olentzaroren basoa' ekimena egingo dute abenduaren 19an

Jon Miranda Labaien 2020ko abe. 10a, 07:58

Amasa-Villabonako Zunbeltz elkarteak bigarrengoz antolatu du eta parte hartu nahi duten umeek gaur eta bihar jo beharko dute Gurea aretoko leihatilara

Iaz izan zuen arrakasta ikusita aurten ere Zunbeltz elkarteak Olentzaroren basoa ekimena egingo du abenduaren 18an. Etxeondotik Aranzabiraino, Aranerrekan barrena, neguko solstizioaren pertsonaia ugari agertuko dira bidean. Osasun egoerak baimentzen badu eta arduradunek bestelako neurririk agintzen ez badute, 17:00etan hasita, 9 itzuli egingo dituzte basoan barrena. Ordu laurdenero txandaka abiatuko dira umeak eta parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute Gurea aretoko leihatilan, gaur eta bihar, 17:00etatik 18:30era. 2012 eta 2018 urteen artean jaiotako haurrentzat prestatu dute ekimena.

Urte asko dira Villabonako Zunbeltz elkarteak Olentzeroren jaitsiera antolatzen duela. Iaz, ordea, elkartearen barruan kultur ekitaldiak antolatzeko batzordeak proposamen berria egin eta Olentzaroren basoa antolatzea erabaki zuen. Elkarteko kide eta ekimenaren antolatzailea da Aitziber Cenzano eta aipatu duenez iaz proposamenak harrera «oso ona» izan zuen, «nahiz eta eguraldiak bat ere lagundu ez». 300 umek baino gehiagok hartu zuen parte.

2019ko arrakasta ikusita, aurten 9 emanaldi eskainiko dituzte ibilbidean zehar. «Agertuko dira Antton eta Anttoni, sorginak, galtzagorriak, Olentzero eta Mari Domingi... eta ikazkinak arituko dira umeei bidea erakusten». Guztira, 70 laguneko taldea ariko da abenduaren 19an lanean guztia ongi atera dadin. «Asko Zunbeltzeko kideak dira, baina beste hainbat elkartetan aritzen diren herritarrak eta erretiratuta dagoen jendea ere animatu da parte hartzera», esan du Cenzanok.

Boluntario horiei eskerrak ematearekin batera, antolatzaileak nabarmendu du Olentzaroren basoak Amasa-Villabonako Udalaren laguntza jaso duela, «oinarrizko azpiegitura eskuratu ahal izateko». Gainerako guztia borondatez ariko diren herritarren esku geratuko da eta Cenzanok bereziki eskertu du bidean zehar dauden baserrietako jabeek parte hartzeko agertu duten prestutasuna.

Osasun egoerak eskatzen dituen neurriak hartuko dira abenduaren 19ko ekitaldian. Musukoa eramatea beharrezkoa izango da eta distantziak mantenduko dituzte. «Horretarako talde bakoitzarekin iaz baino gidari gehiago joango gara eta dagoeneko ikastetxeetan eginda dauden burbuilak mantentzen saiatuko gara. Ekimen hau umeentzat antolatzen dugu eta ahal balitz guraso batek ume baten baino gehiagoren ardura hartzea eskertuko genuke, era horretan haur gehiagok parte hartu ahal izango duelako».

Plaza mugatuak izango dira. Talde bakoitza 50 pertsonek osatuko dute eta izena ematerako garaian Amasa-Villabonakoek izango dute lehentasuna. Horretarako, Gurea aretoko leihatila, gaur, 17:00etan zabalduko dute. «Gonbidapen guztiak gaur agortuko balira bihar ez dugu berriro leihatila zabalduko», esan du Zunbeltz elkarteko kideak.

ARGIEN GASTUAN, MURRIZKETA

Bestalde, Amasa-Villabonako Udalak, aurten, 7.986 euro bideratuko ditu Eguberrietako argiak jartzera, 2019an baino %60,8 gutxiago. Iaz ez bezala gastu osoa udalak hartuko du bere gain Oria Merkatarien elkartearekin horrela adostuta. «Modu horretan merkatarien elkarteak baliabide ekonomiko gehiago izango ditu herriko merkataritzaren aldeko bere jarduera garatzeko», esan dute udal ordezkariek.

Argiak zenbait gunetan ezartzea lehenetsi du udalak: Kale Nagusian, Kale Berrian, Santio kalean, Txistulari plazan, Kiroldegi inguruan eta Larrea zein Errota auzoetako aurrealdean, errepidearen ondoko pasealekuetan. «Eremu hauetan kokatzen dira herriko merkataritza establezimendu gehienak eta horregatik aukeratu da argiak bertan jartzea».

Argi guztiak kontsumo gutxiko LEDak izango dira eta energia elektrikoaren erabilera eraginkorra bermatuko dute. Gainera, gehienak 00:00etan itzaliko dituzte, energiaren erabilera arduratsua eginez. Argiak, lehen aldiz, abenduaren 18an piztea erabaki du udal gobernuak eta aldi berean ez du piztuera ekitaldi publikorik egingo: «Aurten bizi dugun egoera dela medio eta gerta litezkeen jende pilaketak saihesteko, bertan behera uztea erabaki da, adostasunez».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!