'Geuretik Sortuak' kultur egitasmoan parte hartuko du Amasa-Villabonak

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 9a, 14:59
Argazkia: Raul Bogajo/Foku

Udalbiltzak literatur lanak, film laburrak eta antzezlanak euskaraz sortzeko 30 egonaldi artistiko eskainiko ditu 25 udalerri baino gehiagotan. Kultur emaitzak bistaratzeko zirkuitua osatuko dute parte hartuko duten udalerriek.

Abenduak 2an aurkeztu zuen Udalbiltzak Geuretik Sortuak kultur proiektua Durangon eta erakundeko zein ekimenean parte hartuko duten herrietako udalen ordezkariak izan ziren agerraldian. Proposamenaren iturburuan pandemiak eragindako hausnarketa dago: "Euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela agerian utzi du osasun krisiak, are gehiago, bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatituta dagoen lurraldean. Pandemiak agerian utzi du zenbateraino diren beharrezkoak artea eta kultura gurean, gure herriaren kontakizun sentikorraren lekuko izan daitezen; baina urgentziazko beste egoera bat ere badugu, euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa da".

Egoera hori iraultzeko asmoz, Geuretik Sortuak izeneko proiektua jarri du martxan Udalbiltzak, kultur sorkuntzak zabaltzerako orduan udalerriei protagonismoa emanez. Beraz, lurraldetasun orekari eta tamaina aniztasunari erreparatuta, 25-30 udalerri hautatu dituzte egitasmoa abiatzeko eta tartean da Amasa-Villabona. Proiektuen sormen laborategi eta agertoki izango diren gainerako udalerriak hauek dira: Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexantzu-Zünharre, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Aranatz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosilla.

Lau fase

2020ko irailetik abendura arteko epea, herrien artean elkarlana sustatzeko eta ekimenera bat egiteko garaia izaten ari da. Ondoren, 2021eko lehen erdian gauzatuko dute bigaren fasea:proiektuak jasotzeko deialdi publikoa egingo dute udalerriek eta hautatuko kulturgile bakoitzari herri edo herri-multzo bat esleituko zaio, literatur lan bat, antzezlan bat ala film labur bat garatu ahal izateko. Hainbat aste igaroko dituzte egokitutako lekuan artelana sortzen.

2021eko azken hiruhilekotik 2022ko lehen erdira luzatuko den hirugarren fasean, berriz, lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dituzte Euskal Herri osora zabalduko den zirkuituaren bidez. Aurreikuspenen arabera, eleberri laburrekin egindako bilduma bat, lau antzezlan inguru eta film labur guztiak biltzen dituen lan luze bat eskainiko dituzte saio horietan. Honenbestez, bilduma egingo duen argitaletxea, filmaren muntatzailea eta antzezlanak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo dute garai honetan.

Bukatzeko, 2021 amaieran, laugarren fasean, helburuen betetze-maila eta proiektuaren balorazioa egingo dituzte. Horren arabera, hurrengo edizioaren diseinua eta garapena egokituko dituzte, herri gehiagotara iristeko eta kultur adierazpide gehiago landu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!