Igandekoa ahaztu eta aurrera begira jarri da Arrospide

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 8a, 16:59

Iraitz Arrospidek Valentziako maratoia ez zuen amaitu igandean; aurrera begira ilusioz eta lanerako gogoz dagoela esan du.

Iraitz Arrospideren denboraldiko helburu nagusia Valentziako maratoia zen. 32 urtean lehen aldiz, ordea, lasterketa bat amaitu ezinik geratu zen igandean. Billabonatarrak honela kontatu du lasterketan gertatu zitzaiona: «Ustez erritmo ez oso bizian hasi nintzen. Helburua maratoiaren bigarren zatian erritmoa altutzea zen. Baina hasieratik ezinean ibili naiz». 


Bere erritmora zihoan talde batean hasi zuen lasterketa, baina atzera geratu zen. Ondoren, erritmoa behartuz berriro harrapatu zituen, baina Arrospide ezinean zebilen: «Sufritzen ari nintzen eta berriro atzera geratu naiz. Ondoren, erritmoa jaistea erabaki dut, bukatzeko helburuarekin. Baina arazoak itzuli dira, tripetakoak, sentsazio txarrak eta oraindik lan erdiak egin gabe. Gorputzari kalte handiagoa ez egiteko, lasterketa uztea erabaki dut». 


Igandekoa «egun gogorra» izan zela onartu du Iraitz Arrospidek, horrelakorik bizi gabea baitzen: «Ez naiz inoiz erretiratu 32 urte hauetan. Min handia eman dit erabakiak, baina naturaltasunez hartu behar da. Orain atseden hartuko dut. Berriro aita izango naiz eta familiarekin egoteko garaia da. Ondoren, lanean jarraitzeko gogoa dut, ilusioarekin nago eta hobetzen segi nahi dut». 


Urteko helburuak ihes egin dion arren, animo mezu ugari jaso ditu Arrospidek, eta horiei ere zuzendu zaie korrikalari billabonatarra: «Gauza handiak lortu ditudanean babes handia jaso dut. Orain, nahiz eta gauzak ongi ez atera, jende askok idatzi dit. Animo guzti horiek benetan eskertzekoak dira. Hori da baloratzen dudana. Pena sentitzen dut une honetan. Kirol emaitza batekin baino, jende horri lasterketa on batekin itzuli nahi nien denbora guzti honetan eman didaten babesa». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!