Olinpiar Jokoak buruan dituela doa Iraitz Arrospide Valentziara

Imanol Garcia Landa 2020ko abe. 3a, 19:59
Iraitz Arrospide, iazko Valentziako Maratoian. ENEKO GARIN

Valentziako Maratoian parte hartuko du atleta billabonatarrak igandean.

Berarentzako urteko lasterketa garrantzitsuena den Valentziako Maratoian parte hartuko du Iraitz Arrospidek igande honetan. «Urteko helburu nagusia Valentziako Maratoira iristea zen, eta ahalik eta ondoen aritzea bertan, eta posible bada, nire denbora hobetzea», azaldu du atleta billabonatarrak. «Jakinik datorren urtean Olinpiar Jokoak daudela, gero eta marka hobeagoa egin, orduan eta gertuagoa egon gara bertara joateko. Nahiz eta helburu oso zaila izan, nire aukerak marka hobetzetik pasatzen dira».

Arrospideren egungo marka 2.10.59 da, eta horrek Tokiora joateko ateak ireki zizkion, eskatutako gutxieneko marka hobetzen zuelako. Sasoiz ondo iristen dela dio billabonatarrak: «Maratoi bat nahiko zaila izaten da aurreikusteko, zehazki jakitea non eta nola gauden, baina entrenamenduetako sentsazioak onak dira eta ustez paper on bat egiteko eta hobetzeko moduan izango gara». Espainiako selekzioarekin Olinpiar Jokoetara joateko aukera dituztenen artean postu on bat lortzea garrantzitsua izango dela dio Arrospidek, «jakinik helburu horren bila goazen ia guztiak hor izango garela. Baina postua nik kontrolatu ezin dudan zerbait da, eta, aldiz, egiten dudan denbora bai, eta ahalik eta denbora onena lortzen saiatuko naiz, eta horrek seguru postu hobea ekarriko didala».

Aurten maratoi asko bertan behera geratu dira, baina Valentziakoa mantendu egin da eta horregatik garrantzia berezia izango du bai Espainiako selekzioarekin Tokiora joan nahi dutenentzat, eta baita lehen lerroan aritzen diren atleta ugarirentzat. Hori horrela, Espainiako selekzioko arduradunek aurtengo maratoian egingo diren markak hartuko dituzte kontuan hautaketa egiteko.

Igandeko proba nahi bezala ateratzen ez bada, Arrospidek ez du oraingoz beste aukerarik aurreikusi: «Oraintxe bertan ez dut beste aurreikuspenik. Valentziako Maratoia ahal den ondoen egin, eta emaitzak uste bezain onak ez badira, orduan hasiko gara begiratzen ze aukera dauden. Egia esan, hurrengo urte hasiera ere nahiko arraroa izango da, maratoi gehienak urteko bigarren zatira mugitu dituztelako. Aukeraren bat seguru egon daitekeela, baina maratoi batetik bestera denbora behar da berreskuratzeko eta prestaketa egiteko, eta oraintxe nire buruan Valentzia bakarrik dago».

Marka onak egiteko Valentziako Maratoia aproposa dela azaldu du billabonatarrak: «Nik egin ditudan maratoietatik aproposena iruditzen zait. Zirkuitua benetan ona da. Egia da aurten aldatu egin dutela, eta itzuli bat izan beharrean bi itzuli izango ditu zirkuituak, baina espero dugu aurrekoa bezain ona edo hobea izatea». Horrez gain, Valentziaren berezitasuna bere klima ona dela azaldu du Arrospidek: «Eguraldi ona egiten du, eta maratoia egiteko tenperatura ona da». Publikoa ere nabarmendu du, kaleak jendez beteta izaten direlako, baina aurten ez da ikuslerik izango.

Proba beraren protokoloa zehazki nola izango den ez daki billabonatarrak, baina badaki oso zorrotzak izango direla. «Bertara iristen garenean esango dizkigute egun hauetako neurriak, eta ziur aski larunbatean esango digute igandeko probaren protokoloa. Hau da, nola egingo den sarrera eta abar. Seguru ondo pentsatuta dutela eta segurtasuna mantenduko dela, eta aldi berean gure parte hartzea ahalik eta errazena egingo dutela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!