«Tesia euskaraz guk egiten ez badugu zeinek egingo du ba?»

Jon Miranda Labaien 2020ko abe. 3a, 07:59

Eider Urkolari Andrei Zvyagintsev zine zuzendari errusiarrari buruzko lana modu originalenean laburtzeagatik eman diote saria, UEUk kudeatzen duen 'Unibertsitatea.net' atariak antolatzen duen Txiotesia5 lehiaketan

Ikus-entzunezko komunikazioan EHUn graduatua da Eider Urkola Ezeiza (Amasa-Villabona, 1994) eta psikologian ikerketa masterra egin ondoren, tesia prestatzen ari da Andrei Zvyagintsev zine zuzendariaren inguruan.

Nondik datorkizu zinemarekiko interesa?

Betidanik izan dut zinemagintzarekiko interesa, irudia beti gustatu izan zait. Karreran analisi zinematografikoari buruzko irakasgai bat izan genuen eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Tesia egitea erabaki nuenean metodologia horri heltzea erabaki nuen.

Zergatik aukeratu zenuen tesirako Andrei Zvyagintsev zine zuzendaria?

2014an egin zuen Leviatán pelikula izugarri gustatu zitzaidan. Iruditzen zitzaidan dena laburbiltzen zuela, oso politikoa zen, hausnarketara bultzatzen zuen, baina, aldi berean, entretenigarria zen. Momentu hartan ez nintzen jabetu zein zen pelikularen zuzendaria. Urte batzuk beranduago tesia egitea erabaki nuenean Interneten arakatzen ibili nintzen eta zuzendari honengana iritsi nintzen. Badu sona pixka bat Europan, sariak eskuratu dituelako eta bere Love less filmak 2017ko Oscar sarietarako hautagaitza eskuratu zuelako, ingelesez besteko filmen atalean. Gero jabetu nintzen, urte batzuk lehenago memorian iltzatuta geratu zitzaidan pelikularen zuzendaria zela. Ez nuen gehiago pentsatu behar izan, argi nuen zuzendari honi buruz aritu behar nuela tesian.

Bere zinemagintzaren zein arlo ari zara ikertzen?

Nire tesiaren izenburua da Andrei Zvyagintsev: hausnarketa morala eta politikoa. Kritika soziala egiten du bere pelikuletan. Ezkertiarra dela esan daiteke, egungo sistemari kritika egiten diolako. Boterea auzitan jarri ohi du eta maitasuna falta zaion gizarte bat irudikatzen du, oso indibidualista, ondoan duenaz kezkatzen ez dena. Familia bateko kideak azaltzen ditu gizartearen metafora gisa eta umeak ageri dira bere filmetan etorkizuna irudikatuz; Helduaroan kokatzen diren pertsonaiek egungo sistema politikoa ordezkatzen dute, eta aitona-amonek, berriz, iraganekoa, bere kasuan SESBeko gizartea. Hor sortzen diren gatazkak islatzen ditu bere lanetan. Hausnarketa bultzatzen duten pelikulak dira, zail xamarrak ikusteko; askotan ez gaude horrelako pelikuletara ohituta.

Zein baliabide tekniko erabiltzen ditu hori guztia irudikatzeko?

Kolore urdinduak erabiltzen ditu. Errusian zentratzen da eta kolore urdin hotz hori plasmatzen du. Plano oso zabalak eta travelling mugimendu oso-oso leunak erabiltzen ditu. Ez dauka muntaia bortitzik eta nik tesian defendatzen dudana da Zvyagintesevek hori egiten duela ikuslea nahigabe pelikulan sar dadin. Kamara askotan jartzen du begien altueran eta pertsonaien tartean sartzen du beste batzuetan. Ikuslea inplikatzen du, gertatzen ari den horren testigu izan dadin.

Informazio iturri nahikoa topatu duzu zine zuzendari honen inguruan?

Gure belaunaldiko zine europarreko zuzendari sarituenetako bat da, baina ez da ezaguna gure artean. Horrelako lan batek zuzendaria bere testuinguruan kokatzea eskatzen dizu, are gehiago kasu honetan, Zvyagintesevek bizi dugun gizarteari kritika egiten dionean. Asko irakurri behar izan dut Errusiaz eta hango testuinguru sozio-politikoaz. Zuzendariaren inguruko informazioa urriagoa da, ordea. Tesiaren erronka nagusia hori izan dut. Hutsune bat betetzera dator, orain arte ez delako ezer idatzi zuzendari honi buruz, baina horrek bere ifrentzua du, malabarrak egin behar izan ditut askotan informazioa lortu ahal izateko.

Tesia euskaraz egitea erabaki duzu.

Bai. Hasieratik argi eduki nuen. Guk euskal hiztunok eta beti euskaraz bizi izan garenok egiten ez badugu tesia euskaraz, nork egingo du ba?

Zergatik erabaki zenuen Txiotesia lehiaketan parte hartzea?

Lehiaketa ezagutzen nuen baina aurten aurkeztu naiz lehen aldiz. Beti pentsatu izan dut oso erronka polita dela. Gu tesia prestatzen ari garen bitartean beti sakonera jo nahi izaten dugu eta Twitterren ariketa justu kontrakoa da. Oso formatu zorrotzetatik gatoz gu, artikulu zientifiko eta kongresuetatik. Eta hau guztiz kontrakoa da.

Zure Twitter hariaren originaltasuna azpimarratu dute epaimahaikideek.

Bai. Hitzak dira Twitterren oinarri eta nire tesia irudien ingurukoa da. Buelta batzuk eman nizkion eta pixka bat kostatu zitzaidan, denbora puska bat behar izan nuen. Nola egituratu pentsatzen hasi nintzenean konturatu nintzen nik planteatzen nuenarekin galdera gehiago sortzen nituela. Iradokitzailea ere bada haria.

Espero al zenuen saria?

Ez, inondik inora. Aurreko edizioetako txioak eta aurten aurkeztutakoak begiratu nituen eta oso lan onak iruditu zitzaizkidan. Haria egiten oso ondo pasa nuen eta pozez jaso dut saria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!