Denborarekin, babes beharrak zirenei beste behar batzuk erantsi zitzaizkien: besteak beste, sozialak, estetikoak, moralistak, sexistak… MODA sortu zen eta berarekin klasismoak, patriarkalismoak eta hainbat ismoak janzteko askatasuna ere kendu ziguten.
50-60 hamarkadan, besteak beste, galtzak markatzen zuen generoa. Epelak entzun behar izan genituen galtzak erabiltzea erabaki genuen emakumeok mendira joateko estreinatu nituen nik lehenengoak. Hain ziren erosoak. «Marimutilak» izan zen entzun genuen suabeena. Pauso hori ematearena, emakumeok patriarkatuari eta tradizioari irabazitako borroka izan zen. Baita kortseak baztertzearena, bularretakoak erretzearena, belarritakoak erabiltzen uztearena…
Gona oihal zati bat baino gehiago denez, genero adierazgarria denez, nerabeen ekintzak lurrikara txiki bat eragin zuen, agerian utziz ezin garela libreki jantzi.
Duela aste gutxi, Mikel izeneko nerabe batek hartutako eta gauzatutako erabaki batek poztu nau. Adore handiko ekintza izan dela esango nuke kontutan hartzen badugu zer-nolako agertokian gauzatu zuen bere erabaki ausarta. Bere ikastetxeko ikaskideen aldetik barre eta isekak jasatea nahikoa ez eta psikologoarengana bidali zuen irakasleak hotzik ez al zuen galdetu ondoren. Mikelek sareetan azaldu zuen gertatutakoa eta gutxira, ekintza horrekin bat eginaz, Mikeli elkartasuna adieraziz, ikastetxe batzuetan gonak jantzita azaldu ziren bertako ikasle gehienak, nahiz eta gona jantzi zutenek beraien ikaskide batzuen isekak jaso. Ikastetxera egun batez gona jantzita joatearena ez da soilik ekintza sinboliko bat. Gona oihal zati bat baino gehiago denez, genero adierazgarria denez, nerabearen ekintzak lurrikara txiki bat eragin zuen, agerian utziz ezin garela libreki jantzi. Mikelen ausardiak eta elkartasuna adierazi zioten nerabeek agerian jarri dute eztabaida eta baloreen jorraketa sakonaren beharra.
Ikastetxe nahiz beste eztabaida guneetan, generoaz, enpatiaz, aniztasunaz, patriarkatuaz, ekonomia sistemaz, feminismoaz, askatasunaz, maskulinitateaz… eztabaidatzeko aukera ederra jarri digute nerabe kuadrilla horiek. Influencer berrien aurrean al gaude? Animo! Eraikitzeko apurtu gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan.