Eskailera berriak jarri dituzte Olaederra kiroldegiko kantxan

Ataria 2020ko azaroaren 27a

Amasa-Villabonako Udalak, orotara, 14.115 euroko inbertsioa egin du. Hemendik aurrera harmailak bere osotasunean erabili ahal izango dira, larrialdi irteeren arazoa konponduta.

Amasa-Villabonako Udalak kiroldegiko kantxarako eskailera berriak erosi ditu, larrialdi irteeren arazoa konpondu eta harmailetako edukiera handitzeko.

Orain arte kantxako harmailetako larrialdi irteerek dituzten ezaugarriak kontuan izanik, instalakuntzaren ebakuazio planak harmailen edukiera 160 pertsonara murriztu zuen, nahiz eta bertan ia 500 eserleku egon. Egoera honek, kiroldegiko kantxan egin daitezkeen ekitaldi edo emanaldietarako "muga handia" suposatzen zuen udal ordezkarien esanetan. Inbertsio honek arazoari irtenbidea eman dio eta hemendik aurrera, harmailak bere osotasunean erabili ahal izango dira.

Lau eskailera berri

Inbertsio honen bidez udalak lau eskailera erosi eta ezarri ditu, harmailak eta kantxa konektatuz. Horrela, ikusleek harmailetatik kantxara jaisteko aukera izango dute, kantxan aurkitzen diren larrialdi irteeretara heldu ahal izateko.

Hormigoizko harmaila aurrealdetik husteko neurrira egindako eskailera-unitateak dira. Zortzi altuerako eskailerak (sei maila gehi atsedenlekua). "Profil angeluzuzenean eginak 100x60x2mm, tramex-mailak, hodi karratuko baranda sinplea, profil angeluarreko gidak hegalkin-sabaian, lurzorura finkatzeko pasagailuak eta akabera inprimazio sintetikoan", aipatu dute udaletik.

Guztira 12.995 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin du udalak eskailera hauek diseinatu eta erosteko eta beste 1.120 euro (BEZ barne) bideratu ditu orain arte harmailetan zeuden baranden egokitzapena egiteko. Eskailerak Hobby Kirolak S.L. enpresak diseinatu eta ezarri ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!