Sacem eremuko lur sail bat erosiko du udalak

Jon Miranda Labaien 2020ko aza. 25a, 15:59

Amasa-Villabonako Udalak kreditu aldaketa bat egin eta udal gerakinetik finantzatuta 415.000 euroko diru saila sortu du. Lur sail bat erostera bideratuko ditu 220.000 euro eta 195.000 euro, berriz, Larrea auzoko Behe Nafarroa parkea estaltzera.

Asteartean egindako osoko bilkuran Amasa-Villabonako udalak 415.000 euroko diru sail bat sortzea erabaki zuen EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Udal gerakinetik finantzatuko da kopurua eta diru horrekin lur sail baten erosketa eta Larrea auzoko Behe Nafarroa parkearen estaltzea ordainduko dira.

Udalak garai bateko Leizaola grafikagintza enpresa zegoen lur saila erosiko du Sacem eremuan: 3.800 metro karratu ditu eta 235.000 euroko prezioa adostu dute lur jabeekin. Etxebizitza erabilera emateko eremu urbanoaren zabalpena aurreikusten da Hirigintza Plan Orokorrean herriko ingurune horretan. Momentu honetan lur horien birkalifikatzea geldituta dago, Ura Agentziak eta konfederazio hidrografikoen txostenak medio. "Etorkizun batean udal gobernu honen helburua da eremu horren urbanizazioa egitea eta bertan etxebizitzak eraikitzeko aukera zabaltzea", esan du Xabat Laborde Hirigintza zinegotziak. "Epe ertain-luzera lur horien erosketak aukera bikaina emango digu etxebizitza eskaintza publikoa egiteko, gehienbat alokairuari begira. Estrategikoa den eremua iruditzen zaigu".

Salneurriaren inguruan jabeekin negoziatzen aritu ondoren, 235.000 euroko adostasun puntura iritsi da udala eta falta diren 15.000 euroak gehituko dizkio sortu berri den diru sailari, salerosketa egikaritu ahal izateko.

Erabakiarekin adostasuna agertu zuten osoko bilkuran EAJk eta PSE-EEk. Patxi Agirre jeltzaleak, horrelako aukerak sortzen direnean hartu egin behar direla nabarmendu eta etxebizitza politika eraginkor bat garatu ahal izateko bi zutabeak azpimarratu zituen: "Alokairua, iruzurra saihesteko; Eta etxebizitza tasatuak, herrian eta eskualdean egon daitezkeen etxebizitza libreen prezioak jaisteko". Aldi berean, lur saila erosi aurretik, jabeek udalarekin zorrik ba ote duten konprobatzea, salgai jarri duten eremua garbiaraztea eta lurrak kutsatuta ote dauden aztertzea eskatu zuen Agirrek. Labordek lan horiek eginak dauzkatela aipatu zuen eta jabeek zorrik ez dutela, eremua kutsatuta ez dagoela eta jabeek eremua txukuntzeko konpromisoa hartua dutela jakinarazi zuen.

Parke estalia eztabaidagai

Lehen puntuan adostasuna agertu arren, beste behin ere, Larrea auzoko parkea estaltzeko erabakiarekin ez zen konforme agertu alderdi jeltzalea. "Jasangarritasun falta du proiektuak, burdina ezker-eskuin, paisajismoaren tendentzia modernoekin ez du bat egiten, iluna da eta puntu beltzak sortzen ditu", esan zuen Agirrek. Gaineratu zuenez udal gobernuak zilegitasuna du Larrea auzoko parkea estaltzeko, baina testuingurua hartu beharko luke kontutan: "Krisi testuinguru batean bizi gara hainbeste diru gastatzeko. Ez da estrategikoa. Maiatzaren 1 plazarako aurreko legealdian aurkeztu zen proiektua aztertzeko hilabeteko epea eskatu genizuen eta ez duzue erantzun. Uste dugu temati eta malgutasun gabe jokatu duzuela, eta autoritate puntu batekin".

Labordek erantzun zion EAJren bozeramaleari eta berretsi zuen gai honetan bi alderdien arteko desadostasuna "oinarritik" datorrela: "Gure ustez azken hamarkadatan herrian zilegitasun handiena duen proiektuetako bat da. Eta horrela da, 2014an herritarren parte hartze prozesu baten ostean herritarrek erabakitako proiektua delako. Benetan sinisten dugu herritarren parte hartzean eta udal ordezkariok hitz emandakoa betetzen ez badugu, gisa honetako prozesuen balioa debaluatu egiten da".

Amasa-Villabonako Udalak 195.000 euro bideratuko ditu Larrea auzoan dagoen Behe Nafarroa parkea estaltzera, eta Hirigintza zinegotziak aurreratu zuenez, hasieran aurreikusitako 174.000 euroko kopuruari gehikuntza bat egin behar izan diote exekuzio proiektua erredaktatzerako garaian izandako aldaketa bategatik . "Hala ere, ez dugu uste 195.000 euroak gastatuko direnik eta erabiltzen ez den dirua altxortegira bueltatzeko moduan izango garela pentsatzen dugu".

Adierazpenak

Amasa-Villabonako Udalak Saharako su-etenaren amaierari buruzko adierazpen instituzionala onartu zuen asteartean, EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren kontrako botoarekin. Bidenabar, adostasuna agertu zuten alderdi guztiek emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko eguna dela-eta aurkeztutako testuarekin eta aho batez onartu zituzten euskararen egunaren harira EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako adierazpenak.

Euskararen nazioarteko egunaren inguruan alderdi jeltzaleak aurkeztutako testuak, mundu mailako krisiari euskaraz aurre egiteko proposamena luzatzen du: "Euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu gure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin". EH Bilduk, berriz, konpromiso batzuk hartzeko proposamena luzatu zion udalbatzari, euskararen nazioarteko egunaren testuinguruan. Besteak beste, COVID-19aren krisiak euskararen normalizazioan sorrarazitako kalteak ebaluatu eta kalte horiei aurre egiteko neurriak hartzeko konpromisoa hartu du udalak, Euskaran Ados mahai parte hartzailean biltzen diren eragileekin batera. Kontratazioetan euskara lehenestea, teknologia berrien erabileran euskarazko tresnak sustatzea, kirolaren euskalduntzean eragitea, enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea eta euskara ikasteko martxan dauden laguntzak mantentzea adostu dute udal ordezkariek. "Uema babestu, indartu eta zabaltzea" ere jasoa zuen EH Bilduk proposamenean, baina EAJk puntu hori erretiratzeko eskaera luzatu zuen, "zalantzak ditugulako Uemak egin dezakeen ekarpenean". Puntua adierazpenetik erretiratu arren, EH Bilduko udal taldeak udalerri euskaldunen mankomunitateak egiten duen lana azpimarratu zuen, "are gehiago arnasguneak euskararentzat zeinen inportanteak diren agerian geratzen ari den garai honetan".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!