Amasa-Villabonako udalak 2020ko bigarren merkataritza bonuen kanpaina abiatuko du abenduaren hasieran. Kanpaina honen helburua herriko merkataritza establezimenduak laguntzea izango da, eta herritarrek urtero Eguberrien harira egiten dituzten erosketa bereziak herrian bertan egin ditzaten sustatzea. Kasu honetan, ekainetik irailera luzatu zen kanpainan ez bezala, herriko merkataritza establezimendu guzti-guztiek parte hartu dezakete, baita elikagaiak saltzen dituzten dendak ere (harategiak, arrandegiak, fruta dendak...).
Kontsumo banuen kanpaina honetan parte hartu nahi duten establezimenduek azaroaren 16tik azaroaren 23ra dute izena emateko aukera. Online egin behar da izen ematea www.villabona.eus atarian dagoen formulario beteta. Udalak 30.000 euroko aurrekontua ezarri du bonuetarako eta beste 2.000 euro kanpainako gastuetarako (diseinua, inprenta...).
Kanpainaren ezaugarriak
Herritarrek 30 euro ordainduta, 50 euroko balioa duen bonu-txartel bat eskuratuko dute. Bonu-txartel horretan, guztira, 7 bonu indibidual egongo dira: 10 euroko 3 bonu, eta 5 euroko 4 bonu. Horrela, Amasa-Villabonako Udalak bonu-txartel bakoitza 20 euroko kopuruarekin lagunduko du.
Bonu-txartel bakoitza saltoki edo zerbitzu jakin bati dagokio. Hau da, establezimendu bakoitzak bere bonu-txartel propioak izango ditu. Establezimendu batean bonu-txartela eskuratuz gero, bonu horiek establezimendu horretan bertan eta soilik erabili ahal izango dira. Denda guztiek bonu-txartel kopuru bera jasoko dute, modu guztiz proportzionalean. Denda edo saltoki bakoitzari dagokion bonu-txartel kopurua, kanpainari atxikitako establezimendu-kopuruaren arabera zehaztuko da. Establezimendu bakoitzean bonu-txartel bakarra erosi ahal izango da.
Erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, aldea ez da eskudirutan itzuliko. Bonuak ezingo dira eskudirutan trukatu, eta horien zenbatekoa ez da inolaz ere itzuliko. Bonua erosi ondoren ere ez da inolako trukerik onartuko.
Bonuak kanpaina martxan hasten denetik (2020ko abenduaren lehen astetik) 2021eko urtarrilaren 5era bitartean edo amaitzen diren arte, erosi ahal izango dira. Epe hori igarotakoan, bonuak baliorik gabe geratuko dira.