«Emaitza oso ona lortu dugu»

Leyre Carrasco 2020ko aza. 14a, 11:59

Habi taldeak azaroaren bukaeran argitaratuko du 'Koloreak' izeneko disko berria, eta honekin batera 'pre-order'-a egiteko webgunea ere sortu du. Jon Ander Artolak eta Yeray Gasconek proiektuaren berri eman diote Atariari.

Jon Ander Artolak (Amasa-Villabona, 1993) eta Yeray Gasconek (Amasa-Villabona, 1993) osatutako Habi taldeak, Koloreak izena duen bere bigarren diskoa argitaratuko du azaroaren bukaeran. Talde billabonatarra sorpresaz beterik dator bigarren lan honetan, eta horietako batzuk jada ezagutzeko aukera izan ditugu. Gauzak honela, kolorez beterik dagoen zortzi abestiez osatutako lan berriaren inguruko xehetasun guztiak kontatu dizkiete ATARIA-ri.

Nondik sortu zitzaizuen proiektu berri batekin martxan jartzeko ideia?

Yeray Gascon: Guk aurretik abesti guztiak sortuak genituen, eta udara aldera horiek grabatzea eta irailean horiek argitaratzea genuen buruan. Baina, konfinamendua etorri eta ezin izan genuen lokalean entseatzeko elkartu. Kantak sortuta zeuden, baina ezin izan genituen entseatu. Beraz, grabatzea erabaki genuen.

Jon Ander Artola: Proiektua alde batera uzten joanez gero, ez genekien zer gertatuko zen; kontzertuak egiteko aukera izango genukeen edo ez. Beraz, Elkar argitaletxearekin hitz egiteko aukera suertatu zitzaigun. Lokalean ezin genuenez entseatu, Elkarrekin akordio batera iritsi ginen eta bi edo hiru egunetarako beraien estudioa utzi ziguten entseatzeko eta abestiei buelta batzuk emateko. Victor Sanchez, gure teknikaria eta ekoizlearekin batera juntatu ginen hirurok eta bi egun oso egon ginen abestiei buelta batzuk ematen eta aldaketa batzuk egiten. Azkenean, oso aukera ona izan zen diskoa une horretan grabatzeko.

Y. G.: Agian, azken forma edo azken izaera hori bai hartu zuela konfinamendu garaian. Hau da, konfinamenduak bultzada bat eman zion proiektu berriari. Baina, seguru, aurretik ere egingo genuela, hau da, era batera edo bestera bigarren disko bat ere aterako genuke.


Lehen diskoaren antzera, zuek ekoitzi duzue lan berria?

JA. A.: Bai, Yerayk letra eta forma, hau da, gitarrarekin egindako melodia etxetik eginda ekartzen du, eta ondoren lokalean batzen gara biok eta bateria sartzen dugu. Azken finean, aurreko diskoarekin sortutako formula berdina erabili dugu. Egia da, oraingo honetan kantak sortzeko garaian kritikoagoak izan garela, lortu nahi genuen soinua eta estiloa zein izango zen erabakita genuelako. Beraz, alde horretatik hauek sortzea gehiago kostatu zaigu. Izan ere, aurreko diskoan abestiak nahigabe sortu ziren, baina honetan buelta gehiago eman dizkiegu eta emaitza askoz borobilagoa izatea lortu dugu.

Beraz, oraingo lanak mimo edo ukitu gehiago jaso dituela esan genezake?

Y. G.: Bai, aurreko diskoaren motxila genuenez, formula edo formatu hori jarraitzen saiatu gara. Izan ere, lan horretan gure estiloa zein zen markatuta utzi genuen eta horrekin pozik gaudenez, orain ezin genuen zerbait desberdina edo berria egin. Beraz, estilo horrekin mantenduz, hori hobetzen saiatu gara.

Victor Sanchez aipatu duzue. Zein garrantzia du disko berri honetan?

JA. A.: Proiektu honetan ere Victor Sanchez, Elkarreko soinu teknikaria sartu da, eta disko honetan izugarrizko pisua du. Bera izan zen disko berri honetako abesti gehienak produzitu dituen pertsona, eta horregatik oso garrantzitsua da Victorren partaidetza disko honetan.

Jon Ander Artola: «Oraingo honetan kantak sortzeko  garaian kritikoagoak izan gara, lortu nahi genuen soinua eta estiloa zein izango zen erabakita  genuelako» 


Y. G.: Diskoaren soinua zehaztu du. Guk gure berezko soinua eduki arren, bera izan da azkeneko forma eman diona eta hori oso garrantzitsua izan da guretzat. Izan ere, gaur egun Habi entzuten da Victorrek azken ukitu hori eman diolako. Gainera, Victor gure laguna ere bada, eta edozein tokira laguntzen gaitu. Oso harreman polita eta berezia sortu dugu elkarrekin, eta Habiko hirugarrena dela esan genezake.

Diskoaren soinuari izugarrizko garrantzia ematen diozue.

J.A. A.: Disko honetan entzun daitekeen soinuarekin askoz gusturago gaude. Egia da prozesua desberdina izan dela, mimo gehiagoko grabazio bat izan da. Beste modu batera egin dugu, eta gainera, Victorrek esan zigun nola egin. Izan ere, berak oso ongi ezagutzen gaitu, badaki zer nahi dugun eta zer ez eta berak definitu du gure soinua. Hori oso garrantzitsua izan da guretzat, eta emaitza izugarria izan da.

Y. G.: Emaitza oso ona lortu dugu. Gainera, diskoak lehen grabatzen ziren moduan grabatu dugu, hau da, zinten bidez eta horiek digitalera pasatuz. Gitarraren bidez, erreanplifikazioa egin dugu eta ondoren soinua bilatu dugu. Horrekin soinu zikinak lortu ditugu eta bere horretan utzi ditugu, ez ditugu kendu. Horrekin argi uzten dugu artisau baten lana dela, eskuz egindako lan bat dela. Oso pozik gaude.

J.A. A.: Gainera, lehen diskoan nik nire bateria eraman nuen eta horrekin grabatu genituen abesti guztiak. Oraingo honetan berriz, bateriarako material gehiago lortu dugu eta abesti bakoitzarentzat tresna desberdinak erabili eta ondo prestatu ditugu.

Disko berriaren parte izango den 'Harri' izeneko abestia aurretik entzuteko aukera izan dugu. Zergatik aukeratu duzue abesti hau?

Y. G.: Aurreko lanarekin gertatu zen, dena grabatu ostean, hauek entzun eta hortik erabaki genuela zein izango zen diskoaren aurrerapen kantua. Saiatu ginen abesti gehigarriena, desberdinena edo erritmo gehiena zuena aukeratzen. Hau da, jendearen arreta deituko zuena, eta hori aurkeztu behar genuenean gu ere horrekin erosoen sentituko ginena aukeratzen saiatu ginen. Oraingo honetan ordea, diskoa grabatu baino lehen, bagenekien abesti hau izango zela lan berri honen singlea. Bateriak erritmo biziak eta izugarrizko presentzia du bertan, ahotsaren melodia oso itsaskorra da eta momentu batzuetan gitarra bakarrik entzun daiteke. Nik uste, bion instrumentuak argi uztartzen direla eta ahotsa ere oso deigarria dela. Kantu honek benetan aurkezten gaitu.

Aurretik diskoaren azala ezagutzeko aukera izan dugu, baita biniloa ere. Biniloek modan jarraitzen al dute?

JA. A.: Lehen diskoa pixka bat inertziaz atera zen. Hala ere, disko bat ateratzea ez da egunero egiten duzun gauza bat. Bigarren honetan, Harri aurrerapen kantua atera genuen uztailean, eta hortik hilabete batera Elkar argitaletxekoak etorri ziren guregana eta beraiekin kolaborazio bat egitea eskaini ziguten. Nolabaiteko koedizio bat sinatu genuen Elkarrekin, eta horren ostean, lan berria biniloan ateratzea planteatu ziguten. Hala ere, guk aurretik bagenuen biniloan ateratzeko ideia. Gaur egun diskoak oso gutxi saltzen dira, baita biniloak ere. Baina, jende asko dago bildumagile moduan biniloei garrantzia edo balore bat ematen diena. Polita dela iruditzen zaigu.

Yeray Gacon: «Oraingoan,  diskoa grabatu baino lehen,  bagenekien ‘Harri’ abestia izango zela ‘single’a» 


Y. G.: Pertsonalki bi gauza daudela uste dut. Alde batetik, gure ametsa disko bat egitea zen eta hori lehenengoarekin lortu genuenez, bigarrengo honetan aurrerapauso bat eman eta binilo bat ateratzea pentsatu genuen. Lehen diskoarekin egia da biok sentsazio bera izan dugula. Alegia, jendeak geroz eta gutxiago entzuten ditu diskoak, egun plataforma guztietan entzun ditzakezulako abestiak. Familiak eta lagunek erosiko dizute, baina taldeari laguntza moduko bat emateagatik soilik, eta ez genuen hori nahi. Uste dut gaur egun biniloak erosten dituenak horiek bilduman jaso eta entzuten dituelako da. Beste kutsu bat ematen dio diskoari.



Biniloa espeziala da.

JA. A.: Ni duela gutxi hasi naiz biniloak entzuten, eta egia da esperientzia erabat desberdina dela. Disko txikia da, biniloa berriz handia. Azala erabat desberdina da, portada handi-handia duelako. Ireki eta barruan letrak dituzu, baita kantuen izenak ere. Biniloa atera eta garbitu egin behar duzu, disko-jogailuan ipini eta abestia aukeratu. Biniloa jartzen duzunean, entzuteko da. Hori da guk nahi duguna, gure diskoa entzuteko baita.

Proiektu berriari 'Koloreak' izena jarri diozue eta horiek diskoaren barruan aurkituko ditugula esan duzue. Nolako kantuekin egingo dugu topo?

Y. G.: Aurretik egin duguna mantendu dugu. Erritmoa eta distortsioa asko sartu, hau da, kantu gogorrak sartu ditugu, baita lasaiak ere. Gorabehera hori orekatu egin dugu. Gogorrak diren kantuak gogorragoak dira orain, eta lasaiak diren kantuak lasaiagoak izango dira. Nire ustez, bateriaren diskoa da, ia-ia. Izan ere, bateria erritmo oso bereziak daude. Hala ere, ahotsaren aldetik oso melodikoa ere izango da. Letra gogorrak ditu. Diskoa grabatu genuenean beste izen bat izan behar zuen. Aurreko lanari Loratu izena jarri genion, lan horren parte zen Loratu izeneko abestia oso lasaia eta goibela zelako, eta bigarrengo honetan ere disko honen parte den kantu lasai baten izena jarri nahi genion. Baina, entsegu egun batean, atsedena hartu eta Victorrek esaldi bat esan zuen diskoaren izenaren inguruan genuen ideia erabat aldatu zigula: «Este disco tiene muchos colores». Gainera, disko honetan ere badago abesti bat Koloreak izena duela. Beraz, biak begiratu eta momentu horretan diskoari izen hori jartzea erabaki genuen. Kanpoko pertsona batek gure kantuak entzun eta bere iritzia emanda sortu genuen izena.

Eta estiloaren aldetik? Zerbait desberdinarekin egingo dugu topo?

JA. A.: Estiloak Habi izaten jarraitzen du. Hala ere, oraingo hau gogorragoa izango da zentzu askotan. Alegia, indarra eta distortsioren aldetik, baina baita letren eta sentimenduen aldetik ere.

Zeintzuk dira bertan jorratzen dituzuen gaiak?


Y. G.: Min?a, desamodioa, heriotza... Barneko ikuspegia eta autokritika asko dago ere. Ez dago gai nagusi bat, kantu bakoitza istorio bat da. Metafora asko sartzen saiatu gara. Adibidez, Harri abestiak ez du ezer zehatzik esaten, baina aldi berean, esanahi asko ditu. Harri hori edo hor dagoen arazo hori behar duzula aurrera egiteko, hau da, zerbait txarra eduki behar duzula zure bizitzan beti aurrera egiteko. Bide horretatik doaz kantu guztiak. Egia da baten bat badela esplizituagoa, hau da, hitz zehatz edo egoeraren deskribapen zehatzagoa egiten du, baina gehienak metaforak edo esanahi hori ezkutuan dute.

JA. A.: Errealitatea islatzen duten abesti batzuk dira eta mezua hortik doa. Kasu honetan, Yeray igaro den egoera batzuen emaitza da, baina nire egoera ere izan daiteke, baita zurea ere edo pertsona askorena. Ez da esplizitua, Yerayk hori abestu eta zuk zure terrenora eraman dezakezu, hau da, bakoitzak esanahi desberdina ematen diogu eta berdin balio du.

Kolaborazioren bat entzuteko aukera izango dugu?

Y. G.: Hasiera batean kolaborazioren bat egiteko asmoa genuen, baina egoera honek ez digu utzi. Hala ere, aurrerago kolaborazioak egiteko aukera ez dugu baztertzen. Sorpresa asko ditugu.

Aurreko diskoaren antzera, honek ere zortzi kantu biltzen ditu. Kasualitatea edo zortzi zenbakiak zerbait berezia esan nahi du zuentzat?

JA. A.: Erabat kasualitatea. Diskoa grabatzera joan ginenean, zortzi kantu soilik geneuzkan. Hasiera batean beste ideia batzuk genituen. Agian, lehenengo hiru edo lau abesti grabatu eta horiek epe motzera single moduan ateratzen joan. Baina, guk normalean bildumak kontsumitzen ditugu, hau da, ez dugu abesti bat entzuten eta abesti horren taldea definitzen. Guri talde horren disko guztia entzutea gustatzen zaigu talde hori gure gustukoa den edo ez jakiteko. Abesti bat atera, eta horrekin soilik taldea definitzen jakitea hotza dela uste dut.

Y. G.: Zuk ondo esan duzun moduan, aurreko diskoa ere zortzi kantu ziren. Horrek ere pixka bat markatzen zaitu. Agian abesti asko edo gutxi izango dira bilduma batean bildu eta horiek fisikoki aurkezteko garaian. Ez da izan ezer pentsatua.

Udaran Villabonan eskaini zenuten kontzertuan disko berriko hainbat abesti entzuteko aukera izan zen. Zer moduzko kritikak jaso zenituzten?

JA. A.: Oso ona. Hilabete dezente egon ginen jo gabe eta gogo handia genuen. Jendea oso pozik zegoen, eta abestiak asko gustatu zitzaizkien. Egia da lehenengo entzunaldian abestiak entzun eta gero ahaztu egiten zaizkizula, ez zara gogoratzen. Baina, oso pozik geratu ginen.

Oraingo honetan, webgune bat ere ireki duzue 'online' dendarekin. Zein da zuen asmoa?

JA. A.: COVID-19aren kontu honekin, ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den eta nola joango den gure etorkizuna; ez dakigu kontzertuak emateko aukera izango dugun, adibidez. Honekin, gure publikoarengana iristeko erreminta bat dela uste dugu. Azken finean, gure proiektua aurrera ateratzeko sostengua behar dugu, eta gure musika zabaldu nahi dugu. Hori dela eta, webgunearen bidez hori gauzatzeko aukera dugu. Gainera, salmentak baldin badaude proiektua pixkanaka forma hartzen joango da eta gauza berrietan inbertitzeko aukera ematen digu. Horrez gain, pre-order bat egitea erabaki dugu, horrek ere joko moduko bat sortu dezakeelako.

Y. G.: Ez dakigu berriro joko dugun. Jendeak internet bidez gure musika entzun, erosi eta edukia kontsumitu dezakeen leku bat izatea kriston aukera da. Gainera, ez dugu kanpotik egingo, hau da, guk ekoiztu eta eramango dugu.

JA. A.: Autoekoiztuta egongo da. Izan ere, biok diseinatzaileak gara eta hori ere garrantzitsua dela uste dugu, guk erabakitzen dugulako gure edukiarekin zer egin nahi dugun.

Disko berria azaroaren bukaeran aterako dela esan duzue. Beraz, disko berria izanik, bira berria. Noiz entzun ahal izango dugu diskoa zuzenean?

JA. A.: Durangoko Azokan joko dugu, abenduaren 5ean. Hala ere, aukera asko ditugu baina ez dago ezer zehaztuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!