Giza eskubideen urraketak jasan dituztenei aitortza egitera bidean

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 10a, 08:00

«Elkarbizitza demokratikoa normalizatzea» helburu, ikerketa bat abiatu du Amasa-Villabonako Udalak, Aranzadiren bidez; herritarren testigantzak bildu nahi dituzte orain.

Azaroaren 10a da gaur, Memoriaren Eguna. Egun horren bueltan, Amasa-Villabonako Udaleko Bizikidetza Batzordeak egiten ari diren ikerketa baten berri eman du: 1960tik gaur egunera arte indarkeria politikoak eragindako giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa bat ari dira egiten, Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez. Orain, ordea, herritarren bizipenetara hurbildu nahi dute, herritarren testigantzak jaso nahi dituzte, eta horretarako, Aranzadik herritarren esku jarri ditu haiengandik informazioa jasotzeko bideak: memoria@aranzadi.eus helbidea eta 943 466 142 telefono zenbakia.

Atzo eman zuten ikerketaren berri Villabonako udaletxean egindako prentsa agerraldian. Udalean dauden alderdi politiko guztiek aho batez onartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa duen ikerketa hori garatzea, eta atzoko agerraldian presente izan ziren Beatriz Unzue alkatea, Xabat Laborde EH Bilduko zinegotzi eta alkateordea, Patxi Agirre EAJko zinegotzia, Maria Luisa Arija PSE-EEko zinegotzia eta Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea.

2016an sortu zen Memoria eta Bizikidetza Batzordea Amasa Villabonako Udalaren baitan, eta azken urteetan, udalak modu adostuan Euskal Herriko gatazka politikoaren baitan terrorismoak, motibazio politikoko indarkeriak eta gehiegikeria polizialek eragindako biktima guztiak aitortu izan dituztela esan zuen Unzue alkateak. Eta orain, herritarren bizipenak jaso nahi dituzte: "Gure herrian izandako giza eskubideen urraketak ezagutu, argitaratu, aitortu eta ahal den neurrian erreparatzea eta herrian elkarbizitza demokratikoa normalizatzea dugu helburu".

Kontakizun "erreal eta integratzailea" sortu nahi dute, Agirreren arabera. Herrian gertatutakoa ezagutzeko, azterketa "mugarria" izan daitekeela uste dute: "Ikerketa honek egiara hurbilduko gaitu eta ondorioz, biktima guztien aitortzan aurrera egiteko urrats garrantzitsua izan da", esan zuen Agirrek.

Giza eskubideak urratu eta sufrimendua jasan dutenei entzuteko unea dela argi azaldu zuen Arijak: "Gure herrian hainbat biktima daude, eta badakigu ez dela ariketa erraza, orain arte beldurragatik edo beste arrazoi batzuengatik bizipenak partekatu nahi izan ez dituzten pertsonak daudelako eta gaia ez delako erosoa". Hala ere, herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte, gertatutakoa jasota geratzeko. "Iragan hurbilaz ari gara eta protagonista gehienak gure gizartearen parte izaten jarraitzen dute", esan zuen zinegotzi sozialistak.

Aranzadiren bidez

Aranzadi Zientzia Elkartea ari da ikerketa lan hori aurrera eramaten. "Herri honetan giza eskubideen urraketak nortzuk sufritu zituzten jakin nahi dugu", esan zuen Buces ikerlariak. "Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea; eta guk egia aurkitzen saiatu nahi dugu, egiarik gabe, ezinezkoa baita justizia eta erreparazioa lortzea", gaineratu zuen.

1960tik aurrera begirako giza urraketak hartuko dituzte kontuan, zehazki, diktadura, trantsizio eta demokrazia garaikoak. Urtebete inguru darama Aranzadik ikerketarekin lanean; tokiko artxiboak, lurralde mailakoak edota estatukoak ikertu dituzte, eta orain, herritarrekin hasi nahi dute, haien laguntza "ezinbestekoa" delako.

Herritarren testigantzak, argazkiak, oroitzapenak jaso nahi dituzte, guztia idatzita utzi ahal izateko, "berandu izan baino lehen". "Orain jasotzen ez dena, etorkizunean ez da existituko", esan zuen Bucesek. Hala nahi bada, jendearen anonimotasuna ere zainduko dutela aipatu zuen. Beraz, posta elektronikora idatzi edota telefonora deitzeko deia zabaldu zuten. Ikerketa lanak bi urte inguruko iraupena izatea aurreikusi dute, beraz, 2021eko urte amaierarako amaituta izan nahi dute.

12:00Eetan, Pizkunde plazan

Tolosan ere izango du lekua Memoriaren Egunak. Gaur eguerdian, 12:00etan, Pizkundeko plazako monolitoan lore sorta jarriko dute talde politikoetako udal ordezkariek, eta jarraian, Memoriaren Egunaren inguruko adierazpena irakurriko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!