Hitanoaren erabilera ikertuko dute Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 4a, 19:58

Bi herritarrek jarri dute martxan ikerketa eta Amasa-Villabonako Udalaren babesa izango dute azterlana gauzatzeko.

Villabonan tokaren eta nokaren erabileraren arteko aldearekin kezkatuta daude Ainara Ansa Irazusta eta Uxoa Elustondo Arzallus billabonatarrak. Hitanoaren erabileran eragiteko asmoz ikerketa bat abiatu dute eta lehenengo fasean errealitatearen diagnostiko bat egingo dute. 14 urtetik gorako amasar eta billabonatarren artean galdetegiak banatuko dituzte ikerketaren oinarri izango diren datuak eskuratzeko. WhatsApp bidez, joan den ostiralean hasi ziren prestatutako galdetegiak zabaltzen.

«Gure hipotesia da hitanoaren egoera ez dagoela oso osasuntsu Villabonan, eta oraindik ere herritar gutxiagok egiten duela noka», aipatu du Elustondok. Inpresio horrekin bat egin du Ansak: «Inguruan bai entzuten ditut gurasoak hika hitz egiten, jendea kalean ere bai, baina ez da behin ere nire parte izan, nik beti zuka egin dut eta orain arte ez dut izan hitanoaren kontzientziarik».

AZPEITIAN EGINDAKOA EREDU

Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak Azpeitiko hitanoaren erabileraren inguruan egin duten ikerketa ispilu bezala erabili dute billabonatarrek azterketa abiatzeko. «Asko lagundu digute, adibidez, galdetegia osatzen. Euren esperientzia oso baliagarria izan zaigu eta eskertzekoa da, musu-truk eman diguten laguntza», esan du Ansak. Azpeitiaren eta Amasa-Villabonaren arteko aldeak nabarmenak dira eta galdetegia hemengo egoerara moldatu nahi izan dute. «Esate baterako, Amasa eta Villabonan errealitateak ezberdinak dira eta ikerketan hori bereizten saiatu gara».

Amasa-Villabonako Udalak ere lagundu du egitasmoa eta Aztiker enpresak gidatuko du prozesua. Ikerketa «fidagarria eta jasangarria» izan dadin gutxieneko lagin bat beharrezkoa da. Elustondo eta Ansa galdetegia ahalik eta gehien zabaltzen saiatuko dira egunotan, eskura dituzten bitartekoak baliatuta. Oria merkatari elkarteak ere bat egin du ekimenarekin eta euren WhatsApp-eko difusio taldean zabalduko dute galdetegia. «Betetzen duten guztien artean sari bat zozkatuko da, merkatari elkarteko dendetan 100 euro gastatu ahal izango ditu irabazleak», aurreratu du Ansak.

Bi-hiru asteko epean jaso nahi lituzkete emaitzak. Gero, Aztikerrek aztertuko ditu jasotako datuak eta ondorioak emango ditu ezagutzera. Elustondoren esanetan, behin errealitatea ezagututa hurrengo pausoak zehazten joango dira: «Pasa dugun galdetegian jendeari galdetzen zaio ea hitanoa bultzatzeak merezi ote duen. Interesa agertzen duten horiekin zer egin daitekeen pentsatuko dugu behin emaitzak ezagututa».

Erlazionatuak

"Hika bultzatzeak merezi al du?"

Tolosaldeko Ataria 2020 urr 30 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!