Marihuana trafikoaren aurkako operazio batean pertsona bat atxilotu dute Villabonan

Ataria 2020ko urriaren 28a

Argazkia: Ertzaintza

Lau pertsona atxilotu dituzte Irunen eta Villabonan eta beste lau Andaluzian. Ertzaintzak, Polizia Nazionalak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak elkarrekin egindako operazioa izan da.

Polizia ikerketa urte hasieran abiatu zen eta urriaren 18an eman zituen lehenengo emaitzak. Marihuana trafikoaz akusatutako taldeko burua eta beste kide bat atxilotu zituzten Irunen, AP-8 autobideko bidesarian, marihuana gainean zeramatela. Egun horretan bertan beste kide bat atxilotu zuten Irunen.

Bere aldetik Polizia Nazionalak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak beste lau lagun atxilotu ditu egunotan Andaluzian, Marbella eta Villaverde del Rio herrietan.

Droga trafikoaz egotzitako talde kriminala laguntzagatik 34 urteko beste pertsona bat atxilotu dute Villabonan. Sustantzia hauen garraioan laguntzea egozten diote eta espetxeratu egin dute.

Atxiloketa guztiak urriaren 18tik 20ra bitartean egin dira eta atxilotutako pertsonak 20eta 60 urte artekoak dira. Baionan ere sare honekin lotura dutelakoan beste bi pertsona atxilotu dituzte. Gainera, poliziak erregistroak egin ditu Irunen, Marbellan eta Villaverde del Rion. Bi marihuana landaketa desegin eta hiru ibilgailu eta bi furgoneta atxiki zituzten, baita itsasontzi eta itsas motor bat ere, Gibraltarretik barrena Marokotik droga garraiatzeko erabiltzen zituztenak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!