Nigerian gehiegikeria polizialarekin amaitzea eskatu dute

Ataria 2020ko urriaren 27a

Divina Nigeriako emakumeen elkarteak deitu du gaurko manifestazioa eta Villabonako Errebote plazatik Zizurkilgo Joxe Arregi plazara bitarteko bidea egin dute.

Gehiegikeria polizialaren aurkako gizarte mugimendua sortu da Nigerian azken hilabete hauetan. EndSars izena hartu du eta Nigeriako indar polizial bati egiten dio erreferentzia, Special Anti-Robbery Squad, SARS. "Indarkeria erabiltzen dute gazteriaren kontra eta jendea hiltzen ari dira. Gure eskubideen alde ahotsa altxa nahi dugu eta behingoz gehiegikeria polizialarekin amaitzea eskatzen diogu Nigeriako gobernuari. Gobernantza berria behar du gure herrialdeak", esan dute Oghogho Nancy Orumwensek eta Marisa Isoken Giani Graglia Divina Nigeriako emakumeen elkarteko kideek.

Nigerian bertan manifestazio jendetsuak egin dira urrian zehar eta #EndSARS traolarekin milioika txio zabaldu dira twitterren. Nazioarte mailan ere Nigeriako herritarrei elkartasuna adierazteko mobilizazioak burutu dira.

Amasa-Villabona eta Zizurkil artean egin dute gaur manifestazioa eta bi herrietako udal ordezkariek ere batu dira protestara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!