Etxebizitza politika aktibo bat garatzeko konpromisoa hartu du udalak

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 26a, 19:59

Amasa-Villabonako Udalak plangintza osatuko du 2021ean, kronograma eta ekintza plan zehatz batekin; Gislan kooperatibak egindako azterlana hartu du oinarri gisa lanketarako

Udal gobernuarentzat etxebizitzaren alorrean udalerrian dauden erronkei heltzea «oso garrantzitsua» da. Beatriz Unzue alkateak «lan ildo estrategiko gisa» definitu du eta etxebizitza politika «aurrerakoi, eraldatzaile eta eraginkorra» osatu eta garatu nahi dutela adierazi du, «gauzak alda daitezen eta etxebizitza duina izatea benetako eskubidea izan dadin». Erronka horiei erantzuteko, Amasa-Villabonako Udalak konpromisoa hartu du 2021ean etxebizitza politika aktibo bat garatzen hasteko. «Helburu eta neurri zehatzak jasoko dituen plangintza bat osatuko dugu, kronograma eta ekintza plan batekin», aurreratu du alkateak.

Amasa-Villabonako Udalak etxebizitza politika «eraginkor» hori diseinatu eta martxan jarri ahal izateko Gislan kooperatibak egindako azterlan bat izango du oinarri: Metabolismo demografikoaren eta etxebizitza parkearen azterketa. Lan honek Amasa-Villabonako adierazle sozio-demografikoak eta etxebizitza parkearen datu base zabala eskaintzen ditu, eta etorkizunerako proiekzioa ere egiten du, aurrera begira udalerrian zein etxebizitza behar egongo den jakiteko.

Gislan kooperatibako Julen Landak azterlanaren ondorio nagusiak eman ditu ezagutzera: «Hurrengo urteetan etxebizitza beharra handitu egingo da Amasa-Villabonan baina udalerriak badu gaitasuna presio hori bereganatzeko. Horretarako beharrezkoa izango da etxebizitza hutsak merkaturatzea eta presio guzti hori herrigunean ez kontzentratzea, ahal bada, hiri barruko eremuari eta landa eremuari balioa emanda».

IDENTIFIKATUTAKO ERRONKAK

Udalak martxan jarri asmo duen etxebizitza politikak zein erronkei erantzun beharko dien zehaztu du Xabat Laborde Hirigintza zinegotziak. Erronketan lehena, gazteak Amasa-Villabonan errotzea da. «Ezin dugu onartu gurean etxebizitza lortzeko zailtasunak izateagatik herriko gazteak beste herri batera joatea», esan du Labordek. Gislaneko ordezkariak nabarmendu duenez, Amasa-Villabonan emantzipatutako gazteak %6ra ere ez dira iristen eta nagusiki herrigunean kontzentratzen dira. Alderantziz, bakarrik bizi diren adineko pertsonak %22 inguru dira eta landa eremuan sakabanatzen dira, nagusiki. «Zaurgarritasun egoera batzuk badaude aintzat hartu behar direnak», esan du Landak.

Azterlanak argitzen duenez, geroz eta presentzia handiagoa dute etxebizitza unitate txikiek, pertsona bakarraz edo bi pertsonez osatutakoek; gaur egun %56a osatzen dute. «Prospektiba egin dugu eta ikusi dugu etorkizunean%7an haziko dela bizikidetza unitateen kopurua, estimazioa eginez, 161 bizikidetza unitate berri. Horrek etxebizitza parkean presio bat eragingo du», adierazi du Gislan kooperatibako kideak. Udalak bizikidetza unitateen gehikuntza horri erantzuteko konpromisoa hartu du eta Labordek azpimarratu du, etxebizitza eskaintza «zabaldu edo moldatu» egin beharko dela.

Hain zuzen, etxebizitza parkearen azterketa egin du kooperatibak eta ondorioztatu du etxebizitzak aproposak direla etxebizitza unitate txikiak hartzeko, «ez direlako oso azalera handikoak». Etxeen antzinatasunagatik irisgarritasuna bezalako faktoreak berrikusi egin beharko direla ohartarazi dute azterlanaren egileek.

Gislan kooperatibak 15 urtera egin du prospektiba. Joera naturalak eta migrazioarenak ikusita, ez da aurreikusten Amasa-Villabonan biztanle kopurua asko haziko denik -gaur egun, erroldaren arabera, 5.910 biztanle ditu udalerriak-. Landak nabarmendu du urte gutxitan populazioa asko zahartuko dela, eta ondorioz, etxebizitza hutsen kopuruak ere gora egingo duela. «Azterketa eginda, gaur egun etxebizitza hutsen kopurua %9,9koa da, gutxi gora behera, 260 etxebizitza. Tasa hau oraindik ere handiagoa da landa eremuan eta prospektibaren arabera, handitzen joango da hurrengo urteetan. Dena den, herrigunean ere badaude etxebizitza hutsak, oso zaharrak izan gabe, merkaturatu ez direnak».

Etxebizitza hutsei dagokionez, Labordek onartu du orain arte udaletik hartutako neurriek ez dutela emaitza positiborik eman: «Etxebizitza hutsei zergetan errekargua ezartzearen neurriak adibidez, ez ditu nahi genituzkeen emaitzak eman». Beraz, aurreikusitako etxebizitza politika berriarekin, hutsik dauden etxeak erabilgarri egon eta jendez bete daitezen eragingo du Amasa-Villabonako Udalak.

Alokairuaren gaiari ere erreparatu diote. Laborderen esanetan alokairuen eskaintza «apala» eta ordaindu beharreko prezioa «altuegia» izatea arazo orokorra da Euskal Herri osoan. «Beste erakunde edo administrazio publikoek ez badute arautzen, udaletik egin beharko dugu ahalegina. Alokairu gehiago eta merkeagoak izatea ezinbestekoa da».

Alkateak esandakoaren arabera, «urrats garrantzitsua» eman du Amasa-Villabonako Udalak azterlan honen bitartez: «Etxebizitzaren problematikari heldu eta udalak etxebizitza politika eraginkor bat diseinatu eta martxan jarriko baitu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!