«Aniztasunaz, sexualitateaz edota generoaz hausnartu dezaten zirikatuko ditugu»

Irati Saizar Artola 2020ko urr. 23a, 07:58

'Urpekakariak' bertso antzerki ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da bihar, 17:00etan, Gurea antzokian (hasiera batean Amasako pilotalekuan egitekoa bazen ere, azkenean Villabonako Gurea antzokian izango da); ikuskizunerako ez da sarrerarik ez gonbidapenik behar. Aissa Intxausti artistak ikuskizunaren nondik norakoei buruz hitz egin du ATARIArekin.

Igerilekura salto egingo duten bi lagun dira Galtzerdi eta Leotardo. Aissa Etxeberria eta Eneko Arratek antzezten dituzte pertsonaia horiek eta haurrentzat prestatutako ikuskizuna da, bereziki, sei eta hamaika urte bitartekoentzat egindakoa. Gidoia idatzi dutenak Ane Labaka eta Miren Amuriza dira, beraz, bertsoak ere izango du lekua ordubete inguru irauten duen ikuskizunean.

Urpekariak ordez, 'urpekakariak' zarete.

Bi haur urpekari gara, bai. Bietako bat nahastu egiten da eta urpekariak esan beharrean, urpekakariak esaten du. Hortik datorkigu izena.


Zer istorio kontatzen duzue ikuskizunean?

Leotardo eta Galtzerdi deitzen diren bi haur gara eta igerileku batera goaz. Bertan, soroslearekin ika-mika batzuk izaten ditugu eta gure helburua igerilekuko tapoia kendu eta igerilekua hustea izango da. Bide horretan, gai ezberdinak lantzen ditugu: generoa aipatzen da, gaitasun ezberdinak, ingurumenarekiko kontzientzia... guzti hori umore ikuspuntutik eta haurrentzat bideratuta.

Igerileku batera sartuko zarete. Baina urik izango al du agertokiak?

Urik ez dugu izango, ez. Azpian panel urdin bat daukagu, baina, momentuz, eta neguan behintzat, urik gabe egingo dugu.

Bihurrikeria bat egingo duzue antzezlanean. Bihurrikeria horiek dira haurrei gehien gustatzen zaizkienak?

Nik uste, haurrek barre gehien egiten duten momentua izaten dela bihurrikeriarena. Guk ere oholtzan barre egiten dugunean, negarra egiten dugunean eta bihurrikeriatxoak egiten ditugunean lehertzen dira gehien barrez.

«Antzezlanean azaleratzen ditugun gai horiek gizartean etengabe daude, baina ez guk nahi ditugun bezala»


Behin urperatzen zaretenean, beste gorputz batzuekin egingo duzue topo. Hausnarketara bultzatuko dituzue haurrak?

Igerilekuan denon gorputzak oso bistan egoten dira, eta hor sartzen dira konplexuak eta beste hainbat kontu. Aldageletatik hasita daude bereizketak. Horiek aipatuko ditugu, baina, betiere haurrei bideratuta. Ikuskizuna sei urtetik hamaika urte bitartekoentzat dago prestatuta berez, baina gazteagoak edota helduagoak joanez gero moldatu egin ohi dugu. Orokorrean gai horiek lantzen saiatzen gara, baina beti umore ikuspuntutik.

Aipatu duzu aldageletatik hasita daudela genero bereizketak. Hortik hasiko zarete?

Igerilekura sartzeko aldagelekin egiten dugu topo. Hor bertan, neskentzako aldagelak eta mutilentzako aldagelak ikusiko ditugu. Eta hor hasiko dugu lehen hausnarketa.


Helburua haurrak hausnarketara bideratzea da?

Bai, modu sotil eta umoretsuan, ikuslerik txikienak beren gorputzei begira jarri eta aniztasunaz, sexualitateaz edota genero rolez hausnartu dezaten zirikatzen saiatuko gara. Haurren parte hartzeak berebiziko garrantzia izango du ikuskizunean. Oso hurbileko ikuskizuna da, beraiek ere ikuskizunaren parte sentitzea nahi izaten dugu, hausnarketara egokiago bideratzeko. Orain, COVID-19a dela-eta, pixka bat moldatu egin behar izan dugu antzezlana, hurbiltasun hori beste modu batera eduki ahal izateko, baina aldaketa batzuk tarteko, nik uste lortu dugula nahi genuena.

 

«Gure arteko elkarrizketak tarteka bertsoak kantatuz egiten ditugu; eta kopla batzuk abestuz amaitzen dugu»


Ane Labaka eta Miren Amuriza dira gidoilariak. Helburu jakin batekin idatzi dute haiek ere, beraz.

Helburua zehatza da, gaztetxoei begirakoa. Genero rolak lantzeaz gain, gorputz ezberdinak ere ukituko ditugu: aniztasun funtzionala dutenak esaterako, eta baita helduak eta gazteak ere. Beraiek idatzi zuten gidoia hasiera batean, Enekok [Arrate] eta biok jaso genuen ondoren, eta moldaketa batzuk egin genizkion antzezten ari ginen bitartean ikusten genituen hobekuntzekin.

Garrantzitsua da horrelako mezuak dituen produktuak eskaintzea haurrentzat?

Nik uste dut berebiziko garrantzia duela. Guk antzezlanean azaleratzen ditugun gai horiek gizartean etengabe daude, baina ez guk nahi dugun ikuspuntutik. Esaterako, haurrek oso barneratuta dute aldagela bat mutilentzako dela eta bestea neskentzako dela; hori normala dela uste dute, eta ez dute zalantzan jartzen normalean.

Azken batean, haurrek ikusten dutena ikasten dute. Zerbait ikasita aterako dira zuen antzezlanetik?

Asmoa hori da; ea gure aletxoa jartzerik badugun.

Zirikatzaileak zarete antzezlanean zehar?

Haurrekin hartu-emana izan eta haiekin sartzen gara eta batzuetan gurasoekin ere bai. Agian, gurasoekin gehiago; adarra jotzen diegu.

Guraso zein helduentzat ere aproposa izan daiteke zuen proiektua?

Haurrekin joaten diren gurasoek ere oso ondo pasatzen dute, bai.

Bertsoak ere badu lekua antzezlanean. Nola lantzen duzue?

Gure arteko elkarrizketak tarteka bertsoak kantatuz egiten ditugu. Lauzpabost doinu ezberdin ditugu eta elkarrizketen tarteetan koplak abesten ditugu. Amaieran, haurrekin errima batzuk lantzen ditugu eta beraiek erabakitako errimekin kopla batzuk abesten ditugu ikuskizunari amaiera emate aldera.

Herriz herri zabiltzate ikuskizunarekin?

Iazko neguan hasi ginen proiektu honekin. Emanaldi batzuk egin genituen eta guztia bezala martxoan gelditu egin behar izan dugu, baina udan herri batzuetan ibili gara eta asmo horretan jarraituko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!