Aldatzeko ordua

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2020ko urr. 24a, 07:58

Bihar egin beharko dugu urteko bigarren ordu aldaketa. 3:00ak jotzean, 2:00etara atzeratu behar da ordularia (adi: lehen aldian soilik, betirako bukle batean geratu nahi ez baduzu). Bizitzari ordubete irabazten diogun sentipen faltsua uzten digu horrek, legezko zen garaian «ordubete gehiago parrandarako» esango genuen (eta esango ahal dugu berriz, noizbait!) edo ordubete gehiago lotarako. Ordularia hackeatu bagenu bezala sentitzen gara, iluntzeak arratsalde erdian harrapatzen gaituen arte.

Ordua ez baita jendarteak adostutako parametro arbitrario bat baino. Gure neurtzeko premiak, naturaz beste antolatzeko premiak eragindako denbora unitate bat da. Diotenez, burdinbideak ekarri zuen denbora estandarizatzeko beharra. Geroztik, gure bizitza orduka, minutuka, segundoka zatitzen dugu eta ahaztu egiten zaigu izan zitekeela bestela ere. Esaterako, eguzkiaren ordutegiari jarraika erromatarrek sortutako lehen ordulariek, neguko solstizioan 44 minutuko orduak zituzten eta udakoan 75 minutukoak; horri esker, eguzkiari egokitzen zitzaizkion gure neurriak.

Gure bio-erlojuari bizkar emanda, zenbat urte betetzera iritsi garen kontatzen dugu bizitzan, ez zenbat bizitzaz bete ditugun urteak


Orain ez ote gabiltzan eguzkia gure neurrietan sartu nahian… Energia aurrezteko asmoz sortu zen ordu aldaketak hau izan dezake azken urtea: 2021ean finko uzteko ideia dabil aspaldian. Baina udako edo neguko ordutegian utzi? Gure bizimoldea naturaz beste antolatu dugun honetan, udako ordutegia komeni zaigu, bulego grisetik irtetean oraindik eguzki argi apur bat harrapatzeko. Nekazaritza logikak aldiz, eguzkiaren arabera antolatzen denak, negukoa eskatuko luke. Erabaki arbitrarioak politikoki hartzen dira.

Gainera, Espainiar Estatua ez dago eguzkiaren arabera dagokion ordu-eremuan. Francok 1940an Alemaniaren ordutegira aldatzea hautatu ez balu, Euskal Herrian bi ordu-eremu desberdin izango genituzke. Hain finkoa dirudien egitura une bakoitzeko kapritxoen arabera eraiki dela jakiteak laguntzen du apur bat malgutzen, gure egunerokoa ordutegi-taula zurrunen bidez antolatua ez bagenu.

Erlojupeko lasterketa bihurtu dugun egunerokoan, bihar, ordubete gehiago izango dugu, 60 minutu, 3.600 segundo. Orduak kontatzen dakigunetik, ordea, denbora galtzen dugu. Gure bio-erlojuari bizkar emanda, zenbat urte betetzera iritsi garen kontatzen dugu bizitzan, ez zenbat bizitzaz bete ditugun urteak. Pentsatu al duzu irabazitako ordu hori nola galdu? Ez utzi biharko etzi egin dezakezunik. Ordulari galdua atzeman daiteke, ordu galdua, aldiz ez. Baina denbora erlatiboa da, eta nik ordu hori ohartzeke pasa dakizun opa dizut. Total, Gorka Urbizuren poligrafoa hartuta, beti izango dugu aurretik iragana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!