Mugak gurutzatzen dituzten emakumeez aritu dira Villabonan

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 22a, 08:59

CEAR-Euskadik 'Sei metroko hesia saltatu nahi izan zuen emakumea' liburua aurkeztu zuen atzo Subijana etxean; Bost emakume migratzaileren testigantza jaso dute

Saharaz azpiko Afrikako emakumeek bizi duten indarkeria ikusarazteko helburuarekin CEAR-Euskadik egindako ikerketa batean dago oinarrituta Sei metroko hesia saltatu nahi izan zuen emakumea liburua. Errefuxiatuen eskubideen alde lanean diharduen erakundeko Intzidentzia eta Parte Hartze Sozialerako teknikaria da Beatriz de Lucas: «Trantsituan dauden emakumeengan jarri genuen arreta ikerketan, iruditzen zitzaigulako mugako gune horietan gertatzen denaz kontakizun oso maskulinizatuak ematen direla eta ia ez dugula jakiten emakumeekin zer gertatzen den».

Atzo Villabonako Subijana etxean liburua aurkezten izan zen De Lucas, CEAR-Euskadiko Ane Garairekin batera. Telematikoki parte hartu zuen egileak, Amanda Andradesek. Liburuaren euskarazko itzulpena Irene Aldasorok egin du eta irudiak Amelia Celaya ilustratzaileak egin ditu. Euskaraz edo gaztelaniaz eskuratu daiteke liburua www.cear-euskadi.org webgunean.

Aipatutako ikerketan parte hartu du Andradesek eta libururako bost emakumeren testigantzak jaso ditu. De Lucasen hitzetan, elkarrizketa «sakonak» dira emakume migratzaile hauei egin zaizkienak. Bostetik lau, gainera, Euskal Herrian bizi dira gaur egun. «Euren jatorrizko herrialdeetan zein egoera bizi duten ezagutarazi nahi genuen, zergatik atera behar izan duten bertatik; Gero, bidea nola egin duten ere erakutsi nahi genuen, zein estrategia jarri behar izan dituzten martxan bizirauteko, zein biolentzia mota topatu dituzten bidean; Amaitzeko, muga zeharkatzerakoan emakume hauek hemen zein bizimodu daramaten jakitea ere interesgarria iruditzen zitzaigun», esan du De Lucasek.

CEAR-Euskadiko kideen hitzetan, mugako toki horietako bat da Maroko, «itxarongela» moduko bat. «Pertsona migratzaileekin beti erabili izan du politika errepresiboa. Baina orain indarkeria areagotu egin da. Argi dago, politika hori Marokok exekutatu baina Europako herrialdeek finantzatzen dutela. Subkontratatuta daukate herrialde hori, migrazioaren kontrola egin dezan».

De Lucasen ustez, emakume hauek bidean topatu behar izan dituzten esplotazio sare asko migrazio politika horren ondorio zuzena dira. «Emakume hauei ezinezkoa zaie muga modu legal eta seguruan zeharkatzea, eta beraz, ezin dute bidea autonomiaz egin». Askotariko biolentzia zeharkatzen dute mugak gurutzatzen dituzten emakumeen bizitzak. Marie, Amina, Yanelle, Aya eta Joyrenak bildu dituzte liburuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!