Amasako Mendi Duatloia bertan behera geratu da

Imanol Garcia Landa 2020ko urriaren 21a

Eneko Gurrutxaga, iazko Amasako Mendi Duatloian.

Larunbat honetan jokatzekoa zen Amasako Mendi Duatloia, baina azkenean bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Antolatzaile lanetan aritzen den Eneko Gurrutxagak azaldu duenez, «beldurrez geunden horrelako zerbait gertatu ahal izango zela. Pertsonalki egoera beranduago okertuko zela pentsatzen nuen, baina nahiko azkar etorri da, eta badaezpada ere erabaki dugu bertan behera uztea».

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bihartik aurrera ezarri nahi dituen neurri berrien arabera, federatu gabe dauden kirolarien lehiaketak ezingo dira egin, eta ezaugarri hori du Amasako Mendi Duatloiak.

Mendi duatloiak batez ere kirolari herrikoientzat pentsatutako probak dira, eta ez dago zertan federatuta egon behar. «Arau berri hori ateratzen den unetik aurrera, ezingo dugu proba egin», zehaztu du Gurrutxagak. «Antolaketa lanak egiten jarraitu ostegunera edo ostiralera arte eta bat-batean ezerezean geratzea ez zen plana, eta egoerak ere ez du uzten, beraz, hori dena kontuan hartuta hartu dugu erabakia». Orain arte lau mendi duatloi egin dira, eta Amasakoa egitear zegoela bertan behera uztea penaz hartutako erabakia izan dela gaineratu du Gurrutxagak.

Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituaren barruan, Adunakoa litzateke hurrengoa, azaroaren 7an, azkena izango litzatekeena. «Adunako antolatzaileekin ez dut hitz egin, baina araua martxan jartzean, ez dut uste bi aste barru kenduko dutenik. Tamalez, beraiek ere gure egoera antzekoan izango dira», esan du Gurrutxagak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!