«Oso esperientzia berezia eta polita izan da filmean parte hartzea»

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 21a, 19:59

Garazi Urkola billabonatarrak Donostiako Nazioarteko 68. Zinemaldiaren sail ofizialean aurkeztu duten 'Akelarre' filmean parte hartu du; Bilboko Dantzertin ikasten ari den gazteak lehen esperientzia izan du zinema munduan

Musika, dantza eta antzerki mundua txikitatik ezagutzen ditu Garazi Urkolak (Amasa-Villabona, 1998). Bilbon Dantzertin egiten ditu ikasketak eta handik erantzun die TOLOSALDEKO ATARIA-k egindako galderei.

Gaztetatik izan duzu taula gainerako joera?

Bai, Loatzo musika eskolan hasi nintzen eta 18 urte bete arte klarinetea jotzen nuen. Antzerkia bost edo sei urterekin ezagutu nuen, eskolan bazkalorduan tailer bat ematen zigun Idoia Sanchezek eta hori izan zen nire lehen hartu-emana. Gero, 13-14 urterekin eskolan aukerako ikasgai bezala geneukan antzerkia eta hortik Andoaingo Katramila taldera pasa nintzen. Hil eta bizi obran parte hartu nuen, adibidez, eta oso gustura ibili nintzen. Hala ere, ordura arte ikasketak beste bide batetik egin nituen, batxilergo teknologikoa ikasten ari bainintzen. Gero, ordea, aukera egin behar izan nuen garaian erabat argi eduki nuen: nik interpretazio mundura jo nahi nuen.

Zein ikasketa burutzen ari zara une honetan?

Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Dantzerti eskolan nabil. Eskola berria da, bi promozio baino ez dira atera. Bigarrenean sartu nintzen ni eta beranduxeago amaituko dut, ikasturte bat bitan zatitu behar izan nuelako filma grabatu ahal izateko. Nahikoa ikasketa osatuak dira. Lana gogor egin behar izaten da, exijentzia maila handia baitago. Alor asko ukitzen ditugu, dantza, interpretazioa, musika, ahotsa, dikzioa eta teorikoki ere arte eszenikoen historia, dramaturgia eta literatura aztertzen ditugu. Hartutako erabakiarekin gustura nago.

Nola sortu zitzaizun filmean parte hartzeko aukera?

Egia esan, nik aurretik antzerki mundua ezagutzen nuen. Zinema ez zitzaidan arrotz egiten, baina inoiz probatu gabea nintzen. 2018ko uda bukaeran casting baterako deialdi bat jaso nuen sare sozialetatik. Filmaren zuzendariak era guztietako jendea ezagutu nahi zuen, ez bakarrik zine mundukoa. Barruan zerbaitek esaten zidan baietz, joateko probatzera. Izena eman nuen, lehenengo proba egin eta bi astetara berriro hots egin zidaten bigarren baterako. Segidan esan zidaten zuzendariak ezagutu nahi ninduela eta barruan nengoela.

Inoiz casting batera aurkeztu al zinen?

Zine mailan aurrenekoa nuen. Casting hauek modu itxi batean egiten dira normalean, baina kasu honetan zabala zen deialdia. 800 neska pasa ziren proba horietatik eta bost bakarrik aukeratu gintuzten. Sei gara filmean ateratzen garenak, baina protagonistaren rola egiten duen neska lehenagotik zegoen aukeratua, bide itxiago batetik.

Katalinen papera jokatzen duzu pelikulan. Nor da Katalin?

Denetan gazteena da eta beste bost gazteekin ibiltzen hasi berria. Berez familia onekoa da eta beste neska hauek ezagutu eta berehala atxilotu eta sorgin izateaz akusatuko dute. Ezjakintasun erabatekoz bizi du gertatzen ari zaiona, inozentziaz. Ezustean harrapatzen du atxiloketak.

Aurretik ezaguna al zenuen sorgin ehizen historia?

Entzutera banuen, nahiko presente izan dut betidanik, baino gehiago sakontzeko aukera izan dut orain. 1609. urtean dago girotua istorioa, euskal kostaldeko herri batean. Pelikula egiazko gertakizunetan dago oinarrituta.

Nola izan zen pelikularen prestaketa?

2018ko azaro hasieran jakin nuen hautatu nindutela. Berehala hasi ginen dantza eta abestiak sortu eta entseatzen. Bagenekien zeren ingurukoa izango zen filma, baina bide horretan gidoi bertsio ezberdinak jaso genituen. Pertsonaia eraikitzen joan ginen pixkanaka.

Noiz eta non egin zenituzten grabazio lanak?

2019ko maiatzean hasi genituen grabazioak. Filmatzeko egutegia zazpi astekoa zen eta ekaina amaieran, sanjoanetarako amaitu genuen. 100 ordu grabatu ziren, nahiz eta gero filma ordu eta erdikoa izan. Egunero 11 orduko lanaldiak izaten genituen. Lagan, Saran, Lesakan, Urbasan eta Itziarren egon ginen grabatzen. Oso paraje politak dira.

Zer moduzko harremana izan zenuen lan taldearekin?

Askotan nahiz eta pantailan ez den atzematen jende askok hartzen du parte grabazioetan. Zuzendari taldea dago, produkzio taldea, jantzitegikoa, makilatzaileak, ile apaintzaileak... Pertsona guzti horien lana oso garrantzitsua da. Pablo Aguero argentinarra da zuzendaria eta berekin ere oso tratu ona izan genuen.

Behin pantaila handian ikusita, zein balorazio egiten duzu?

Oso esperientzia berezia eta polita izan da niretzako filmarena. Ez nintzen behin ere ibili horrelako lan talde zabalarekin. Niretzat dena berria zen. Eta ez niretzat bakarrik; Amaia ez beste bost neskentzako lehen aldia zen film batean parte hartzen genuela, beraz, elkar asko babestu genuen. Talde giro polita sortu zen. Pixkana joan ginen egoerara moldatzen.

Donostiako 68. Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zen filma. Zer moduzko esperientzia izan da Zinemaldiarena?

Oso interesgarria. Egia da COVID-19agatik aurtengoa arraro joan dela, baina guretzat lehen aldia izan denez, ez geneukan alderatzekorik. Esperientzia berezia izan da, oso bizipen polita. Pelikularen sei pase eman zituzten, baina gu estreinaldian bakarrik izan ginen. Alfonbra gorria ere zapaldu genuen, gure urduritasun eta guzti.

Villabonako Gurea aretoan ere eskaini dute filma.

Asteburu batean egon zen ikusgai pelikula eta igandeko saioan solasalditxo bat izan nuen gerturatu ziren herritarrekin. Oso gustura aritu nintzen, harrera ona egin zioten filmari eta asko eskertzen da zure herrian pelikulari hain harrera goxoa egitea. Uste dut filmak beste ikuspuntu bat ematen duela, orain arte erakutsi ez dena, eta pentsatzen dut horregatik izan duela harrera ona, nahikoa gerturatzen delako gertatu zen horretara.

Aurrera begira zein asmo dituzu interpretazio munduan?

Orain ikasketekin ari naiz, aurten bukatzen ditut. Momentuz eskuartean ez dut beste proiekturik baina nire asmoa mundu honetan jarraitzea da. Ikasten jarraitu nahi nuke eta beste esperientzia batzuk bizi nahi nituzke. Ez dira garairik onenak, baina ikusiko dugu zein bide hartzen duen guztiak. Ea nola ematen dion buelta kulturak egoera guzti honi. Oraingoz Akelarre pelikularena bizitzea tokatu zaigu eta pozik egoteko moduan gaude, ez dakigu berriz horrelako aukerarik sortuko zaigun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!