«Hirugarrenez nazioarte mailan aritzea handia da»

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 15a, 11:58

Iraitz Arrospide lasterkari billabonatarrak Maratoi Erdiko Munduko Txapelketan parte hartuko du larunbatean, Gdynian (Polonia).

Nolatan hartuko duzu parte txapelketan?

Txapelketan parte hartu ahal izateko gutxieneko denbora lortua nuen. Taldean bost lasterkarirentzat lekua zegoen, eta hasieran erreserba moduan banengoen ere, azkenean, beste taldekide batek ezingo duenez, parte hartzeko aukera izango dut.

Zer suposatzen du zuretzat aukera honek?

Helburu handi bat zen niretzat. azken bi urteetan nazioarteko txapelketetan lehiatzea lortu dut, 2018an Europako Maratoi Txapelketan, 2019an Munduko 50 kilometroko Distantzia Luzeko Txapelketan, eta hirugarren urtez nazioarte mailan lehiatzea sekulakoa da. Urte osoko lanak bere etekina eman du.

Zer asmorekin joango zara Poloniara?

Lan on bat egitea da nire helburua. Nire denbora hobetzen saiatuko naiz, eta horrek taldeari laguntza emango dio.

Une honetan zein da maratoi erdian zure marka ?

Ordubete bi minutu eta 56 segundo.

Urte ezohikoa dela kontuan hartuta, hori hobetu dezakezula uste al duzu?

Hobetzeko aukera dagoela ikusten dut, nahiz eta duela hilabete maratoi erdi bat egin eta ez atera uste bezain ondo.

Valentziako maratoia zenuen helburu nagusietako bat.

Urteko helburu nagusia zen, datorren urteko olinpiar jokoetarako garrantzia duelako. Maratoirako entrenatzen ari naiz, eta maratoi erdia beste distantzia bat izan arren, prestaketan sar daitekeen distantzia da.

Olinpiar jokoak nola ikusten dituzu?

Datorren urtera begira, badirudi neurriak hartuz jokoak egitea posible izango dela. Niretzat aukera bikaina izan da larunbatekoa, eta urteko azken helburuan, Valentziakoan urteko emaitzarik onena lortzen saiatuko naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!