"Gizonei zaintzarako egin dei... mila esker borrokatzen duten emakumeei"

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 15a, 19:59

Lurgatz talde feministak gonbidatuta 'Emakumea*, espetxea, zaintza' mahai inguruan parte hartu zuten asteazkenean Nekane Txapartegi iheslari politikoak eta Maite Aranalde, Katia Reimberg eta Maite Ortiz preso ohiek.

COVID-19ak baldintzatu zuen Villabonako Subijana etxean Esti Amenabarrok asteazkenean gidatu zuen mahai ingurua. Jende askok geratu behar izan zuen kanpoan aforoa mugatua zelako. Nekane Txapartegi iheslari asteasuarrak testuinguru horri egin nahi izan zion erreferentzia, Suitzatik bideo konferentziaz: "Konfinamendu eta salbuespen egoera batean gaude orain, baina nire bizitza horrelakoa izan da beti. Jende askori tokatu zaio orain, tamalez, etxeko bat galdu eta despeditu ezin izana. Horrelakoak eguneroko ogia izan dira preso, iheslari eta migranteontzat. Espero dut batzuen begiak irekitzeko balio izatea honek guztiak".

Presoekin ez ahazteko deia egin eta gaia eskakizun konstante bat izan behar duela gogorarazi zien arduradun politikoei Maite Ortizek mahai inguruan. Lurgatz talde feministako kidea da billabonatarra eta 1987an Carabanchelen eduki zuten preso. Artean senarra ihesean, alaba eta semea amonarekin utzi behar izan zituen. "Oso gogorra izan zen". Gerora, emazte eta ama bezala ezagutu behar izan du espetxea, senarrak 15 urte eman baitzituen preso eta semeak 18 urte luze daramatzalako kartzelan. Barruan zaindua izatetik, kanpoan zaintzaile izatera pasa zen Ortiz, horregatik iruditzen zaio garrantzitsua presoei elkartasuna adieraztea, besterik ez bada, haiei gutunak idatzita. "Babes hori asko eskertzen du barruan dagoenak".

Preso bati gutun bat idaztea, "akzio sinple" bat bezala definitu zuen Katia Reimbergek, baina aldi berean barruan dagoenarentzat espetxeko bakardadeari aurre egiteko tresna eraginkor gisa. Maite Aranalde ibartarrak ere preso egon zen bitartean bera zaindu izan zutenak izan zituen gogoan, "batez ere ama, eta inguruko emakumeak". Atzean, hala ere, sumatzen zuen herri oso baten babesa eta sare hori gabe kartzela barruan aurrera egitea "ia ezinezkoa" dela esan zuen. "Zaintza gabe, nekez biziraun daiteke barruan, zaintza gabe ez dago bizitzarik". Preso daudenen artean harilkatzen diren harremanak ere gogoan izan zituen Aranaldek.

Ingurune gertukorik gabe bete behar izan zuen kartzelaldia Reimbergek, bakarrik, migrante gisa eta egindako delituaren estigma gainean zuela. Martutenen eduki zuten preso eta espetxe barruan bizirauteko lan egin behar izan zuen, lokutorioak eta bisean biseko gelak garbitzen: "Nik bisitarik ez nuen jasotzen eta bisitetako tokiak garbitzen egiten nuen lan. Min gehien pilatzen zaizun tokian ematen dizute gogorren", esan zuen hunkituta.

Kanpotik babes sarea ez duenak dirua behar izaten du espetxe barruan oinarrizko beharrak asetzeko, "xanpua edo konpresak erosteko, adibidez". Amorrazioz kontatu zuen Reimbergek nola eskaintzen dion espetxe sistemak lana preso dagoenari, sistema bera iraunarazten lagundu dezan. "Emakumeok, gainera, sekula ez ditugu lan produktiboak egiten, erreproduktiboak baizik. Guk kartzela barruan beti sukaldeko lanak, garbiketakoak, eta oro har, zaintzarekin zerikusia dutenak egin behar izaten ditugu". Espetxeak, zentzu horretan, gizonezkoen neurrira eginda daudela nabarmendu zuen: "Gizonezkoen eroso mugitzen dira barruan eta ikusi besterik ez dago nola ateratzen diren kartzelatik, indartuta; gu, berriz, porru eginda".

Kartzela zentzaleku

Espetxean dauden emakume guztiak dira "preso politiko", Reimbergen ustetan. Gogoeta horretan sakondu zuen Txapartegik eta espetxeek egiten duten lan "zentzatzailea" azpimarratu zuen. "Otzan eta esaneko nahi gaituzte, etxeko andre zintzo izan gaitezen. Zigortu egiten dute gure errebeldia. Sistema kapitalista, neoliberal, patriarkal eta arrazista honetan kabitzen ez garenak gauzkate preso".

2016an Suitzan atxilotu eta espetxeratu zutenean subjektu politiko gisa borrokatzea erabaki zuen Txapartegik. Egunean 23 ordu eman behar izaten zituen ziegan isolatuta, "familiarengandik aparte, alabarengandik bananduta... berriz zigortzen nindutela sentitu nuen, torturen zauria berriro irekita, zapaldua emakume gisa, migrante eta militante gisa". Angela Davis gogoan hartuta, intersekzionalitatea aipatu zuen asteasuarrak, "zapalkuntza guztiei aldi berean egin nahi diet aurre eta horretarako borrokatzen dut".

Aurrera begira jarrita, Aranaldek kartzelarik gabeko Euskal Herri burujabea irudikatu nahi izan zuen eta bat etorri ziren berarekin gainerako hizlari guztiak ere. "Kartzelak pertsona suntsitzeko baino ez du balio eta emakumeon kasuan zigor hirukoitza jasaten dugu, politikoa edo soziala, pertsonala edo sexuala eta penala", esan zuen Amenabarrok.

Reimbergek, generoaz harago, kartzelak "desagerrarazi" beharraz hitz egin zuen: "Espetxeak gizartearen isla baino ez dira eta beste gizarte bat asmatu behar dugu, iruditeria aldatu behar dugu biziraun nahi badugu. Planeta bera eta pertsonak suntsitzen dituen gizarte baten bizi gara, bizizida den gizarte batean, eta feminismoa da daukagun salbamendu bakarra". 

Estitxu Eizagirrek eman zion errematea Lurgatz talde feministak antolatutako ekitaldiari. Sei bertso prestatu zituen eta elkarrekin kantatu zituzten bertaratutako emakumeek. Errepikan, aldarria eta aitortza nahastuta: "Gizonei zaintzarako egin dei... Mila esker borrokatzen duten emakumeei".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!